Israel. Parlamenturako hauteskundeak

Dena den, jarraitzeko moduan

Azken inkesten arabera, Gantz armadaren buru ohiaren koalizioak aurrea hartuko dio Netanyahuren alderdiari. Azken hamar urteotan lehen ministro izan denak gobernua osatzeko aukera gehiago ditu

Dena den, jarraitzeko moduan.
Igor Susaeta.
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Israelgo Parlamentua berritzeko hauteskundeak egingo dituzte gaur. Joan den ostirala izan zen bozen emaitzei buruzko inkestak kaleratzeko azkeneko eguna, eta horiek, oro har, garaipena ematen diote Benny Gantz 2011 eta 2015 artean armadako burua izan zenak osatutako Urdina eta Zuria koalizio liberalari. 120 eserleku ditu Knesset-ak, eta 28-32 parlamentari lortuko lituzke. Inkesta horien arabera, Benjamin Netanyahu azkeneko hamar urteotan lehen ministro izan denarenLikud eskuineko alderdiak 26-27 jarleku eskuratuko lituzke. Dena den, karguan jarraitzeko eta bosgarren agintaldia hasteko moduan dago Netanyahu —lehen ministro izan zen 1996tik 1999ra ere—.

Izan ere, sektore ultranazionalistek eta judu ortodoxoek indar handia dute Israelen, eta horiek Gantz erreformista baino nahiago dute Netanyahu, statu quo-a mantentze aldera. 1948an eratu zuten Israelgo Estatua, eta urtebete geroago egin zituzten parlamenturako hauteskundeak, estreinakoz. Orduz geroztik, alderdi bakar bat ere ez da gai izan hauteskunde batzuetan gehiengo absolutua lortzeko. Botoa zatikatua egon ohi da Israelen, eta 40 alderdi baino gehiago aurkeztuko dira bozetara gaur; horietatik hogei inguruk dituzte ganberan ordezkaritza lortzeko aukerak. 6,3 milioi israeldar daude botoa ematera deituta.

Israelgo lehen ministro gisa urte gehien egin dituen politikari bihurtzekotan dago Netanyahu, nahiz eta azken hilabeteetan inoiz baino hauskorrago azaldu den. Joan den azaroan dimititu egin zuen Avigdor Lieberman Defentsa ministroak, eta, hilabete geroago, lehen ministroak bozak aurreratu behar izan zituen, gobernu koalizioaren babes nahikorik ez zuelako. Shas eta Toraren Judaismo Bateratua alderdi ortodoxoak ez zeuden ados zerbitzu militarrari buruzko lege batekin, eta horri gehitu behar zaio lehen ministroa ikerketapean zegoela, ustelkeriagatik eta konfiantza hausteagatik. Joan den otsailean, gainera, auzipetu egin zuen Avichai Mandelblit fiskal nagusiak. Akusazioak ukatzen ditu, eta «sorgin ehiza baten» biktima sentitzen da.

Mamu horiek uxatzeko intentzioarekin, duda-mudatan zeuden edo harengan konfiantza galdu zuten bozkatzaileak erakartzeko pare bat albiste eman ditu azken asteotan. Donald Trumpekin oso ondo konpontzen da, eta, hartara, AEBetako presidenteakIsraelek okupatutako Golango gainen subiranotasuna aitortu zion Tel Avivi, nazioarteko irizpideak urratuz. Hura garaipen bat izan zen Netanyahurentzat. Bigarren albistea herenegun eman zuen: iragarri zuen bozak irabaziz gero Zisjordania Israelera anexionatuko duela. NBE Nazio Batuen Erakundeak esana dauka lurralde okupatuetako kokaguneetan etxebizitzak eraikitzeak nazioarteko legea hausten duela, baina egin du iragarpena Netanyahuk. Eta eskuin muturreko hautesleek pozarren hartu dute.

Bestela, Netanyahuk ez dakar berritasunik bere proposamenean: estatuaren militarizazioa, palestinarren aurkako errepresioa eta jarrera erasokorra Iranekin. Beldurraren mezua zabaltzen ahalegindu zen atzo, azpimarratu zuenean eskuineko gobernua «arriskuan» dagoela. Argi utzi izan du, gainera, ez duela bat egingo Urdina eta Zuriarekin.

Gantzek ere ez du Likud babestuko. Atzo adierazi zuenez, israeldarrek bi aukera dituzte hauteskundeotan: edo «batasunak» eta «itxaropenak» zuzendutako gobernu bat, edo «estremismoarena»; hau da, Netanyahurena. Hala eta guztiz ere, bat dator Likudekoarekin, bai Iranen aurkako gerran, bai Golango gainen subiranotasunari dagokionez. Gainontzeko gaietan ez da zehaztasunez mintzatu, nahiz eta kritiko agertu den Israel estatu judu gisa aitortzen duen legearekin —iazko uztailean onartu zuten Knessetean— eta palestinarrekin negoziazio mahaian esertzearen «aldekoa» den. Bakea bilatzea ez da lotsatzeko modukoa da haren kanpainako leloetako bat. Netanyahuk «ezkerrekoa» izatea leporatzen dio horregatik. Kanpainarako beste bideo batean, ordea, Gantzek dio «indartsuak soilik» irabazten duela. Bera zen armadaren estatu nagusiko burua 2014an, Gazaren aurkako gerran. Ustelkeriarik eza eta «erreforma sozialak» aldarrikatzen ditu, «segurtasuna» lehenestearekin batera. Orain hilabete batzuk Demokraziaren Aldeko Israelgo Institutuak egindako inkesta baten arabera, herritarren %78k gobernuari baino konfiantza handiagoa diote armadari.

Arabiarrak eta boikota

Gutxiengo arabiarrak inoizko emaitzarik onenak lortu zituen 2015eko bozetan, lau alderdi koalizioan aurkeztu zirenean: hamahiru jarleku, parlamentuko hirugarren indarra bihurtuz. Baina barne borrokek arrakalak eragin dituzte koalizioan, eta oraingoan ez dira molde berean aurkeztuko. Bi dira bloke nagusiak. Batetik, Hadash-Taal ezkerrekoa; eta bestetik, Balada-Raam islamista. Halere, hainbat ekintzaile arabiar boikotaren aldeko kanpaina egiten ari dira, salatuz diskriminatuta sentitzen direla. Tel Aviveko Unibertsitatearen inkesta baten arabera, gutxiengo arabiarraren %51k bozkatuko dute; 2015ean, %64k bozkatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.