Nafarroako inbestidura. Gobernu akordioa. Carlos Garcia Adanero. Navarra Sumako diputatua

«PSNk ontzat jo ditu lau urteok presidentetza lortzearen truke»

Adanerok zentzugabetzat jo du PSOEk PP eta C's-i abstentzioa eskatzea eta Nafarroan Navarra Sumari gobernua kentzea. Laukoaren aurrean amore ematea leporatu dio PSNri.

EMILIO NARANJO / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Nahiz eta Pedro Sanchezek Espainiako gobernuburu izateko lehen ahaleginean porrot egin, Nafarroan Maria Txibite aurrera doa. Hala ere, ez du urduritasuna islatzen Carlos Garcia Adanerok, Navarra Sumako diputatuak (Talavera de la Reina, Espainia, 1967). «Ez da koherentea esatea han boto gehien dituen taldeak gobernatu behar duela eta hemen ez. Koherenteak gara edo ez gara».

Nola bizi izan dituzu egunok?

Ziurgabetasunez, denok bezala. PSOE eta Unidas Podemos azken segundora arte izan dira akordio bila, baina, astelehenean bataren eta bestearen hitzaldiak entzunda, ikusten zen oso zaila zela, negoziazioaren nondik norakoak kontatzen hasi baitziren.

Zer bilatu dute PSOEk eta Unidas Podemosek?

Azkenean guztia da interpretagarria. Kontu erabakigarrietako bat izan da bien artean ez dutela gehiengo osorik. Akordio bat erdietsi behar dute, eta, hala ere, ondoren besteekin adostu behar dute. Bestetik, oso argi geratu da alderdi sozialistak ez duela nahi Podemos gobernuan egoterik, inondik ere.

Unidas Podemos estu lotzen ahalegindu da PSOE?

Inbestiduran bazirudien PSOEk gehiengo osoa zuela. Azkenean, gainerakoek baino eserleku gehiago ditu, baina 123 ditu: Espainian, aurreko gobernuekin alderatuta, motz geratzen da. Oso kopuru txikia da. Podemosek gehiengora heltzeko beharrezko diren eserlekuetako asko jar ditzake, eta horregatik baldintzak ezarri ditu. Hortik aurrera, agerikoa izan da Pedro Sanchezen eta Pablo Iglesiasen arteko mesfidantza; Iglesiasi ezarritako betoa da horren erakusle. Biak kontakizunaren lehian sartuta daude, ea nork izango arrazoi, aldi berean bestelako alternatibak aztertuz edo hauteskundeen errepikatzeko aukeran pentsatuz.

Inbestiduran, Pedro Sanchezek eskuineko alderdien abstentzioa eskatu du. Zentzurik ba al du eskaintzak?

Nire ustez, presidentetzara heltzeko beste bideak dituela jakinarazi nahi zion Pablo Iglesiasi, baina argi dago ez dela saiatu ere egin. Abstentzioa eskatu du, baina trukean ezer eskaini gabe.Benetan abstentzioa bilatu izan balu Sanchezek, proposamen serio bat egin beharko luke.

Joko honetan, zer garrantzi dauka Nafarroak? Zuek saiatu zarete bi prozesuak elkar lotzen...

Argi baitugu hori. Ezin diozu Ciudadanosi eta PPri abstentzioa eskatu inbestidura independentisten botoen esku ez uzteko helburuarekin, eta, aldi berean, hemen, independentistekin hitzarmena eginez, gobernua kendu alderdi haiei eta UPNri. Hain da inkoherentzia handia, PPk eta Ciudadanosek, adarrik ez jotzeko eskatu diotela. Zentzugabekeria bat da PSOErena.

Zer gerta liteke hurrengo bi hilabeteetan Espainian? Hauteskundeak egin litezke berriro?

Hauteskundeak egon litezke, bai, prozesu honek mesfidantza handia eragin baitu bi bazkide posibleen artean, eta, egoera konpon badezakete ere, asko zailtzen du. Dena den, hauteskundeen beldurra aintzat hartu behar da. Ez dut esan nahi emaitzen beldur izan behar garela, kasu gehienetan antzekoak izango baitira. Dena den, gizarteari porrot egin izanaren mezua emateari beldurra izan diezaiokete. PSOEk inbestidura prozesu baliagarri bat bilatuko du. Podemosen kasuan, galdutako konfiantza berreskuratzea oso konplikatua da. Bestetik, PPren eta Ciudadanosen abstentzioa bilatu lezake, baina, Nafarroan Bilduren babesarekin gobernua osatzen bada, ate hori itxi egingo zaio automatikoki.

Aukera bat ireki zaizue?

Auzia ez da aukerarik badugun. Azkenean, hasieratik argi izan dugu: lehen indarra izan ginen Nafarroan, eta gobernuan ez egoteko gainerakoek bat egin beharra dute. Batasun hori gerta liteke. Beste kontu bat da guri erabateko zentzugabekeria iruditzea. Herritarrek zigortu egin dute aurreko laukoa. PSNk oposizioa egin zuen lauko haren aurka, eta orain haren buru jarri da. Laukoa erreskatatu nahi izan du PSNk.

Sanchezek asteon iragarri du Nafarroako inbestidurara aurkeztuko dela Txibite, eta hark hartutako bidea babestu du.

Nahi dutena egin dezakete, baina ez dezatela iruzurrik egin. Maria Txibite presidente bada, Bildurekin akordio batera ailegatzeagatik izango da. Ez dago besterik. Ezin dezakete esan halabeharrez egin dela presidente. Onartu beharko dute hori, eta haiek jakingo dute zer ondorio dituen.

[Elkarrizketa Nafarroako atzoko bilera hasi baino ordu erdi lehenago egin zen]. Ematen du akordioa gertu dutela gobernu programa adostu zutenek.

Erraza zuten. Laukoak honako hau planteatu dio PSNri: presidente egingo zaitugu, baldin eta lau urteotan egin duguna irensten baduzu eta dioguna egiten baduzu. PSNk, presidentetza lortzearen truke, baiezkoa eman dio. Orain sinatuko dute, baina maiatzaren 30ean ere izenpetu zezaketen. Hain modu argian egin du atzera PSNk, laukoaren urteak ontzat jo dituela, nahiz eta laukoaren aurka azaldu zelako lortu dituen emaitza onak.

Harremanik izan al duzue sozialistekin?

Esan genien hitz egin nahi genuela. PSNk ez du ezer jakin nahi botoen %37ko ordezkaritza duen taldearekin. Izugarrizko arduragabekeria da. Podemosi eserlekuen atzetik ibiltzea leporatzen dio, baina hemen erakutsi du edozer egiteko gauza dela presidentetzaren truke. Azken lau urteak ontzat behar baditu, egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.