Pello Urzelai.
ANALISIA

Telefonoa, erronka saihetsezina

2016ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Telefono adimentsua, hau da, Internetera konektatutako telefonoa, azken urteotako iraultza teknologikoetako bat da. Herritarren bizimodua aldatzen ari da. Gero eta gauza gehiago egin daiteke telefono adimentsu batetik. Gero eta denbora gehiago eskaintzen zaio telefonoari. Gure bizimoduaren erdigunean kokatu da.

Informazioaren mundua ere irauli du telefono adimentsuaren zabalkunde arrakastatsuak: gaur egun, Internet bidez informazioa eskuratzeko gailu nagusia telefonoa da. Hedabide gehienetan gertatzen den fenomenoa da. Azken lauzpabost urteotan, urtez urte koxka bat kendu dio telefonoak mahaiko ordenagailuari, nagusitasuna eskuratu arte. Eta badirudi joera horrek jarraituko duela aurrerantzean ere, telefonoaren nagusitasuna areagotuz. Ikuspuntu teknologikotik, dagoeneko, hedabideentzako erronka nagusietako bat telefonoaren erabilera zabalari erantzun egokia ematea da, eta aurrera begira areago oraindik.

BERRIA ere bada aipatutako iraultza horren lekuko. 2012an, berria.eus webguneak jasotzen zituen bisitetatik % 9,4 telefonotik iristen ziren. Harrezkeroztik, gero eta gehiago, urtero koxka bat gorago: 2013an, % 16, 7; 2014an, %23,07; 2015ean, 27,41, eta 2016ko lehen zortzi hilabeteetan, % 41. Aurten egindako jauzia benetan handia izan da. Udako datuak bereziki esanguratsuak dira, jarraian bi marka hautsi direlako: uztailean, webgunearen historian lehen aldiz, telefonotik (%45,8) eta tabletatik (%7,65) iritsitako trafikoa (%53,4) mahaiko ordenagailuetatik (%46,55) baino handiagoa izan da, eta, abuztuan, telefonotik iritsitakoa bakarrik lehen aldiz mahaikoa baino handiagoa izan da, eta, gainera, alde nabarmenarekin —telefonotik %52; mahaitik %40,1—.

BERRIAren aplikazio berria datu hauek erakusten duten joerara egokitzeko ahalegin teknologikoa da, irakurleari, nonahi dela, ahalik eta zerbitzurik hoberena emateko asmoz. Berria aplikazioaren bidez, esperientzia ona izango du irakurleak BERRIAk sortutako mota guztietako edukiak eskuratzeko orduan.

Telefono adimentsuaren zabalkundeak hedabideoi ezarritako erronka, baina, ez da aplikazio berriak dakarren egokitzapenarekin amaitzen. Askoz sakonagoa da. Bidean sakontzea eskatzen du, adibidez, irakurlearekiko elkar eragiketaren eremuan, telefonoan pentsatu eta diseinatutako edukien sorkuntzan, erabileraren pertsonalizazioan edo geolokalizazioan bide berriak jorratuz. BERRIA prest dago aurrerantzean erronka horiei ere heltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.