Bizkaiko Golkoko fuel orbanak kostaldera gerturatzen ari dira

2.200 tona fuel olio zituen ontzi bat hondoratu da Arroxela inguruan, eta orbanak hedatzen ari da. Jaurlaritzak esan du «oraingoz» orbanak ez direla helduko Euskal Herriko kostara
<em>Grande America</em> merkantzia ontzia sutan, asteartean.
Grande America merkantzia ontzia sutan, asteartean. LOIC BERNARDIN / EFE

Ane Ubegun Goikoetxea -

2019ko martxoak 16
Asteartean, 2.200 tona fuel olio zeramatzan salgaien ontzi bat hondoratu zen Bizkaiko Golkoan, Frantzian, Arroxela hiritik 300 kilometro ingurura. Igandean su hartu zuen itsasontziak, eta bertan zeuden 27 eskifaiakideak onik erreskatatu zituzten. Ontziak 2.000 ibilgailutik gora eta 365 edukiontzi zeramatzan, eta edukiontzi horietako 45ek merkantzia arriskutsuak zituzten. Eusko Jaurlaritzak azaldu du ezbeharra aztertzen ari dela, eta «oraingoz» ez duela aurreikusten orbanak Euskal Herriko kostara ailegatuko direnik.

Italiako Grimaldi Group konpainiaren Grande America merkantzia ontziak Hanburgo hiritik (Alemania) Casablanca (Maroko) hiriko portura joan behar zuen, baina igandean su hartu zuen, eta eskifaiakideek ez zuten sutea kontrolatzea lortu. Asteartean hondoratu zen, eta, ondorioz, bi fuel orban azaleratu dira itsasoan: bat hamahiru kilometro luze da, eta zazpi kilometro zabal; bestea, bederatzi kilometroko luze eta zazpi kilometroko zabal; hori azaldu du Stephane Dollek, uraren kutsadura aztertzen duen Frantziako Cedre erakundearen zuzendariak. Dollek jakinarazi du orbanak egunean 35 kilometro hurbiltzen ari direla kostara: «Ez dira kostaldera berehala iritsiko».

François de Rugy Frantziako Ekologia ministroak adierazi du Frantziako hiru itsasontzi —Argonaute, Partisan eta Sapeur itsasontziak —ari direla lanean kutsadura gelditzeko: «Gure helburua da ahalik eta ur gehien ponpatzea». Baina gehitu du eguraldiak eta itsasontziaren kokalekuak zaildu egiten dituztela lanak: 4.600 metroko sakoneran dago, eta itsasoa oso harrotuta dago; hori dela eta, itsasontziek ezin dute ura behar bezala ponpatu. Frantziak eta Espainiak Bizkaiko Golkoko Plana ere aktibatu dute, Madrilgo gobernuak azaldu duenaren arabera.

Vigpol Bretainiako itsasoko sindikatuak —130 talde inguruk osatzen dute— adierazpen batean ohartarazi du hondoratutako merkantzia ontziak «zailtasunak» dituela merkantzia arriskutsuak garraiatzeko ahalmena duela frogatzeko, eta iragarri du ontziaren aurkako salaketa bat aurkeztuko duela.

Hegazti kaltetuak

«Kaltetutako eremuan itsas hegazti ugari daude, janari bila joaten baitira bertara», azaldu du Antoine Monuier Hegalaldia elkarteko arduradunak. Hegalaldia elkartea hegazti zauritu basatiak biltzeaz eta artatzeaz arduratzen den zentro bat da; Uztaritzen dago (Lapurdi). Monuier kezkatuta dago gaiaren inguruan, uste baitu bihartik aurrera irits litekeela petrolioa kostara. Hala eta guztiz ere, adierazi du ezin dutela aurreikusi zenbat hegazti iritsiko diren Euskal Herriko kostaldera: «Ez dugu ideiarik ere. Ez gara kasu honetan kaltetuenak, istripua gertatu den tokitik nahiko hegoaldean baikaude; baina ehunka hegazti irits litezke batera». Badaezpada ere, elkarteak boluntarioen laguntza galdegin du: «200 boluntarioren laguntza eskatu dugu. Horien lana izango da hondartzetara joatea eta ikustea ea hegazti zauriturik baden. Zentroan bertan ere lagun dezakete».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna