Esandakoa egiteko ordua

Aste erabakigarria daukate Kubak eta AEBek. Pausoak ematen hasi dira nekazaritza gaietan, eta egunotan jarrerak hurreratzea espero dute. Erabakia txalotu dute AEBetako enpresariek.

Oihan Vitoria -

2015eko urtarrilak 21
Mende erdiko aldapa arindu eta aro berri bati ekiteko zita inportantea dute gaur Kubako eta AEBetako gobernuetako ordezkariek. 53 urteko bahimendu ekonomikoa kendu, eta lankidetzarako «zimendu sendoak» ezartzen hasteko eguna dute gaurkoa. Historikoa. Mugarria, sinbolikoki bada ere. Harremanak normaltzeko bidean bilduko dira Roberta Jacobson (AEB) eta Josefina Vidal (Kuba). Bi aldeen dema izango da aste erabakigarri hau: nork egin gehiago eta lehenago atzera, nork eman amore...

Pitzadura ireki, ireki da dagoeneko. Izan ere, Barack Obama eta Raul Castro presidenteek AEBen eta Kubaren harremanak berreskuratzeko asmoa agertu zutenetik abenduaren 17an, ugariak izan dira erabakia ontzat jo duten ahotsak. Bateko zein besteko bidaia agentziek, kasurako, txalotu egin dute neurria; Floridako Bankuen elkarteak ere babestu egin du erabakia, eta atzera ez egiteko eskatu, zigorrak kentzeak mesede egingo dielakoan bi herrialdeetako ekonomiei. AEBetako 80 bat politikari eta enpresarik, orobat, exijitua diote Obamari normalizazioaren bideari izkin egin ez diezaiola eta aurrera jarrai dezala.

Bahimendua gogortuz, finantza fluxuak eragotzi dizkiote urteetan AEBek Kubari. Itolarriaren erakusle, lehenbailehen egokitu beharrean da orain Kuba; Castrok patxadaz hartu nahi ditu «blokeoa apurtzeko» erabakiak. Ez du espero elkarrizketak fruituak berehala hartzea.

Migrazio gaiak jorratzea espero dute gaurko bileran, eta biharkoan, harreman diplomatikoak. Ostiralean, berriz, Kubako gizarte zibilaren ordezkariekin biltzekoa da AEBetako Latinoamerikarako arduradun Roberta Jacobson. Jarrerak «gerturatzea» eta harremanen giroa arintzea da jomuga.

Ez da gisako lehen keinua. Iragan astean ere Kubara joan ziren AEBetako sei bat kongresukide, Patrick Leahy senataria buru zela. Kubako zenbait erbesteratu, aktibista, kazetari eta AEBek preso politikotzat jotakoekin egon ziren hartu-eman estuan, Kubako agintariekin elkartzeaz aparte.

Eraginkortzat jo dituzte bilerak AEBetako ordezkariek, nekazaritzan eta teknologia gaietan aurrerapausoak lortu dituztelako. Harremanak «bide onean» doazela nabarmendu dute, baina zuhurtzia eskatu dute. «Neurriak ezin dira berehalakoak izan». Bidaiei ez ezik, nekazari, enpresari eta familiei «aukera zuzenak» ekarriko dizkiela azpimarratu dute.

Ikusmin handia kongresuan

Justuki, batasunaren egoerari buruzko hitzaldia eman du bart Barack Obama AEBetako presidenteak. Berebiziko ikusmina piztu du haren hizketaldiak, gehiengorik gabe egiten duen lehenbizikoa izan delako. Zazpigarrenez eta azken aurrekoz agertu da gobernuko burua kongresuko indarren aurrean. Besteak beste, 2015erako lan ildoak, ekonomia kontuak eta migrazioarekin lotutako neurriak izan ditu ahotan. Kubarekin harremanak normaltzeko aurreneko bilkura ofizialaren bezpera denez, orobat, AEBetako zenbait hedabidek aurreratu dute oso litekeena dela Obamak proposamen zehatzen bat egitea Kubari bahimendua kentzeaz. Obamak Alan Gross gonbidatu du hitzaldira; espioitza lanetan aritzea egotzita Habanan bost urte preso egin eta gero, aske da enpresaria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna