Koronabirusa

Bigarren fasera pasatu dituzte Baionako eta Angeluko campusak

Baionako campuseko ikasleak, maskara jantzita. GUILLAUME FAUVEAU.
Garikoitz Goikoetxea - Oihana Teyseyre Koskarat
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Paue eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitateak trenkatu du: bigarren fasera igaro da unibertsitatea, eta dagoeneko indarrean da neurria Baionako eta Angeluko campusetan. Zona gorrira pasatu zen Pirinio Atlantikoetako departamendua. Orain arte, hamahiru kasu atzeman dituzte Baionakoeta Angeluko (Lapurdi) campusetan. Irakasle eta ikasleen artean kezka eragin du berriak, antolaketa erabat aldatuko baita.

Distantzia neurriak bete ahal izateko, klase presentzialak eta ez-presentzialak txandakatuko dituzte Lapurdiko bi campusetan. Bitan zatituko dituzte taldeak, eta bi egunetik behin joan beharko du fakultatera talde bakoitzak. Bestalde, ordutegia hedatu dute, eta klaseak 08:00tatik 22:00 arte ematen ahalko dituzte, astelehenetik ostiralera, eta 18:00 arte larunbatetan.

Lisa Dumoulin zuzenbideko irakaslea da Baionan, eta, «antolaketa oso zaila» izan arren, «kolektiboki jarduteko» beharra azpimarratu du. «Dena dela, horrelako neurriek ezin dute jende guzia gogobete, baina ez dugu hauturik, krisi sanitarioak ditu jokoaren arauak finkatzen». Halere, eragozpenak saihesten saiatuko direla segurtatu du: «Helburua ez da ikasleak izorratzea, baizik eta haien osasuna zaintzea».

Oier Urreizti euskal ikasketetako ikasleak neurri berriek sor ditzaketen arazoak ditu. Ordutegi aldaketek eta klase ez-presentzialek ikasleen bizian izan ditzaketen ondorioak azaldu ditu: «Ez gara soilik ikasleak. Lana badute batzuek, beste aktibitate edo proiektuak badituzte besteek». Momentuz, ez daki nola pasatuko diren ondoko asteak. «Azalpenen zain gaude», deitoratu du.

Ikasgela gehiago itxita

Gero eta ikastetxe gehiagotan ari dira gelak ixten kideren batek positibo emanda. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak atzo emandako datuen arabera, 215 ikasgela daude itxita, eta bertako kideak, etxeratuta. Bezperan baino 25 ikasgela gehiago zeuden itxita atzo eguerdirako, hortaz. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago, Akademia Errektoretzak ez baitu eman herrikako informaziorik. Orain artekoak kontuan hartuta, 5.000 ikasle baino gehiago daude konfinatuak Euskal Herrian. Atzo, Frantziako Osasun ministro Olivier Veranekek esan zuenez, haurrek elkarren artean kutsatzeko aukera gutxi dute. Hala, haur batek positibo emanez gero, ez da beharrezkoa izango gela osoa bakartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.