Koronabirusa

Nafarroan kasu gehiago pilatu dira, eta «gainkarga» daukate osasun etxeetan

Beste 574 positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian, eta Nafarroako kasuak dira erdiak. Gobernuak aitortu du arazoa dagoela lehen arretan

PCR probak Zestoan, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Hirugarren egunez jarraian, bezperan baino kasu gutxiago zenbatu dituzte 24 orduan Hegoaldean. Osakidetzak eta Osasunbideak 753 koronabirus kasuren berri eman zuten joan den ostiralean. Ordutik, beheranzko joerari eutsi dio kutsatuen kurbak. Zehazki, beste 574 positibo zenbatu dituzte herenegun egindako probetan, aurreko egunean baino 21 gutxiago. Dena dela, nabarmen apaldu da egun bakarrean egindako test kopurua: 7.980 egin dituzte. Jaitsiera ez da leku guztietan izan, ordea: Nafarroak beste joera bat erakutsi du berriro. Bigarren egunez ugaritu dira kutsatuak, eta, beste behin, herrialde horri dagozkio Hegoaldean atzemandako kasuen erdiak baino gehiago (302), nahiz eta Hegoaldeko herritarren laurdenak bizi diren herrialde horretan. Gainera, proben positibo tasa bereziki kezkagarria da Nafarroan: eginiko testen %11,5ek eman dute positibo.

Gipuzkoan ere ugaritu egin dira kasuak azken egunean: 123 kasuren berri eman zuten atzo; bezperan baino hamabost gehiago dira. Bizkaian eta Araban, berriz, behera egin du 24 orduan detektatutako kasuen kopuruak. Bizkaian 114 izan dira, bezperan baino 49 gutxiago; Araban, 31, aurreko egunean baino bederatzi gutxiago. Positibo eman duten testen ehunekoa nabarmen txikiagoa da Osakidetzako zentroetan, Nafarroako Osasunbidearekin alderatuta, erdia baino txikiagoa: %5eko positibo tasa du Osakidetzak azken datuetan.

Koronabirusarekin lotutako heriotzei dagokienez, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du gaitzarekin eri ziren bi pertsona zendu direla azken egunean lurralde horretan: 91 eta 93 urteko bi emakume dira hildakoak. Horiez gainera, COVID-19aren sintomak zeuzkan egoiliar bat zendu da Bizkaiko zaharren egoitza batean—Arabako eta Gipuzkoako zentroetan ez dute heriotzarik izan—.

Azken datuen arabera, beste 34 lagun erietxeratu dituztela koronabirusarengatik Hego Euskal Herrian. Hala, oraintxe bertan 484 pertsona daude ospitaleetan, eta horietatik 84 ZIUetan daude.

Lehen arretako zentroak

Birusaren hedapena eragiten ari da osasun zerbitzuan, eta Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak atzo aitortu zuen lehen arretako zentroetan «gainkarga» jasaten ari direla asteotan. Kontseilariaren arabera, egoera «egonkortzen» ari da herrialdean, baina aztertzen ari dira nola «sendotu» osasun zentroak, lan bolumenari aurre egite aldera. Indurainen esanetan, egoera «askotarikoa» dute lehen arretako osasun zentroek, birusaren hedaduraren araberakoa, eta bakoitzaren egoeraren eta baldintzen arabera hartuko dituzte erabakiak: baliabide pertsonalak eta materialak nola banatu zehaztuko dute. «Egoera ez da berdina, esaterako, landa eremuan edo biztanleria ugariko hiri batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.