Automobilgintza sektorea. Salerosketak

Abuztuan, azken urteetako hazkunde handiena izan da autoen salerosketan

Kontsumoa eta igorpenak modu zaharrean neurtuak zituzten auto ia guztiek matrikulatuta egon behar zuten irailerako. Deskontuek erosleak erakarri dituzte, eta automatrikulazioak ere izan dira

Abuztuan, azken urteetako hazkunde handiena izan da autoen salerosketan.
Irune Lasa.
2018ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Deskontuak, publizitate kanpaina indartsuak, denetariko salmenta estrategiak... Eta bezero ugari. Uda mugitua izan da Hego Euskal Herriko auto kontzesionario gehienetan. Urtea, oro har, iazko emaitzak hobetuz daramate auto saltzaileek, baina abuztua erabat ezohikoa izan da haien negoziorako.

Joan diren asteotan irailaren lehena izan dute ikusmiran alorreko eragile guztiek. Hori zen epemuga. Joan den larunbatetik Europan matrikulatzen diren auto guztiek kontsumoak eta gas igorpenak WLTP (Worldwide Harmonised Light Vehicle Test Procedure) moduarekin neurtuak izan behar dituzte. Azterketa modu berri hori errealistagoa dela uste dute Europan, eta ez soilik autoek atmosferaratzen dituzten gasen zenbatekoari dagokionez. Autoek zenbat erregai kontsumitzen duten jakiteko ere baliagarriagoa izango da aurreko NECD (New Europan Driving Cycle) neurketa baino, sinesgarriagoa.

Fabrikatzaile guztiak joan den urte bukaeran hasi ziren modelo berrietan WLTP neurketa modua erabiltzen. Beharko: WLTPren ezarpena bultzatzeko xedez, NECD neurketari muga jarri zitzaion eta. Zer gertatu behar zuen aurreko metodoarekin neurtu eta fabrikatzaileek oraindik saldu gabe zituzten autoekin? Gehien-gehienek, derrigorrez, matrikulatuta egon behar zutela abuztua amaitzerako; hots, fabrikatzaileen eta saltzaileen stocketatik kanpo.

Akuilu horren ondorioz etorri dira lehenbailehen erosle ahalik eta gehien erakartzeko deskontuak. Eta hortik, Faconauto Espainiako patronalaren hitzetan, «azken hogei urteetako abuztu bateko hazkunderik handiena». Espainian 100.000tik gora auto saldu dira.

Hego Euskal Herrian ere, fabrikatzaile eta saltzaileek egindako deskontuek erantzun ona izan dute normalean salmenta pattalekoa izaten den hilabetean. Abuztuan 4.451 auto matrikulatu dira, iaz hilabete berean baino %36 gehiago —2.834 auto saldu ziren 2017ko abuztuan—.

Automatrikulazioak

Faconautok ez du argitu auto guztietatik zenbat izan diren kontzesionarioek euren buruei saldutakoak (automatrikulazioak). Enpresen kanaletik matrikulatutako autoek, dena den, arrasto bat ematen dute. Espainian, iaz saldutakoen halako bi izan dira bide horretatik saldu diren autoak. Hego Euskal Herrian, oro har, hazkunde hori apalagoa izan da —Bizkaian %15 gehiago; Nafarroan %20, eta Gipuzkoan %43—, Araban izan ezik. Araban salmenta horien hazkundea %213 izan da.

Auto horiek bigarren eskuko merkatura pasatuko dira, zero kilometroko gisan. Patronalaren arabera, horregatik ezin daiteke esan abuztuko datuak onak direnik, «automatrikulazioek eragina izango dutelako kontzesionarioen errentagarritasunean».

Abuztuan Renault autoak saldu dira gehien Hego Euskal Herrian (405); Seat (309), Peugeot (37) Hyundai (300), VW (292) eta Opel (282) izan dira atzetik.

«Azken bi asteetan ziztu bizian igo dira salmentak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.