itziar ugarte irizar
Donostiako 67. Zinemaldia. VOYEUR ENEA

Zuk paisaia, eta paisaiak zu

2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Galdera eder bat zabaldu du Maddi Barberrek Urpean lurra filmean: nola egin daiteke paisaia baten dolua?

Itoizko urtegiaren gatazkaz ari da, duela hogei urte eskas proiektutzar haren ondorioz Nafarroako zazpi herri ur azpian geratu zirenekoaz. Lekuaren memoria berreskuratu du zinemagileak, eta hiru material gurutzatu ditu dena lotzeko: urtegiaren aurka antolatu zirenen artxiboko irudiak, herritarren ametsak eta paisaia horren egungo irudiak. Ametsak izan daitezke, zinemagileak uste duenez, paisaiaren dolua egiteko eremu bizigarri bat.

Costa-Gavrasen Adults in the Room pelikulan, badoa Giannis Varufakis etxetik aireportura daraman taxiaren atzealdean, leiho kontran, eta bertatik bertara hor ikusten du hiria: lokal eta saltoki itxien errenkada bat, Salgai eta Alokatzen da txartelak erakusleiho hautseztatuetan zintzilik, batean bai eta hurrengoan ere bai. Errepidean aurrera joan ahala, urratu egingo balu bezala da, berak paisaia eta paisaiak bera.

Donostiako egunotako paisaiari begira, itxurak eta itxurakeriak baino gehiago sartzen da begietatik. Paisaia badelako, baita ere, inguruan dabilzkigun horiekin—zinema aretoetan, prentsa agerraldietan, ilaretan, batetik besterako ibilietan— partekatzen dugun hurbiltasuna, berdin arroztasuna. Edo delako, bakarrik eta batera, ginenetik garenerako tartean dagoen hori dena. Hemen, Artozkin, Atenasen.

Honi bueltaka, nola eraikitzen, konpartitzen, lekualdatzen, desagertzen, deformatzen den paisaia bat, koadro bat etorri zait burura, Bixente Ameztoirena. 1984. urtekoa da, eta Donostia agertzen da. Baina jenderik gabeko Donostia bat; ez jende, ez auto, ez lantegi, ez portu. Erradikalaren ederra. Xabier Gantzarainek Zuloa saiakeran jasotzean ezagutu nuen obra, eta Jose Luis Otamendiren poema zati bat irakur daiteke bertan, zeinak dena dioen: «Gu munduarenak gara / baina mundua ez da gurea».

Beraz, paisaiarenak gara, baina paisaia ez da gurea.

Herenegun gauean, Tabakaleran aurkeztu zituzten Izibene Oñederraren Lursaguak eta Barberren Urpean lurra. Solasaldirako tarte bat zabaldu zen gero, baina inork ez zuen ahorik zabaldu. Mututzeko uneek, zaratak bezainbat, hitz egiten dute paisaiaz ere. Azken ilaretako gizon batek mikrofonoa eskatu, eta, ezer esango ez balu bezala, isiltasunaren pisua biderkatu zuen arte: «Eskerrik asko, behin izan zen hura eta orduko irudiak errespetatzeagatik; hori zaintzeagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.