Erkorekak lantalde bat eskatu du espetxeen transferentzia egiteko

Jaurlaritzak ez du onartuko «erresistentzia politiko edo arbitrariorik». Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa ere galdegingo du

Iraitz Mateo Gogorza -

2018ko abuztuak 22
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Espainiako Gobernuari eskatu dio lantalde bat sor dezala «atzerapenik gabe», espetxeen eskumena Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeko. Esan du arrazoirik ez dagoela hori ez egiteko, eta Eusko Jaurlaritzak ez duela onartuko «erresistentzia arbitrariorik». «Zailtasunak baldin badaude, onura politikoaren edo egokitasun alderdikoiaren ondoriozkoak izango dira, eta hori ezin da onartu». Erkorekak azaldu du ETA deseginda desagertu egin dela «erresistentzia hori justifika zezakeen arrazoi politikoa», eta gogoratu du espetxe eskumena Gernikako Estatutuan jasota dagoela, eta Katalunian Generalitatearen esku dagoela. Erkorekak espero du legegintzaldia amaitu aurretik gauzatzea transferentzia.

Berri agentzia bati eginiko adierazpenetan, Erkorekak jakinarazi du bi administrazioek hasi dituztela elkarrizketak —irailean trenbideen eta autobideen eskumenen transferentzia jorratuko dute batzorde mistoan—, baina azpimarratu du Jaurlaritzak ez duela Madrilen erantzunik jaso espetxeen eskumenari buruz: «Oraingoz, ez dugu ez aldeko eta ez kontrako erantzun sendorik». Erkorekak berretsi du PSOEren gobernuak badakiela gai hori «premiazkoa» dela Urkulluren gobernuarentzat , Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren eskumenarekin batera. Gogoratu du bi alor horien transferentzia EAJren eta PSE-EEren gobernu itunean jaso zutela.

Aitor Fernandez aske

Hiru urteko espetxe zigorra bete ondoren, aske geratu zen atzo Aitor Fernandez euskal presoa. 2015ean espetxeratu zuten, Aingeru Cardañorekin batera, hamalau urte lehenago egindako kale eraso bat leporatuta —2001ean Bilboko Santutxu auzoko kutxazain automatiko bat erretzea—. Ertzaintzak 2003an atxilotu zituen, eta Arkautiko polizia etxean (Araba) eginiko deklarazioetan oinarrituta zigortu zituzten. Atxiloaldian tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna