Koronabirusa

Neurri zorrotzagoak, pandemiak eragin handiena duen hirietan

Murrizketak iragarri ditu Espainiako Gobernuak, 100.000 biztanletik gorako hirietarako. Hegoaldean antzemandako positiboen erdiak, Nafarroan. Kezka azaldu du Txibitek

Egoitza bateko langileak. M.R / FOKU.
Uxue Rey - Arantxa Iraola
2020ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Kafea denentzat. Akordioa lortu dute Espainiako Gobernuak eta Madrilgo erkidego autonomoak, Espainiako hiriburuan erregistratutako azken COVID-19 agerraldien ostean, osasun neurri murriztaileagoak ezartze aldera. Madrilek, baina, baldintza bat jarri du: neurri horiek ezar daitezela Espainiako estatu osoan, 100.000 biztanletik gorako hiri guztietan. Hori izanen da, beraz, Espainiako Osasun Ministerioak erkidego guztiei proposatuko diena: neurri murriztaileak ezarriko dituzte «pandemiak eragin handiena izandako hirietan». Populazioaz gainera, hiru faktore erabiliko dituzte, neurriok ezarri behar diren ala ez erabakitzeko: bat, 100.000 biztanleko 500 positibo antzeman izana, 15 eguneko epean; bi, PCR proben positibo maila %10etik gorakoa izatea; eta hiru, ZIU unitateen okupazioa %35ekoa izatea, gutxienez.

Espainiako Osasun ministro Salvador Illak iragarritako neurrien artean daude, besteak beste, pertsonen mugikortasuna mugatzea, saltoki eta ostatuen gehienezko edukiera murriztea eta itxiera orduak aurreratzea. Populazioari erreparatuz gero, Hego Euskal Herriko lau hiriburuei eta Barakaldori eraginen lieke erabakiak, baina murrizketetatik at geldituko lirateke, beste faktoreak aintzat hartuta. 100.000 biztanletik beherako udalerrien kasuan, erkidegoen esku geldituko litzateke konfinamendua eta bestelako neurri murriztaileak ezartzea.

Illa ministroaren agerraldiaren aurretik, kutsatze datuekin «kezkatuta» azaldu zen Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibite: «Egoera kontrolatua daukagu, eta, erabakiak hartu behar badira, ez dugu zalantzarik egingo». Ildo horretan, esan zuen ez dutela asmorik Nafarroa osoa konfinatzeko, eta arbuiatu egin zituen Nafarroako egoera Madrilgoarekin «konparatzera» egin duten ahotsak; adierazi zuen, Espainiako autonomia horrekin alderatuta, Nafarroan erietxeetako okupazio tasa baxuagoa dela, eta positiboen aztarnari jarraitzeko test gehiago egiten dituztela: hain zuzen ere, Espainiako batezbestekoa «halako bi». Horiek horrela, Txibitek uste du ezin dela «erkatu» bi erkidegoetako egoera.

Osasunbideak eta Osakidetzak emandako azken datuen arabera, lurraldez lurralde Nafarroan atzeman dute positibo gehien, berriz ere. Are, Hegoaldeko kopuru osoaren erdiak baino gehiago dagozkio lurralde horri: 318 positibo zenbatu dituzte han, aurreko egunean baino 60 gehiago. Gipuzkoan ere, gora egin du positiboen kopuruak: zehazki, 99 detektatu dituzte; aurreko egunean, berriz, 90. Bizkaian eta Araban, ordea, gutxitu egin dira egun bakarrean zenbatutako kasuak: Bizkaian 138 izan dira, eta Araban, 39. Azken egunean, guztira 10.475 PCR proba egin dituzte Hego Euskal Herrian.

Indurainen kezkak

Santos Indurain Osasun kontseilaria ere kezkatuta agertu zen. Azaldu zuen igandean erregistratutako datuek «lasaitzeko» balio izan zutela, 258 positibo atzeman baitzituzten, baina nabarmendu zuen astelehenean kasuek 300 positiboren langa gainditu dutela berriz ere. Are, egindako PCR proben gaineko positibotasun tasak gora egin du berriz: %10,2koa da, azken datuen arabera. Zehaztu zuen, bestalde, kasuen ugaritze hori Alesbesen detektatuko agerraldiari zor zaiola batez ere.

Osasun Departamentuak jakinarazi duenez, 33 positibo zenbatu dituzte azken orduetan bertako zaharren egoitzan. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk ere hizpide izan zuen atzo izurria; esan zuen udan behar baino «kontaktu sozial» gehiagoko portaerak izan direla, eta datuen bilakaera korapilatu egin dela. Uste du orain «ondo» doazela datuak, baina «adi» segitu beharko dela; horiek horrela, iragarri zuen udan ezarritako murrizketetan aldaketak egingo dituztela orain, eta udazken-neguetako egoerara eta bizi ohituretara egokituko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.