Lourdes Oñederra.
Miguel Angel Blancoren hilketaren 20. urteurrena. IRITZIA

Aberria ala hil

2017ko uztailaren 11
00:00
Entzun
1997an gurasoak hil zitzaizkidan, biak, auto istripu batean. Miguel Angel Blancoren heriotza baino lau hilabete lehenago. Doluaren atal gordin hartan harrapatu ninduen beraz. Ez dakit noraino eragin zuen horrek nigan. Baten batek pentsa lezake handitu egin zuela Blancoren heriotzaren zirrara nigan. Ez dut uste heriotzaren izua, are beste norbaitek erabakitako heriotzarena, handitu egin daitekeenik. Ez dakit gizakiarentzat gauza larriagorik ba ote den. Izatekotan, murriztu egin liteke eta murriztu egiten dugu gizaki ergelok giza bizitza baino handiagotzat hartzen ditugun ustezko egien menpe: aberria, erlijioa, etab.

Blanco hil egin zutela jakin zenean anaiekin nengoen, gurasoen heriotzaren ondoren maitekiro zaindu gintuen bihotzeko adiskide baten etxeko sukaldean, goxo, kanpoan ala etxean afalduko genuen erabakitzen.

Ez nuen gauza handirik esan. «Jesus!» edo «Jaungoikoa!» edo egoera izugarrietan adin batetik aurrerako sinesgabeei ere ateratzen zaizkigun horietakoren bat. Ez nuen sinetsi nahi, baina ez zitzaidan beste aukerarik gelditzen: bai, ETAk horrainoko ankerkeriarako gaitasuna zuen. Ez zen —eta bazen behingoz aitortzeko garaia— jende idealista nahastu hura, ez zen abertzale erromantiko heroiko koadrila bat... Eta banekien. Yoyesen hilketa aspaldi gertatua zen, eta beste asko. Ematen du, baina, ni bezalakook gauzak behin eta berriz gertatzea behar dugula, erabat jabetzeko egiaz. Blancorena berezia izan zen maila kolektiboan. Jakina da inoiz ez bezala atera zela jende multzoa kalera aska zezaten eskatzera. Ez ziren nonbait ETAri axola zitzaizkion pertsonak, oker zeudenak baizik, eta horiek ez zuten kasu egitea merezi, ez bazen akabatzeko.

Pentsatzen dut horiek guztiak bururatu zitzaizkidala, edo hori da orain berreraiki dezakedana. Ziur dakidana da, eta hori da gogorrena, ez nuela ezer egin. Ez nintzen elkartu Blanco aska zezaten eskatzen zutenekin, ez nintzen kalera irten hil zutenean. Lehentasuna eman nion bandoen logika txikitzaileari: gu eta besteak.

Nire bulegoko mahaiak Buesa eta Diez hil zituen bonbarekin dar-dar egin zuen arte, ez nintzen gauza izan ETAren kontrako protestan abertzale ez zirenekin elkartzeko kalean... Hori izan daiteke ordutik honako aldaketa. Orain ez nuke zalantzarik izango. Nire esperantza da herrikide guztiek, ni baino are beranduago bada ere, pausu hori egin dezaten: giza bizitza aberriaren eta gainerako sinesmenen aurretik jar dezatela, leialtasun partidista guztien gainetik onar dezagula zoramen gaizto bat izan direla ETA aberriagatik jendea hiltzen eta beldurtzen egon den urteak. Horrela sendatuko gara.

Badakit poliziaz, kartzelez eta gerra zikinaz asko dagoela oraindik esateko, baina gaur honetaz galdetu didazue eta oso ondo dago: gai bakoitzaz dagokion txandan hitz egin behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.