Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Abortu eskubidea. Epaia AEBetan. ANALISIA

Giza eskubideetan maldan behera

2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Aurrekaririk gabeko gertaera larri batek esnarazi ditu AEBak, aspaldian sare kontserbadore antolatu batek instituzioetan eta haietatik kanpo landu eta errotu duen estrategiaren emaitza lazgarriak. Haurrak izateko adinean diren 36 milioi emakumeen eskubideen kontra egin du Auzitegi Gorenak, mende erdiz izandako eskubidea bertan behera utzita. Zortzi hamarkadatan izandako auzitegirik kontserbadoreenak abortuaren kontrako erakundeen eta erlijiosoen nahia bete du, eta, lehendik baldin bazetorren ere, errepublikanoen urteetako lana ondo josia utzi zuen Donald Trumpek boterea utzi aurretik, bere ildoko hiru epaile izendatu baitzituen agindu bitartean, denak oso polemikoak eta eskuin muturrekoak.

Roe v. Wade epai historikoa baliogabetuta, aurrerantzean estatu bakoitzak izango du auziaren gainean zer legedi zehaztu erabakitzeko eskumena, baina praktikan 50 estatuetatik 26tan debekatu edo murriztuko dituzte egun dauden aukerak, luze gabe. Estaturik kontserbadoreenak aspaldian zebiltzan hari guztiak lotzen, eta 26 estatu horietatik hamahirutan prestatuta dauzkate trigger laws esaten zaien legeak. Horrek esan nahi du berehala aktiba dezaketela abortatzeko debekua, eta abortatuz gero zigortzeko moduak.

AEBetan, abortatzeko eskubidearen mapa errepublikanoen eta demokraten estatuek erakusten duten marrazki bera da. Herrialdea bitan banatuta dago, eta erdialdea zulo beltz bat izango da emakumeentzat, eragozpen guztiak jarriko baitituzte aborta ez dezaten. Agerikoa da, beti bezala, emakume beltzak, migranteak eta pobreak izango direla umeak halabeharrez izango dituztenak edo seguruak ez diren bideak erabili beharko dituztenak, abortatzea legezkoa den estatuetara joateko baliabiderik ez dutelako. Abortatzeak duen kostuaz gainera, bidaia eta egonaldia ez baitira merkeak.

Diruak emango dio ahalmena emakumeari abortatzeko, baina, nolanahi ere, emakume guztiak dira kaltetuak: kalte konponezina da magistratu atzerakoi eta matxista batzuek erabaki ahal izatea noraino irits daitezkeen giza eskubideak, norainoko ahalmena duten emakumeen askatasuna mugatzeko eta haien gorputzaren gaineko erabakiak debekatzeko; gizonen agindupean erregimen baten menpera jartzeko.

Erabakiak berehala erreakzioak sortu ditu mundu zabalean, eta amorrua, berriz ere gogorarazi behar baita asko borrokatutako eta irabazitako eskubideak ere gal daitezkeela, emakumeek lortzen dituzten garaipenek kontrako erreakzio ultrak eragiten dituztela. Hau ere badela gerra bat. AEBetako erabakia abisu bat da munduko emakume guztientzat, gustuko izan edo ez lehen mundua deritzon horretako herrialderik boteretsuenak eragin handia baitu. Inguruko herrialde gero eta kontserbadoreagoentzat etsenplua izan liteke, eta aurrera egiten ari ziren herrialde batzuentzat oztopo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.