Koronabirusa

Ikerketa batek auzitan jarri du Erresuma Batuko kasu kopurua

Zenbatutakoa baino bost aldiz kasu gehiago izan direla dio ikerketak: 12,4 milioi, herrialde osoan. OMEren aditu talde bat Txinara joango da ostegunean, gaitzaren jatorria ikertzera

Hope hitza —itxaropena, ingelesez— erakusten duen publizitateko panel bat, igandean, Londres erdiguneko Picadilly Circus plazan. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko positibo kopuru erreala urrun dago datuetan jasotakotik, Edge Health osasungintzari buruzko estatistika zentroaren arabera. Kasu asintomatikoen kopuruaren eta COVID-19a atzemateko probetan izandako gabezien ondorioz, okerreko datuak ematen ari direla uste du zentro horrek, eta positibo kopuru erreala nabarmen handiagoa dela; zehazki, hamar milioi kasu gehiagokoa. Ikerketaren arabera, 12,4 milioi lagun kutsatu ziren pandemia herrialdera iritsi zenetik iragan urtarrilaren 3ra arte —epe horretan, 2,4 milioi kasu erregistratu zituen gobernuak, testen eta arakatze sistemaren bidez—.

Erresuma Batuko Osasun Zerbitzu Nazionalaren datuak aztertu ditu Edge Health etxeak, eta azterketa horien emaitzak argitara eman ditu The Guardian egunkariak. Herrialdea eremuka banatu dute, eta zona bakoitzeko kasu kopurua zenbatu dute. Tokian tokiko datuei erreparatuta kalkulatu dute balizko positibo kopuru erreala, eremu jakin bateanCOVID-19aren ondorioz hildakoen zenbatekoa heriotza tasarekin alderatuta. Aldea ez da nolanahikoa: bost lagunetik batek izan du COVID-19a aztertutako epean Erresuma Batuan, eta, zenbait eremutan, bost lagunetik bik. Londres hiriburuko auzo batzuetako eta herrialdearen hegoaldeko konderri batzuetako egoera da azken hori. Londreseko Barking eta Dagenham eta Newham barrutietako egoera da muturrekoena. Bi zona horietako bakoitzak 100.000 kasu positibo baino gehiago izan ditu, ikerketaren arabera —35.000 positibo ingurukoa da kopuru ofiziala, bi barrutietako datuak batuta—. Zenbatutakoa baino zortzi aldiz kasu gehiago izan daitezke bi eremu horietan, hortaz.

Iturri ofizialek ez dituzte gezurtatu Edge Health zentroak emandako datuak. Izan ere, Erresuma Batuko herritarren zati handi batek uste du erregistratutakoa baino dezentez kasu gehiago izan direla herrialdean, edo, behinik behin, detekzio sisteman jaso gabe geratu direla positibo ugari. Uste hori indartzen du COVID-19a atzemateko probak ugaritu izanak ere; eguneko 40.000 proba egiten zituzten pandemiaren lehen asteetan, eta, egun, 500.000 baino gehiago egiten dituzte egunero.

Osasun sistema larri

Erresuma Batua orain arteko COVID-19 olde gogorrena kontrolatu nahian ari denean eman du ikerketaren berri Edge Healthek. Gaitzaren hedapena gelditzeko neurriak zorroztu zituen Londresek urtarrilaren 4an, baina egoera epidemiologikoak ez du hobera egin. Osasun sistemaren saturazioa da mehatxu nagusia momentu honetan. Babesa eskatu zuten herrialdeko osasun langileek joan den larunbatean, koronabirusaren eraginez herrialdeak orain arte izandako hildako gehien —1.325 hildako— erregistratu eta hurrengo egunean.

Hiriburuan dute arazo gehien. 100.000 biztanleko 1.000 kasu positibo baino gehiagoko intzidentzia tasa izan dute azken egunetan Londresen. Hiria «kontroletik kanpo» zegoela adierazi zuen duela egun batzuk Sadiq Khan alkateak, eta ohartarazi «osasun sistema publikoa gainditzeko eta jende gehiago hiltzeko» arriskua zegoela, «berehalako neurriak» hartu ezean.

Hain justu, atzotik itxita daude Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak Erresuma Batuan, pandemiaren aurkako neurri berri gisa. Gaitzaren hedapena galarazteko neurriak txertaketa kanpainaren azkartzearekin uztartu nahi ditu gobernuak, egoera ahal bezain lasterren iraultzeko. Herritarrak masiboki txertatzeko, zazpi gune zabaldu zituzten atzo. Otsailaren erdialderako, hamabost milioi laguni —70 urtetik gorakoak, osasun langileak eta osasun arriskuengatik babesteko behar handiena dutenak— eman nahi diete txertoa. Oraingoz, bi milioi txerto inguru banatu dituztela jakinarazi du Matt Hancock Osasun ministroak.

Eguberrien osteko kasuen gorakada azkarren nabaritu duen herrialdeetako bat da Erresuma Batua, baina gaitzaren hirugarren olatu deiturikoaren eragina nozitzen ari dira Europako gainerako lekuetan ere. Neurriak gogortzen ari dira. Frantziak, esaterako, etxeratze agindua 18:00etara aurreratu du izurriak gogorren jotako departamenduetan.

Agerraldi bat, Txinan

Kasuen gorakadak ez ezik, izurria ere berritzen ari da, eta horren adibide da Txina. Azken hilabeteetan COVID-19a kontrolpean izan ostean, agerraldi baten berri eman zuten hango agintariek igandean, Hubei probintzian. Jakinarazi dute 400 kutsatu inguru izan direla.

Hain justu, gaitzaren lehen kasuak atzeman zituzten duela urtebete Txinan, eta atzo jakin zen herrialde horretako agintariek baimena eman diotela OME Osasunaren Mundu Erakundeari pandemiaren jatorria bertan ikertzeko. Hamar laguneko talde bat bidaliko du OMEk Txinara, eta datorren ostegunean iritsiko da. Joan den astean iritsi behar zuten, hasiera batean, baina bisita astebetez atzeratu zuten, Txinako Gobernuaren eta OMEren arteko negoziazioak luzatu zirela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.