Identitateak larru-arras

Ilea larru-arras eramateko hautua egin dutenek berresten dute ezen, erosoa izateaz gain, arautik aldentzeko aukera dela. Haien nortasunaren parte da, eta nahi dutelako egin dutela adierazi dute.

Pau. B. Sadaba ilea larru-arras moztua, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2022ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Bizitzan behin bada ere ilea-larru arras moztu behar dela esaten dute hautu hori egin dutenek. Ilea mozteko makina hartu, eta buruan dardara sentitu behar dela. Arrazoi asko egon daitezke ilea larru-arras eramateko; horien artean, nahi izatea. Hautu hori zalantzan jartzen dela salatzen dute batzuek. Baina identitateak eraikitzeko eta deseraikitzeko bidea ere bada batzuentzat. Ilea larru-arras eramatea «autodefentsa» dela ere esan dute moztea hautatu dutenek.

Batez ere ile motza eraman du Pau B. Sadabak (Lizarra, Nafarroa, 1998), eta duela lau urte ilea larru-arras moztu zuen. Nahi zuelako moztu zuen, baina ez dauka argi gerora zergatik mantendu duen motza. Supermerkatuan lan egiten zuenean andre askok «mutil» deitzen zioten: «Garai hartan ez-binario gisa armairutik atera gabe nengoen, baina gustuko nuen hori esatea; ez dakit gerora mozten jarraitu dudan nahiagatik edo horregatik ere».

Urteak daramatza ile motzarekin Ana Sarobek (Arantza, Nafarroa, 1948); ez dauka argi noiztik, zehazki: «Gogoan dut jaunartzeko argazkian ile motzarekin ateratzen naizela». Gaztetan luzea eramaten zuen, hori baitzegoen modan, baina tarteka ere eraman du motza. 30 urte baino gehiago daramatza ile motzarekin: «Nahi nuelako moztu nuen; behin motza utzita, erdiko tarte horiek gorroto ditut». Motz-motz mozten du, baina ez du inoiz guztiz larru-arras moztu.

Aspalditik darama ilea motza Flor Arriolak ere (Mar del Plata, Argentina, 1989), eta orrazkera asko probatu ditu. Beste bat probatzearren ilea larru-arras moztea erabaki zuen. Uste nuen ilea motza eramatea bezala zela, baina emaitza beste bat izan zela azaldu du: «Ikaragarri gaizki ikusten nuen neure burua; hortaz, burua kamuflatzen saiatzen nintzen, eta gehiegi makilatzen nintzen». Beraz, ilea hazten hasi zitzaionean, mohikanoen eran moztu zuen. Zenbait kaskamotzen esperientziak jaso ditu Rapadas (Kaskamotzak) izeneko fanzinean. Angela M. Camuñasekin eta Jone Hernandez Perez de Gereñurekin sortu du.

Ilea zergatik moztu duen galdetu diote Arriolari, behin baino gehiagotan. Horren atzean zer dagoen azaldu du: «Feminitatearen ikur oso argia denez, uste dut jendeari kosta egiten zaiola ulertzea bagaudela batzuk ile luzea ez dugunak nahi, identitateagatik edota erosotasunagatik». B. Sadabari ere galdetzen diote ilea moztearen arrazoia: «Batez ere familiakoek edo mentalitate normatiboa duten pertsonek galdetu didate». Esate baterako, amak esaten zion arreta emateko egiten zuela: «Pertsona horiek beti norman egon dira, eta ez dute aniztasuna ontzat hartzen».

Autodefentsa

Ilea larru-arras eramaten duten emakumeei zein rol esleitzen zaizkien aztertu du fanzinean Arriolak: «Filmetan ez dute islatzen nahi dutelako mozten dutela, baizik eta gaixotasun batengatik, biktima direlako edo zoratuta daudelako». Bat dator horrekinSarobe: «'Minbizia duzulako moztu duzu?', galdetzen dute batzuek. 'Ez, larru arras-moztu dut gogoa nuelako'. Hori gustuko badut, zergatik ez dut egingo?».Horrez gain, soiltasuna «normaldu» behar dela nabarmendu du: «Ematen du emakumeok beti izan behar dugula ilea, baina adin bateko emakume asko soilduak daude».

Bi arrazoi nagusirengatik moztu zuen ilea Arriolak: erosoa delako eta feminitatearekin apurtzeko: «Ez dut arazorik feminitatearekin, baina ez nago eroso aspektu guztiekin; horien artean, ile luzearekin». Gustua hartu dio ile motza eramateari, eta, gainera, segurtasuna ematen diola esan du: «Oso erosoa izateaz gain, zalantza asko dituen pertsona bat naizenez, gogor planta ematen dit, eta segurtasuna ematen dit».

Horrez gain, kalean seguruago sentitzen da: «Ilea motz eramaten dudanetik kale jazarpena txikitu dela sentitzen dut». Feminitatetik aldentzearekin lotu du hori: «Feminitatea betikotuz gero, gizon gehienek uste dute edozein gauza nazkagarri esaten ahal dizutela; gaur egungo kultura patriarkalaren parte bat da».Horregatik, ilea larru-arras edo motza eramatea «autodefentsa»dela sentitzen du.

Horretaz ere jabetu da B. Sadaba, eta seguruago sentitzen da; hala ere, berak eragin dezakeen beldurrak ere kezkatzen du: «Gizonek mutil moduan hautemateaz gain, neskek ere uste dute mutil bat naizela. Hortaz, gerta daiteke festatik itzultzean neska batek ni ikustean nire beldur izatea». Horrelako egoeretan, espaloiz aldatzen da.

Kanpoko begiraden inguruko gogoetak jaso zituen fanzinean Arriolak, eta kontatu du behin baino gehiagotan mutil bat zela pentsatu dutela: «Oso ikuspegi binarista da: ile luzea feminitatearekin lotzen dute, eta, dirudienez, motza kontrakoarekin». Horrez gain, gehitu du makillatzen zenean begirada aldatzen zela: «Begiradaren bidez ere epaitzen ninduten». Gainera, esan du susmagarritzat hartzen zutela: «Oraindik atentzioa ematen du emakume bat kaskamotza izateak».

Orokorrean jendearen begiradan ez du deus berezirik sumatuB. Sadabak: «Zis mutil bat naizela pentsatzen dutenez, normal begiratzen didate». Hala ere, esan du batzuetan nahasten direla: «Askotan jendeak esaten dit 'mutiko'; ondo begiratu ondoren, 'neska'; eta gero, 'ez dakit'. Begirada baztertzaileak edo horrelakoak ez ditut sentitu».

Esperimentatzeko bideak

Rapadasfanzinea sortu zutenek hiru ezaugarri komun zituztela azaldu du Arriolak: «Bollera gisa agertzen lagundu zigun, feminitatearen agindua apurtzeko modua zen, eta pandemia baino lehen moztu genuen ilea». Ilea motz eramatea bere identitatearen parte dela esan du: «Emakume gisa identifikatzen garenontzat, ilea larru-arras eramatea identitatearen sinbolo bat da».

Itxurarekin jolastea generoarekin esperimentatzeko moduetako bat da B. Sadabarentzat; horrez gain, «identitatea berraurkitzen» ere lagundu dio: «Jendeak segun eta nola hautematen zaituen, modu batean edo bestean tratatzen zaitu». Itxialdian ez-binario gisa armairutik atera zenean, ilea luze uzten hasi zen: «Ile motzarekin beti nintzen mutikoa jendearentzat; ez naiz neska, eta mutikoa ere ez. Horrek molestatu egiten nau; beraz, ilea luze utzi nuen, eta adierazpen maskulinoak erabiltzen nituen». Orain berriz ere larru-arras darama.

Bilbon eta Lizarran bizi daB. Sadaba, eta herrietan ilea larru-arras eramatea «oso performatiboa» dela esan du: «Oso ohituta daude normara, eta jende disidentearen inguruko aurreiritzi pila bat dituzte». Identitatearekin eta normarekin era bisualean jolastean jendea aho bete hortz geratzen dela adierazi du: «Normaren ideia bizitzako gauza guztietan aplikatzen da, eta kalean normaren apurketa erakustea beharrezkoa da».

Identitatearekin baino gehiago, zaintzarekin lotzen du Sarobek ilea: «Pentsatzeko eta izateko moduei lotuta daude janzkera eta orrazkera, eta nik neure burua zaintzea gustuko dut». Amaren antzera, ilea egunero apaintzeko ohitura dauka; bere burua zaintzeko moduetako bat da. «Neure burua ondo ikustea gustatzen zait». Itxialdian, adibidez, egunero dutxatu, ilea moldatu eta pixka bat makillatzen zen: «Niregatik egiten dut».

Horrez gain, uste du orrazkera euskal nortasunari ere lotuta egon daitekeela: «Bilbora zoaz, eta manifa handi horietan denetarik dago; ikusten baduzu gure estiloko jendea, badakizu manifara doala». Bere adineko emakumeeierreferentzia egin die: «Gu, ezker abertzalekoak, beste toki batzuetatik joaten gara, baina Iruñeko Zabalgunetik ibiltzen direnek ez dute ilea motz eramaten; adats motza eramaten dute».

Edertasun kanonez ere mintzatu da Sarobe, eta nebarekin izandako solasaldi bat du gogoan. Ia 40 urte zituenean ilea motza zeraman, kasko formako orrazkerarekin: «Nebak esaten zuen neskek ilea luzea eraman behar dutela. Behin galdetu zidan ea ilea luze uzten ari ote nintzen, eta esan nion: 'Ez zenuen esaten neskak politagoak garela ile luzearekin?' Berak erantzun zidan: 'Neskak bai, baina adin batetik aurrera...'».

Mohikano eran darama Arriolak, eta argi du ez lukeela berriz larrua-arras moztuko, ez duelako bere burua ondo ikusten: «Asko daukat deseraikitzeke ilea larru-arras moztuta polit ikusteko». Horrez gain, uste du araua apurtzeko «ausardia» behar dela: «Gustuko dut normaren kontra doana, baina, ilea larru-arras eramateko, indar indibiduala behar da, eta kolektiboa sortu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.