Bizitzak trantsituan

Azken asteotan, nabarmen handitu da Donostiara eta Irunera heldutako migratzaileen kopurua; asko muga pasatzeko asmoz datoz, baina ez denak. Eskura dituzten aterpeek, ordea, ez dituzte haien beharrak asetzen, eta lan handia geratzen da boluntarioen gain.

Goizeko zortzietan Gurutze Gorriaren aterpea uzten dutenetik, nolabait bete beharreko eguna hasten da migratzaileentzat. JON URBE / FOKU.
Samara Velte.
Donostia
2018ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Ostegun goiza da Donostiako Zorroaga auzoan. Erretiratuak eta zakur jabeak ibili ohi diren pasealekuan behera, dozena bat gazte afrikar doaz, nagiak ateraz, erdi lo. Eguneroko moduan, 08:00etan utzi behar izan dute Gurutze Gorriaren aterpea, eta ezin dute hara itzuli 20:00ak arte. Azken asteotan Gipuzkoara ohi baino migratzaile gehiago heldu direlako zabaldu dute aterpea. «Trantsituan» daudenentzat da; gehienez ere bost egun gera daitezke han. Instalazioak oso oinarrizkoak dira: migratzaileek barruan ateratako argazkietan ikus daitezkeenez, ilaran jarritako ohatila batzuek dituzte ohe gisa, eta ez dago dutxarik.

Ostegun goiz honetan, hamahiru gaztek egin dute lo aterpean, guztiak gizonak, eta gehienak Saharaz hegoaldeko herrialdeetatik etorritakoak. Ia inork ez ditu oraindik 25 urte bete. Aterpearen kanpoaldean, Donostiako Harrera Sare Herritarreko boluntario bat dute zain: Anoetako kiroldegira jaitsiko dira harekin—Gurutze Gorriak akordioa egina du, bertako dutxak erabil ditzaten—, eta handik, sareak behin-behinean lortu duen lokal batera. Batzuek Gurutze Gorriaren logoa daukan plastikozko poltsa batean daramatzate bizitzeko dauzkaten objektu guztiak; asko ezer gabe dabiltza, eskuak patrikan sartuta. Batek sinaduraz jositako haur-motxila gorri bat darama bizkarretik zintzilik; umeren batek udalekutatik ekarria, antza. «Gauza gehienak jendeak emandakoak dira», azaldu du Nekane Barandiaran boluntarioak: «Bereziki gizonezkoen arropa, azpiko arropa eta motxilak behar ditugu, asko horrela iritsi baitira, soinean daramatenarekin».

Ordea, denek ez dute ondo ulertzen donazioena. Zorroagatik behera doazela, auto bat geratu da bide bazterrean; barrutik, golf klub bateko poloz jantzitako gizon batek galdetu du ea aterpean utz ditzakeen migratzaileentzako ekarri dituen hiru poltsa. Barandiaranek azaldu dio Gurutze Gorriak ez dituela donazioak hartzen, eta hobe lukeela boluntarioen lokalera joan, Amarara. Gizonak, nabarmen gogaituta, aurrera jarraitu du, eta topatu duen lehen migratzaileari eman dio kargamentu osoa: mendiko motxila ajatu bat, Red Bull lataz beteriko eskuko poltsa bat eta Espainiako banderadun aterki bat.

Poloduna «adar jotzaile neonazi bat» edo migratzaileen kontura ganbara husteko aprobetxatu duen norbait ote den jakin gabe, taldeak bideari ekin dio berriz. 09.00etarako, denak dutxatuta daude. Hortik aurrera, ordu luzeak hasten dira, boluntarioen lokalean bete ohi dituztenak. Oraintsu arte, Easo plazatik gertu izan dute toki bat: pare bat koltxoi puzgarri, wifia eta telebista dituzte bertan. Askok deskantsurako edo etxekoekin hitz egiteko erabiltzen dituzte Donostiako egunak: duela gutxi igaro dute Alborango itsasoa, eta Algecirasetik (Espainia) zuzenean ekarri dituzte Euskal Herrira. «Uste baino askoz gogorragoa izan da», kontatu du Camara Ibrahima 19 urteko ginearrak. Apirilean abiatu zen etxetik, eta lurrez egin zituen Marokorainoko 5.000 kilometroak: «Ahal nuenean autobusez, kaimoietan, edo bestela, oinez». Kontatu du etxean futbolari profesionala izateko akademia batean aritzen zela, eta Tunisiara heldutako adiskide baten atzetik ekin ziola bideari. «Han itxaron zidan, baina Afrikako taldeek ez dukate babeslerik, eta nik ez dut Tunisian jokatu nahi. Horregatik erabaki nuen Europara joatea».

