«Preso guztientzako» bide orria adostu nahi du Kalera Kalera-k

Aste Nagusiko urteroko manifestazioa egin dute, Bilbon. Euskal Herria «preso eta iheslari gabeko herri» bihurtzeko akordioa eskatu dute. Kalera irteteko deia egin diete herritarrei

Euskal presoen aldeko manifestazioa, atzo, Bilboko Kale Nagusian behera. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Kalera Kalera mugimenduakpresoak espetxeetatik atera eta iheslariak Euskal Herriratzeko akordioa eskatu zuen atzo, Bilboko Aste Nagusiko egun handian egindako mobilizazioan. «Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren azken gogoetekin bat eginik, hitzetatik harago doan lan agenda aldarrikatzera etorri gara. Preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herria erdietsiko duen bide orria zehaztu dezagun», aldarrikatu zuen Arantza Garbaio preso ohiak manifestazio bukaerako ekitaldian. Bada garaia. Presoak kalera lelopean, ehunka lagunek hartu zuten parte martxan. Presoak etxeratzearen eta amnistiaren aldeko oihuak entzun ziren ibilbidean. Preso bilbotarren argazkiak ere eroan zituzten eurekin.

Garbaioren esanetan, ezker abertzaleak «argi» dauka «etorkizun berria eraikitzeko ezinbestekoa» dela «sufrimendu eta heriotza iturri den kartzela politika amaitzea». Horregatik, «konponbidearen aldeko eskaera» kalean mantendu behar dela esan zuen, eta horretarako deia egin zien ezker abertzalearen militanteei eta, oro har, euskal gizarteari. Besteak beste, Presoak orain leloa duen dinamikak deituko dituen ekimen eta mobilizazioan parte hartzeko eskatu zuen. «Xantaia gisa egungo beraien legearen aplikaziorako baldintza eta posizionamendu politikoak eskatzen dituztenen aurrean tinko agertzeko ere dei egiten dugu», gehitu zuen. «Ehuntzen ari diren harreman berriak» nabarmendu zituen.

Garbaiok espetxean daudenak gogoan hartuta hasi zuen berbaldia. Haiei eta asteburuan bisitan joango zaizkienei bidali zien lehen aupada: «Eraman bisen geletara eta mintzategietara gaur hemen dagoen harrotasuna eta maitasuna. Esaiezue maite ditugula. Esaiezue herri honen aldeko borrokak merezi duela». Izan ere, manifestazio bukaerako ekitaldia lau gutun irakurriz hasi zuten, lau presok bidaliak. Besteak beste, sakabanaketa bukatzeko, zigorrak batzeko eta gaixo dauden presoak kaleratzeko eskatu zuten. Salatu zuten Euskal Herrian ez dagoela «errepresioa sufritu ez duen herririk eta belaunaldirik».

Manifestazioa Moyua plazatik abiatu zen, Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetza dagoen plazatik. Abiatu aurretik, duela 24 urte Uruguain izandako gertaera bat gogoratuzuten. Euskal iheslariak Espainiaratzearen aurkako mugimendua sortu zen herrialde hartan, eta Uruguaiko Poliziarekin izandako borroketan bi lagun hil ziren eta ehunka zauritu. Roberto Facal eta Fernando Morroni izan ziren hildakoak, eta atzo omendu zituzten.

Uruguain errefuxiatu egondako Manuel Gorriti Manueltxo-k egin zuen berba. Esan zuen euskal iheslari politikoen kolektiboak ondo dakiela zer den errepresioa. Baita elkartasuna ere. «Uruguaiko herriak erakutsi zuen internazionalismoa zer den». Aupada bat bidali zien duela 24 urteko Poliziaren oldarraldia salatzeko Uruguain atzoko egunez urtero egiten den manifestazioan parte hartuko zutenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.