Abokatuek salatu dute presoen eskabideak «blokeatuta» daudela

Ezezkoa erantzun diete gradu aldaketa edo irteera baimena lortzeko egindako eskabideei. Abokatuek diote «argudio politikoak» erabiltzen dituztela eskaerak aintzat ez hartzeko

Iñaki Zugadi eta Onintza Ostolaza, atzo, Bilbon. JUNE PRIETO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Euskal preso ugari hasi da legearen bidea urratzen bere egoera hobetzeko, eta eskabideak egin dituzte gradu aldaketa edo, horretarako aukerarik dutenen kasuan, irteteko baimena lortzeko. Baina, orain arte, eskabide horiek espetxe erakundeen eta epaileen ezezko borobilarekin egin dute topo. Are gehiago: presoen abokatuek salatu dutenez, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralean «blokeoa» dago gai honen inguruan, eta ehun eskabide inguru daude Jose Luis Castro epailearen mahai gainean erantzun baten zain, horietako batzuk iaztik.

Euskal presoen abokatu Onintza Ostolazak eta Iñaki Zugadik azaldu dute zertan diren euskal presoek aurkezturiko eskabideak. Gradu aldaketei dagokienez, gogorarazi dute lehen graduan egotea salbuespeneko neurria dela, eta Espainian preso arrunten %2,1 baino ez dagoela egoera horretan. «Euskal presoen kasuan, aldiz, proportzioa alderantzizkoa da», esan du Ostolazak. Izan ere, euskal presoen %95 inguru lehen graduan atxikitzen dituzte, eta %5 baino ez daude bigarren graduan. Lehen gradutik ateratzea ezinbesteko baldintza da beste onura batzuk —irteteko baimena edo baldintzapeko askatasuna, esaterako— eskuratu ahal izateko.

Euskal presoak aspaldi hasi ziren legeak gradu aldaketa lortzeko ezartzen duen bidea urratzen, eta orain arte ehun eskabide baino gehiago aurkeztu dituzte helburu horrekin. Espetxe bakoitzeko ebaluazio batzordeari dagokio eskabide horien inguruan ebaztea; kasu guztiak atzera bota dituzte.

Hori ikusita, abokatuek zenbait helegite aurkeztu dituzte Madrilgo Espetxe Zaintzako Idazkaritza Nagusiaren aurrean, eta han ere erantzuna ezezkoa izan da beti. Bide administratiboa agortuta, auzitara jotzea erabaki dute abokatuek, eta helegiteak aurkeztu dituzte Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralean; han, abokatuek salatu dutenez, «blokeoa» sortzen ari da, eta ehun eskabide inguru daude Jose Luis Castro epaileak zer ebatziko zain, horietako batzuk iaz aurkezturikoak.

Blokeoa gorabehera, Castro epaileak eskabide gutxi batzuk aztertu ditu, eta erantzuna ezezkoa izan da horietan guztietan ere. Abokatuek helegitea aurkeztu diete ebazpen horiei ere, eta, oraingoz, Espainiako Auzitegi Nazionalak bakar bati erantzun dio, Kordobako espetxean (Espainian) dagoen preso baten eskaerari. Ez dute aintzat hartu helegitea.

Irteteko baimenei dagokienez, abokatuek gogorarazi dute oso preso gutxik dutela hori eskatzeko aukera, horretarako beharrezkoa delako bigarren graduanegotea. Eskatu dutenen kasuan, bi baino ez dituzte onartu: Sara Majarenasena eta Xabier Sagardoirena, hain zuzen ere. Gainerako guztiak atzera bota dituzte, horien artean Ekaitz Ezkerrarena —Burgosko kartzelan (Espainia) dago, Segiko kide izatea leporatuta, eta hamar hilabete baino ez du falta zigor osoa betetzeko— eta Sebastian Etxanizena —75 urte ditu, eta, hortaz, baldintzapeko askatasunean beharko luke legearen arabera—.

«Eredu bati jarraituz»

Agintari politiko eta judizialek behin baino gehiagotan nabarmendu dute euskal presoek egin beharreko bidea «banakakoa» dela. Abokatuek azaldu dute horrelakoxeak direla preso bakoitzak aurkezturiko eskabideak, norberaren egoeraren eta zirkunstantzien araberakoak. Baina jasotzen duten erantzuna, aldiz, guztientzat berbera da, «eredu bati jarraituta» eginda balego bezala, eta «argudio politiko eta anakronikoak» erabilita.

«ETArekin lotura izatea» da gradu aldaketa ukatzeko erabilitako argudioetako bat. Zugadik nabarmendu du horrek ez duela «inolako zentzurik» ETA desagertu ondoren. «Berriro delitua egiteko arrisku handia» da beste arrazoietako bat. «Epaileek benetan sinesten al dute presoak berriro ETAn sartu eta jarduera armatuari ekingo diotela?», galdetu du Zugadik.

Argudio horiek ikusita, abokatuek uste dute Euskal Herriko giro politiko berriak eragina izan behar duela espetxe politikan ere, eta «zuzenbidearen eta justiziaren esparrura» bueltatu behar duela. «Salbuespeneko espetxe politikaren garaia amaitu behar da», esan du Onintza Ostolazak. «Azken urteotan euskal egoera politikoak izandako sakoneko aldaketa ezin dugu alde batera utzi, eta zuzenbidearen mundua ezin da axolagabe gelditu aldaketa hori ikusita».

Abokatuek eskaera zehatza egin diote Espainiako Espetxe Zaintzako idazkari nagusi berri Angel Luis Ortiz Gonzalezi: Espainiako gobernu berriak ahotan ibili duen «legezkotasun printzipioa» ezartzeko euskal presoei, «salbuespen legeria» amaituta. Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentraleko epaile Jose Luis Castrori ere «blokeoa amaitzeko» eskatu diote, eta bide emateko mahai gainean dituen ehun eskaera ingururi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.