Zahar etxeen eredua aldatzeko eskatu dute 250. greba egunean

Gipuzkoako zahar etxeetako langileek lan baldintzak eta zaintza erdigunean jarriko dituen lan hitzarmen bat galdegin dute Donostian. ELAk negoziatzeko eskatu dio aldundiari

Zahar etxeetako langileek manifestazioa egin zuten Ibaetako kanpusetik Bulebarreraino, eta gero aldundiaren egoitzara joan ziren. JON URBE / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
Donostia
2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun

250 egun igaro dira iazko urrian Gipuzkoako zahar etxeetako langileek berriro ere greba hasi zutenetik, eta oraindik ez dute borrokarako grina galdu. Atzo indar erakustaldia egin zuten Donostian, eta, ELA sindikatuaren eskutik, Markel Olano ahaldun nagusiari eskatu zioten «behingoz» negoziatzera esertzeko eta gatazkaren irtenbiderako «oztopo» izateari uzteko.

Langileek eta sindikatuak lan hitzarmen «duin» bat eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari, zahar etxeetako baldintzak eta egoiliarrek jasotzen duten zerbitzua hobetuko lituzkeena, baina gatazka ia hiru urtez luzatu da dagoeneko. Funtsean, «lan baldintza duinak eta zaintza ardatz izango dituen egoitza eredu bat» nahi dutela azaldu du ELAk, «eta ez pribatizazioa eta negozioa oinarri dituen bat».

Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusia Donostian izan zen, eta Bulebarrean eginiko hitzartzean azpimarratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak zahar etxeetan duen eredua «bidegabea» dela, besteak beste, «finantzaketaren %90 publikoa izan arren egoitzen bi herenek irabazi asmoak dituztelako».

Halaber, soldata arrakala bukatzeko, kontratu partzialak egun osokoak bilakatu eta ratio egokiak ezarri beharra nabarmendu zuen Lakuntzak, zahar etxeetako langileen greba hau sindikala, feminista eta soziala dela azpimarratuz: «Sindikala da, langileen lan baldintzak hobetu nahi ditugulako; feminista da, soldata arrakala bukatu nahi dugulako eta zaintza lanak aitortzea nahi dugulako; eta, azkenik, soziala da, besteak beste egoiliarren egoera eta ematen zaien zerbitzua hobetu nahi ditugulako».

Horiek horrela, ELAk gatazkari irtenbidea emateko proposamen bat duela gogoratu zion Lakuntzak Olanori, eta sindikatuarekin biltzeko eskatu zion: «Zer gehiago egin behar dute langile hauek, Olano jauna? 250 eguneko greba egin dute, eta pandemian beraien eta senideen bizitzak arriskatu dituzte. Entzutea eta akordioari bide ematea aldundiaren esku dago, eta haren ardura da [...]. Pandemiaren ostean, zor diguzu».

Nekatuta, baina gogotsu

Koronabirusak bereziki gogor jo ditu zahar etxeak, eta, harekin, azken hamabost hilabeteotan langile eta egoiliarren baldintzak are gehiago okertu direla salatu dute sindikatu eta langileek. Ana Merchan Ordiziako San Jose zahar etxeko langilea da, eta pandemiaren egun gogorrenetan bizi izandako «kaosa» ekarri du gogora: «Gure egoitza, hasieran, kutsatu gehien izan zituena izan zen, eta egoiliarren erdiak hil zitzaizkigun. Goizero, lanera bueltatzen ginenean, gure galdera bakarra zen: Gaur nor? Gaur zenbat? Egun batean sei izan ziren».

Bere egoitzako langile gehienak ere birusarekin kutsatu ziren, eta haietako hamar ospitaleratu egin behar izan zituzten horregatik. Hala, jasandako guztiaren ostean «fisikoki zein psikologikoki nekatuta» dagoela azaldu du Merchanek, eta aldundiak bere jarrera aldatu ez duela ikustea «gogorra» egiten zaio. Baina ez du itxaropena galdu: «Ez dago atzera-bueltarik; jendea gogotsu dago, eta argi dugu greba ez dugula bukatu behar hitzarmena sinatu arte».

Bulebarreko atzoko ekitaldian, langileek salatu zuten aldundiak eta sektoreko patronalak lan karga «jasanezin» bat ezartzen dietela, eta egungo ereduaren barruan pairatzen dituzten arazoak zerrendatu zituzten. Besteak beste, azaldu zuten kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko ezinbestekoa dela zahar etxeetako langile ratioak areagotzea, egungo baldintzekin ez direlako gai egoiliarrei merezi eta behar duten arreta eskaintzeko.

Ana Sastre Donostiako Txara II egoitzako langileak kontatu du nola dagoen bere zentroa: «Goizean 15 minutuko tartea daukagu egoiliar bakoitzaren atea jo, egun on esan, jaikitzen lagundu, dutxara eraman, jantzi, gizonei bizarra kendu eta jangelara gosaltzera eramateko. Zein erritmotan ari gara lan egiten? [... ] Ratioak areagotuz gero, ez genieke aldiro esan beharko itxaroteko, oraindik ezin diegula lagundu. Hitz horiek etengabe errepikatzen dira zahar etxeetan».

Greba eskubide «bahitua»

Pandemiaren aurretik, Gipuzkoako zahar etxeetako langileak beste zortzi hilabetez egon ziren greban, baina, alarma egoera heldu zenean, «arduraz» jokatzea erabaki eta beren lanpostuetara itzuli ziren. Sektorean pairatzen zituzten baldintzak hobetu ez eta okerrera egin zutela ikusita, iazko urrian grebara bueltatzea erabaki zuten, ordea, baina ELAk salatu du aldundiak greba eskubidea «bahitu» diela langileei, %100eko gutxieneko zerbitzua ezarri duelako: «Guztiaren oinarrian genero arrakala dago, eta emakumeak eta adinekoen zaintzaileak garelako urratu digute greba eskubidea, baina, oztopoak oztopo, gaur hemen gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.