Jean Claude Boumtgor. Migratzailea

«'Ez al dago harrera zentrorik?', galdetu genuen»

2018ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Gaztelaniaz poliki moldatzen da Jean Claude Boumtgor, eta, hein batean, beste hainbat migratzaileren ordezkari ari da egunotan Irunen. Atzo, harrera sareak eskainitako agerraldian izan zen; hedabideetan ere solastatu da. 30 urte ditu, eta Kongon sortua da, kazetaria. «Goratu besterik ezin dugu egin ematen ari zaizkigun arta», adierazi zuen: boluntario askoren lanari esker hobeto daudela esan zuen. Baina babesik gabeko uneak ere deskribatu zituen. Frantziara iristeko asmoz heldu zen Irunera; baina arazoak izan ditu mugan: kanporatu egin izan dute. Lehenengoz bueltatu zuten aldian, Irunera arratsaldeko bostetan iritsi zirela gogoratu zuen: noraezean sentitu zirela. «'Ez al dago harrera zentrorik?' galdetu genuen. 'Aterpetxerik lotarako?' Udaletxera joateko esan ziguten. Nora? Ez genekien nora jo. Tren geltokian igaro behar izan genuen gau hura». Hurrengo egunean aurkitu zuten harrera zentroa. Eta muga: «'Hemen bost gau igaro ditzakezue', esan ziguten». Askotan epe laburregia dela onartu zuen. Diru premian daude asko, beren familiek bidean jarraitzeko diru apurren bat bidaltzeko zain, eta, paperik gabe, urrats errazena ere zaildu egiten da: luzatu. Hemen geratu nahi dutenentzat ere arta egoki bat eskatu zuen: «Integrazio duin bat nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.