Asiloaren aukera

Ibrahimak bi hilabete igaro zituen Aljerian lanean, baina ez zeukan nahiko dirurik itsasoa gurutzatzeko. «Prezio bera da denontzat: 2.000 euro». Gehienak sei edo zortzi laguneko zodiak txalupatan igaro dira Andaluziara. Han, Gurutze Gorriarenean egin behar dute geldialdia, haren zerbitzuak erabili ahal izateko. Erakundeak datu pertsonalak hartzen dizkie, eta atzerritartasun aginteei helarazten. Bisarik eta pasaporterik gabe datozenez, ia automatikoki egiten diete deportazio agindua. Ordutik aurrera, hilabete daukate aginduari helegitea jartzeko. Praktikan, horrek hilabete bat ematen die irtenbide bat topatzeko: estatutik atera, asiloa eskatu edo klandestinitatean geratzeko.

Ipar Euskal Herrira jarraituz gero, muga gurutzatu behar dute. Askok ez dute lortzen, Poliziak kontroletan harrapatu eta «mugan bertan» itzularazten dituelako; iaz, 451 pertsona kanporatu zituzten modu horretan Irungo mugan, helegitea jartzeko astirik eman gabe. Horregatik, migratzaileek gero eta bide konplikatuagoak asmatu behar dituzte kontrolei izkin egiteko. Bidaia osoan bezala, Gipuzkoan ere agertu dira egoerari etekina ateratzen diotenak: migratzaileen artean ahoz aho dabilenez, norbanako batzuek Hendaiarako «taxi zerbitzua» eskaintzen dute 150 euroan.

Guztiek ez dute, ordea, iparralderantz jarraitu nahi. Abdulaye senegaldarrak, esaterako, Bilbon zeukan anaia duela zazpi urtetik: «Harekin elkartzeko abiatu nintzen duela urtebete, baina orain bera etxera itzuli da, ezkontzera: gure bideak gurutzatu egin dira, eta ez gara topatu». Orain ez daki noiz itzuliko den anaia Bilbora, baina bertan itxaron nahi dio. Wolof-Gaztelania hiztegi bat osatzen igarotzen ditu orduak. Esaldi erabilgarrien bilduma luze samar bat egina du dagoeneko: «zer moduz dago zure arreba txikia?», «zer moduz dago zure aita?» eta «zer moduz dago zure ama?» dira lehenbiziko hiru galderak. Euskarazko pare bat esapide ere ikasi ditu, eta bere burua zoriontzen du tarteka, euskaraz «oso ondo!» esanez.

Bertan geratu nahi dutenek SOS Arrazakeriako abokatuarekin izaten dute hitzordua lehenago edo beranduago. «Haien eskubide eta aukeren inguruan informatzen dituzte, gero beraiek erabaki dezaten zer egin», azaldu du Barandiaranek. Izan ere, migratzaileek iritzi aski desberdinak dauzkate asiloaren inguruan ere. Buba Sylvain kamerundarrak, esaterako, argi du eskatuko duela: «Pasaportea aurkezten badut, hiru hilabete dauzkat lana bilatzeko». Administrazioak gutxieneko epe hori behar du eskaera ebazteko, eta tarte horretan ezin da inor kanporatu. Asiloa ez ematea erabakitzen badu, ordea, migratzailea salduta geratzen da. Sylvaini berdin zaio, baikor dago: «Dubain bi urtez egin nuen lan. Elikagaiak manipulatzeko titulua atera nuen; supermerkatu batean lan egin dezaket hemen». Etxera dirua bidaltzea da haren kezka nagusia: «Azken urtebetean hiru senide galdu ditugu, eta orain aita eta anaia bakarrik geratzen dira». Euskal Herrian geratu nahi luke: «Donostia ondo dago, baina oso garestia da, eta ematen diguten laguntzaren menpe gaude erabat. Nire kabuz bizi nahi nuke».

