Koronabirusa

Lan Ikuskaritzak babes neurriak hartzeko eskatu dio Osakidetzari

Osalanekin batera, esan du osasun sistema ez dela «zuzen» ari langileen osasuna zaintzen. Langileek norberaren garbiketarako hamar minutu izatea galdegin dio, besteak beste

Donostia ospitaleko langileen protesta, joan den irailean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Langileen segurtasun eta osasun alorretan Osakidetzak «irregulartasunak» egin ditu, EAEko Lan Ikuskaritzak eta Osalanek txosten batean ohartarazi dutenez. SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuak egindako salaketa bat aintzat hartuta egin dute oharra. Zorrotza da Osakidetzari egiten dion kritika. Haren arabera, Osakidetzak ez du hartu neurri nahikorik COVID-19aren eraginez arriskuan dauden langileak babesteko, eta haiek birusarekin kutsatzeko duten arriskua ez du txertatu lan arriskuen ebaluazioetan. Hala, hilabeteko epean irregulartasunak zuzentzera behartu du Osakidetza.

Osakidetzako langileen segurtasun eta osasun neurriak eskasak direla esanez aurkeztu zuen salaketa SATSEk, eta sindikatuari arrazoia eman diote orain Lan Ikuskaritzak eta Osalanek. Sindikatuak jakinarazi du egiaztatuta geratu dela Osakidetza ez dela «zuzen» jokatzen ari langileen segurtasuna bermatzeko orduan, eta neurririk ez dela hartzen ari koronabirusak duen arrisku biologikoa saihesteko. Lan Ikuskaritzaren eta Osalanen arabera, «onartezina» eta «ulertezina» da Osakidetzak horrela jokatu izana, sindikatuak ohar batean azaldu duenez.

Hori hala, egoera zuzentzeko hainbat neurri hartzeko eskatu diote Osakidetzari, eta hilabeteko epea eman diote horiek betetzeko. Horietatik bi berehala hartu beharko ditu: batetik, osasun langileek hamar minutuko tartea izan beharko dute beren burua garbitzeko lanaldia amaitzerakoan zein bazkaldu aurretik eta aldageletan langile bakoitzak bina armairu izan beharko ditu laneko eta kaleko arropak bereizteko. Bestetik, Osakidetzak formaldehido substantzia kimikoarekin lan egiten duten langileentzako arriskuen ebaluazioa eta prebentzio neurriak moldatu beharko ditu, minbizia eragin baitezake horrek. Joan den astean,EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ere Osakidetzari esan zion langileei astia eman behar diela beren burua garbitzeko; kautelazko ebazpen bat eman zuen, hain justu, horren berri emanez.

Ikuskaritzak eta Osalanek landutako txostenaren arabera, orain arte Osakidetzako langileen %4,1 kutsatu dira birusarekin —EAEko positibo guztien %16 dira—, baina osasun zentroetan ez dira kontrol neurriak hobetu. Lanpostuak prebentzioaren ikuspegitik ebaluatu beharrean, soilik osasun protokoloei atxikita jardutea egotzi diote Osakidetzari. Irregulartasunen artean, besteak beste, osasun sistemari egozten diote «arrisku biologikoaren» eta, bereziki, COVID-19aren arriskuari buruzko araudia urratzea, arriskuei buruzko ebaluazio eskasa egitea, eta ebaluazioek ez izatea«gutxieneko zorroztasun teknikorik».

Halaber, lanpostu bakoitzaren egoerari eta kutsatzeko arriskuari buruzko azterlan teknikorik ez egitea aurpegiratu diote Osakidetzari. Hori dela eta, lanpostu bakoitzaren arrisku espezifikoaz ebaluazioak egitea galdegin diote, bai eta langileak protokoloetan eta prebentzio neurrietan trebatzea ere. Langileen lan jarduna eta atsedenaldiak «zorrotz» betetzea, eta ospitaleak eta osasun zentroak norbera babesteko ekipamendu nahikoekin hornitzea ere galdegin diote, besteak beste.

Zentro guztietan

Bilboko Santa Marina, Galdakaoko eta Basurtuko ospitaleen egoerei erreparatu zien SATSEk bere salaketan, baina Lan Ikuskaritzak Osakidetzan atzeman dituenirregulartasunak ez dira bakarrik hiru erietxe horietara mugatzen: «COVID-19aren krisia baino lehenagokoak dira, eta izurriak areagotu baino ez ditu egin». SATSEk azpimarratu duirregulartasun horiek lan arriskuen prebentzioari buruzko legea eta arlo horretako zenbait dekretu urratzen dituztela, eta neurriak Osakidetzako zentro guztietan aplikatu beharrekoak direla.

Osakidetzako langileak aspaldi ari dira salatzen osasun krisiak okertu egin dituela euren lan baldintzak, eta, besteak beste, babes neurri egokirik gabe ari direla beharrean. Azken egunetan, gainera, zenbait kutsatze atzeman dituzte, besteak beste, Basurtuko ospitalean, Donostia ospitalean, eta Aita Menni ospitalean (Arrasate, Gipuzkoa). Atzo, ELA sindikatuak ohar batean salatu zuen «izugarria» dela erietxeetako langileen artean agerraldiak sortu izana. ELAren ustez, Osakidetzako beharginek ez dute babes neurri nahikorik eta egokirik izurriari aurre egiteko, eta Osakidetzarena da erantzukizuna: «Onartezina da lehen olatuan dena eman zuten langileei aukerarik eman ez izana fisikoki, animikoki eta emozionalki osatzeko, eta bigarren olatu honetan kutsatzeak, gaixoaldiak eta osasun ondorioak pairatu behar izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.