Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Behera egin du dioxina mailak, azken azterketen datuen arabera

«Hiri eremuetan ohikoak» diren mailak atzeman dituzte, Osasun Sailak jakinarazi duenez. Kantitaterik handiena Eitzagan aurkitu zuten, otsailaren 18an. Geroztik behera egin du

Zaldibarko zabortegian lanean, atzo. MIGUEL TOÑA / EFE.
gotzon hermosilla
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitara atera ditu Zaldibarko zabortegiaren inguruko herrietan egindako dioxina eta furano azterketen emaitzak. Sail horren arabera, kantitatea «nabarmen» murriztu da, eta dioxina eta furanoak «hiri eremuetan ohikoak» diren mailetan daude.

Aire laginak CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiaren laborategira bidaltzen dituzte, eta lauzpabost egun behar dituzte laginak aztertu eta emaitzak jakinarazteko. Horregatik, orain otsailaren 17tik 21era arteko emaitzak plazaratu dituzte.

Datu horien arabera, nabarmena da dioxina eta furanoak asko gutxitu direla. Mailarik handienak otsailaren 18an topatu zituzten: 463 femtogramo metro kubiko bakoitzeko Zaldibarko Eitzaga auzoan, 358 Eibarren, eta 221 Ermuko Sallabente auzoan. Gogoratu behar da Osasun Sailak leihoak ez irekitzeko eta kirolik ez egiteko aholkua eman zuenean 719 femtogramo aurkitu zituztela Sallabenten egindako neurketan.

Otsailaren 19an, baina, zabortegian piztutako sua amatatzea lortu zuten, eta horrek ekarri zuen dioxina eta furano mailak behera egitea: 25 femtogramo Sallabenten, 16 Eibarren, eta 18 Eitzagan. Otsailaren 20an, sutea berriro piztu zen, eta horren ondorioz dioxina eta furano mailak ere berriro egin zuen gora, baina ez modu esanguratsuan: Sallabenten, esaterako, 77 femtogramo aurkitu zituzten metro kubo bakoitzeko; Eibarren, 37, eta Eitzagan, 28.

Sallabenten, Eibarren eta Eitzagan ez ezik, Ermuko herrigunean ere hasi dira dioxinak eta furanoak neurtzen. Oraingoz, otsailaren 21eko datuak baino ez daude azken gune horri dagokionez, eta dioxina maila ez da esanguratsua: 27 femtogramo baino ez zituzten atzeman metro kubiko bakoitzeko.

Osasun Sailak iragarri du airearen kalitatea «monitorizatzen» jarraituko duela, Ingurumen Sailburuordetzarekin koordinatuta, eta berriro gogorarazi du dioxinen eta furanoen indizeek osasunerako arriskua dakartela «esposizio handi eta denbora luzekoetan soilik».

Lixibiatuen bilketa

Uraren Euskal Agentziak esan du Zaldibarko zabortegian sortzen diren «ia lixibiatu guztiak» biltzen ari dela otsailaren 20az geroztik, eta kolektorera xurgagailuen bidez eramaten ari direla. Horregatik, espero dute laster murriztuko direla Aixola errekan agertu diren zenbait gairen maila altuak.

Ehun parametro inguru neurtzen ditu uraren agentziak inguruetako uretan. Horietatik hirutan gainditzen dira ezarritako mugak: amonioan eta OEB5 eta OEK izenekoetan. Zehaztu dutenez, hori Beko-Aixola errekastoan antzeman dute, 330 metro luze den tarte batean, zabortegiaren eta errekak Ego ibaiarekin bat egiten duen lekuaren artean. Parametro horiek gainditu izanaren arrazoia zabortegitik isurtzen diren lixibatuak dira, itxura guztien arabera.

Dena dela, berriro nabarmendu dute Ego ibaian aurkitu diren zenbait gairen jatorria ez dagoela Zaldibarko zabortegiko lixibiatuetan. Esan dutenez, luizia gertatu aurretik ere zenbait parametrok ezarritako mugak gainditzen zituzten, hiriko hondakin urak oraindik ez dituztelako kolektore nagusiarekin lotu. «Ego ibaia benetako puntu beltza izan da iraganean uren egoeraren ikuspuntutik», azaldu du uraren agentziak.

Adierazi duenez, zabortegiak bazuen lixibiatuak bildu eta eskualdeko kolektorera bideratzeko sistema, «ingurumen baimen bateratuaren baldintzetan ezarritakoaren arabera», baina, luiziaren eraginez, sistema hori hondaturik gelditu zen. Horren ondorioz, lixibiatuen emaria Beko-Aixola errekara iritsi zen zuzenean.

Hala ere, emari hori «txikia» izan da, haien hitzetan. «Nolanahi ere, URAk egunero ikuskapenak egiten jarraitzen du»,erantsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.