Luciano izenarekin aurkeztu den 21 urteko kamerundarra hango gatazkatik ihesi etorri da, eta horregatik aukera onak lituzke asiloa eskuratzeko. «Jaiotze agiria, unibertsitateko titulua... erre egin dizkidate», azaldu du. Hala ere, ez du babesa eskatuko: «Asiloa kartzela txiki bat bezalakoa da: ezin zara mugitu, eta beti hori duzu buruan. Gainera, ezin duzu etxera itzuli hamar urtean».

Gauak, mugatuta

Pedro Egaña kaleko lokalean etengabe dabil norbait aurrera eta atzera. Hamabost emakumez osatutako boluntario taldea galtzak bete lan dabil, Whatsappeko taldea sutan, sortzen diren beharretarako irtenbideak inprobistauz: hagineko mina dutenekin dentistarenera joan, abokatuekin hitzorduak lotu, muga igaro nahi dutenei azalpen zehatzak eman... «Eta Irungo taldea okerrago dago», azaldu du Barandiaranek: «Han, mugatik itzuli direnak ere jasotzen dituzte».

Komunikazioa ere ez da beti erraza izaten. Concha Imaz pentsioduna itzultzaile aritzen da maiz; hiztegi eta sakeleko telefono zahar batzuk eskuan dituela sartu da lokalera. «Gizarte laguntzaileen lehen promoziokoa naiz», azaldu du. Urte askoan aritu zen Irunen, Hego Euskal Herritik eta Espainiatik Europara lanera joan nahi zutenen emigrazio agiriak egiten: «Egun batzuetan, 70.000 pertsona izaten genituen mugan. 1969tik 1975era, estatu osotik hiru milioi eta erdi pertsona joan ziren Europara. Baina badirudi ahaztu egiten zaigula».

Tarteka, Parisera edo Tolosara (Okzitania) iritsi den migratzaileren baten mezua jasotzen dute. «Halakoetan, sentitzen dugu egiten dugunak zentzua daukala», dio Sara Pikabea boluntarioak. Gaurkoan, presio gehigarri bat ere badute eztabaidagai: lehenbiziko aldia da bi migratzailek Gurutze Gorriak emandako bost egunak agortu dituztena, eta ez dakite gauean bertan geratzen utziko ote dieten. Eguna pasatzeko lokal berriaz gain, larrialdietarako lo-tokia ere topatu behar dute, beraz. Euren arteko eztabaidan, sarri ateratzen da kexu bat: «Gu egiten ari garena instituzioek egin behar lukete». Udalaren Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua da alternatiba bat. Haren aterpea, ordea, kalean bizi direnek erabili ohi dute, «eta bestela ere beteta egoten da».

Oraingoz, behin bakarrik gonbidatu dituzte sareko kideak migratzaileen auzia koordinatzeko mahaira. Gurutze Gorria, Donostiako Udala, Gipuzkoako aldundia eta Eusko Jaurlaritza astean behin elkartzen dira mahai horretan. Boluntarioek hainbat eskaera zehatz egin dizkiete; besteak beste, iritsi berrientzako informazio gune bat jartzea geltokietan, aholkularitza juridikoa eskaintzea, 24 orduz egoteko toki bat eta aterpeko egonaldiak bost egun baino luzeagoak izatea.

Azkenean, erabaki dute Antiguako Txantxarreka gaztetxea erabiltzea lokal gisa: «Hango gazteak laguntzeko prest agertu dira; lotarako lekua eta sukaldea dauzkate». Hala ere, iluntzean Zorroagako aterpera abiatu dira, epea gainditu duten bi gazteei sartzen utziko ote dieten galdetzera: «Baliabide hau ahalik eta gehien probestu behar dugu». Abdulaye hiztegigilea sartu eta hamar minutura atera da berriz: irribarrez, baietz dio buruarekin, Gurutze Gorriak geratzen utziko diola «mesede gisa». Migratzaile eta boluntarioek barrez eta besarkadaz ospatu dute garaipen txikia, bihar berriz lortu beharko dutela jakinik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.