«Egia estaltzeko nahi bat dago»

Konstituzionalaren erabakia dela eta, polizia indarkeriaren Nafarroako biktimen senideak haserre daude. Salatu dute euren kasuak ikertzea eragotzi nahi izan duela auzitegiak
Iaz, otsailean, Nafarroako Gobernuak omenaldi bat egin zien Poliziaren indarkeriaren biktimei; irudian, Naparraren ama.
Iaz, otsailean, Nafarroako Gobernuak omenaldi bat egin zien Poliziaren indarkeriaren biktimei; irudian, Naparraren ama. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Joxerra Senar -

2018ko abuztuak 4
«Lege hori hilda dago». Fermin Rodriguez, 1978an poliziek tiroz hildako Germanen anaia, haserre dago. «Kolpeak jasotzera ohituta gaude, eta jada baba egina dut, baina min ematen du». Rodriguezek eta polizia indarkeriaren Nafarroako biktimek beste kolpe bat jaso dute. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak edukiz hustu du Nafarroako eskuin muturreko taldeen eta polizien indarkeriaren biktimen legea. Itxaropen izpi bat izan arren, epaiak ez ditu ezustean harrapatu. «Horrek ez du kentzen berriro sentitzen dugun amorrazio hori», azaldu du Idoia Zabalzak, 1985ean Guardia Zibilak torturapean eraildako Mikelen arrebak, eta gaineratu du: «Gauza asko blindatuta daude. Ez da utzikeria: badago egia estaltzeko nahi finko bat».

Ez da Auzitegi Konstituzionalak kamusten duen lehen foru legea. PPren aurreko gobernuak hamazazpi foru legearen aurka jo zuen, eta ia guztiak (hamahiru) baliogabetu ditu. Alta, lege honek esanahi politiko berezia du, ETAren biktimek ez bezala polizia indarkeriaren biktimek orain gutxi arte ez baitute izan aitortzarako, egiarako eta erreparaziorako eskubidea biltzen duen legerik.

Legea egiteko prozesua bera berezia izan zen. Hamarkada luzez, erakunde ofizialen isiltasunera ohituta, euren testigantzak kontatzeak garrantzia izan zuen: «Lehen aldiz, erakundeek geure kasua azaltzera deitu gintuzten. Garrantzitsua izan zen gu entzutea, kontuan hartu gaituzten aldi bakarra izan baitzen», nabarmendu du Txaro Arregik, 1979an guardia zibilek Etxarri Aranatzen tiroka hildako Mikel Arregiren arrebak.

Aitziber Berruetarentzat, 2003an polizia batek hildako Angel Berruetaren alabarentzat, «aurrerapausoa» izan zen. «Ezer ez zegoen tokian, entzun egin gintuzten. Ordura arte, Nafarroan ere ez gintuzten entzun ere egin. Erakundeetan inork ez zuen gugatik ezer egin; eta oso ontzat jo genuen gu entzutea, legea egitea eta gobernua aldatzea». Azkenean, Berruetaren ustez, alde guztietako biktimak daude: «Ez daude soilik batzuk. Historia guztiona da».

Horrek ez du esan nahi legea biribila zela ere. Alde batetik, Jose Miguel Etxeberria Naparra zenaren anaia Enekoren ustez, legea «nahiko presaka» egin zen, iragan legealdiaren amaieran. Bestetik, Zabalzak eta Arregik onartu dute ez zituela eskakizun guztiak biltzen, baina, ororen gainetik, alde onari erreparatu diote: «Egia jakiteko atea zabaldu zen, eta nolabaiteko itxaropena zuen kasuak ez zirelako betiko isiltasunean izanen», nabarmendu du Idoia Zabalzak.

Konstituzionalaren epaia

Orain, ordea, Konstituzionalak zartako batez itxi du ate hori. Legearen berritasunen artean zegoen Aitortza eta Erreparazioaren Batzorde berezi bat antolatzea, parlamentuak izendatutako prestigiozko bederatzi pertsonaz osatua, eta ikertu gabeko gertakariak aztertzea izango zuen helburu. Epaian, Konstituzionalak ondorioztatu du legeak auziok ikertu nahi zituela «botere judizialaren eremutik at, zigor jurisdikzioak ebatzitakoa aintzat ez hartzeko ahalmenarekin». Hamabi epaileetatik zortzik konstituzioaren aurkakotzat jo dute, eta lau alde agertu dira.

Idoia Zabalzaren arabera, puntu hori zen funtsa, eta horren aurka jo dute zuzenean:«Gure duintasunaren aurka egin dute», laburbildu du. «Jakin behar dugu zer gertatu zen kasu guztietan; bestela, ez goaz inora», gaineratu du. Zabalzak nabarmendu du aitortza beharrezkoa dela, baina horrekin ez dela aski. «Guk justizia nahi dugu, ez mendekua izateko, baina justizia nahi dugu, eta, horregatik, garrantzitsuena egia da, zeren, egia jakinez gero, nolabaiteko ondorioa justizia ematea baita. Ezin da esan zer gertatu zen horrek nolabaiteko ondoriorik ez badu. Justiziak egia horren ondorio izan behar luke, eta justiziak erreparatzeko balio du».

Kasuak eta kasuak daude, baina Aitziber Berruetak argi du familiek bere baitan badutela euren egia. Auzia da egia ofiziala urruti gera daitekeela. «Guk badugu gure egia, baina, azkenean, haiek diotenak du balioa. Haien epaiak geratzen dira artxiboetan». Epaiaren ondotik biktimek «eskuak lotuta» dituztela uste du.

Eta horregatik dago suminduta Txaro Arregi. «Niretzat garrantzitsua zen gure kontakizunak biltzea, inoiz ez baikintuzten kontuan hartu. Kasu gehienak ikertu gabe zeuden, eta bederen azter dadila eta egia jakin, eta horren gainean idatz dadila gertatutakoaz. Horregatik, hori ere ezin egitea sumingarria da». Arregiren ustez, biktimen artean bereizketa nabarmentzea oso mingarria da. «Barrenak mugiarazten dizkizu. Ez dute jakin nahi zer egin zuten gure familiarrekin. Zergatik ez dugu eskubide hori? Zergatik gara bigarren mailakoak?».

Argudio horrekin, Konstituzionala bere kontraesanean erori da: epaitegietatik kanpo ezin dira ikertu kasuok; baina, hain zuzen ere, kasu gehienetan epaitegiek edo ez zuten ikertu edo sumarioak artxibatu egin zituzten. Hartara, Eneko Etxeberriaren ustez, zeharkatu ezin den marra bat marraztu nahi izan du auzitegiak, eta argi du zergatia: «Estali egin nahi dute zer gertatu den».

Horregatik, Idoia Zabalzaren arabera, kolpea bikoitza da. «Hil dira edo, kasu askotan, hil dituzte —gure anaiaren kasuan, adibidez— praktika antolatu bat izan delako tortura. Praktika antolatu horrek estatuaren adostasuna behar zuen, nolabait eragile guztien arteko adostasuna. Pertsonak hil, eta, gainera, haien duintasunaren aurka egin dute. Ez diete kendu bizitza bakarrik: kendu diete baita zer gertatu den jakiteko eskubidea ere. Hori da guk familiok dugun borroka. Bizia ez diegu itzuliko, baina familiakoei hori zor diegu: nola hil diren ezagutarazteko eskubidea».

Erkorekaren hitzak

Konstituzionalaren arabera, biktimen aitortzara eta erreparaziora mugatu beharko litzateke legea. Testuinguru horretan, epaia etorri aurretik, Pedro Sanchezen gobernuak iragarri du EAEko biktimen legeari PPk jarritako errekurtsoa kendu egingo zuela. Horren aurrean, asteon, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du Nafarroako legearekin alderatuta EAEkoa «nabarmen diferentea» dela, batik bat erreparazioari eta aitortzari erreparatzen baitie. Etxeberriari «iraingarriak» iruditu zaizkio hitzok: «EAEko legea kalte-ordainez mintzo da, baina ez da diru kontua. Gure hildakoek prezio bat balute bezala? Ez, benetako aitortza etorriko da, aldez aurretik edo batera, egia lortuta: zer gertatu zen, nola, zeinek aginduta».

Etxeberriaren anaia, Naparra, Komando Autonomoetako kide zen desagertu zenean. Etxeberriak, preseski, eskaera egin zuen Auzitegi Nazionalean, eta baieztatu zuen ez zutela kausarik irekita Naparraren aurka. Haatik, agerkari digital batek, adibidez, 1983ko atentatu bat egotzi izan dio, «nahiz eta hiru urte zeraman desagerturik». «Gauza horiek min egiten dute». Horregatik, gogoeta orokor bat plazaratu nahi du Etxeberriak. «Ematen du hildako batzuk ez daudela ondo ikusiak». Etxeberriak, Genevan, bilera izan zuen Ariel Dulitzki Nazio Batuetako desagertuen errelatorearekin, eta han, besteak beste, azaldu zion anaia erakunde armatu bateko kide zela. «Hark erantzun zidan: 'Eta? Giza eskubideak berezko zaizkio pertsona orori, egin duena egin duela. Desagertu moduan, egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermea izateko eskubidea duzue'».

Hamasei urte zituela desagertu zen anaia, eta orain 55 urte ditu Eneko Etxeberriak. Urte asko daramatza gorpuaren bila, egiaren bila. «Bizitzaren bi heren baino gehiago eman ditut borrokan. Une jakin bat iritsita, atseden hartu behar dugu, ez etsita gaudelako eta ez dugulako jakin nahi». Alderantziz baizik. Eta ama du gogoan. «89 urte ditu. Aste bat urte bat balitz bezala da harentzat. Tematuta dago, baina itzaliz doa. Anaia aurkituko bagenu, atseden hartuko luke», dio, emozioz.

Eta orain, zer? Fermin Rodriguezen arabera, beste lege bat egiten hasi beharko litzateke. «Legerik ez izatea, hori ez da posible. Zaila da atzera botako ez dizuten lege bat erredaktatzea eta aldi berean, edukia izatea». Etxeberriaren ustez, sekretu ofizialen legea aldatzea izan daiteke beste norabide egoki bat. Txaro Arregiren ustez, gizarteak bederen jakin behar du euren iritzia. «Ikus dadila ez gaudela ados, haserre gaudela». Berruetaren ustez, ondo aztertu behar lirateke ezezkoaren arrazoiak: «Egin dezatela lege bat jakinez joango diren bidetik ez dutela atzera botatzerik izango».

Zazpi hilabete falta dira legealdia amaitzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna