Ugalketa lagundua emazte guztiei irekitzea proposatu dute Frantzian

Frantziako Etikako Aholku Batzordeak haurdunaldi subrogatuaren aurka egin du. Bioetikaren lege berrirako proposamenetan «mina arintzeko kultura bat» eskatu du

Obulu bat ernaltzeko prozesuaren irudia. BIENVENIDO VELASCO BLANCO / EFE.
Jon Rejado.
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Frantziako Bioetikaren Legea gaurkotzeko prozesuak aurrera jarraitzen du: Etikako Batzorde Aholkulariak bere ekarpena argitaratu zuen atzo. Herritarren iritzia jaso ostean idatzi du txostena, Etika Batzordeko 40 kideren artean eztabaidatuta. Legeak aintzat hartu beharko lituzkeen hainbat puntu jaso ditu, eta horiei buruzko proposamen batzuk ere egin ditu. Horien artean «tradizioz» bioetikarekin lotutako gaiak daudela azaldu du batzordeko presidente Jean Francois Delfraissyk, azterketa genetikoak edota enbrioien ikerketa, kasurako. Edonola ere, gaineratu du herritarren ekarpenei esker beste aldagai batzuk txertatu dituztela, hala nolaingurumena.

Hauek dira Frantziako Etikako Aholku Batzordeak txostenean jaso dituen proposamen nagusiak.

UGALKETA



Haurdun geratu nahi duen emakume orok ugalketa lagundua baliatzeko aukera izan beharko luke. Hala adierazi du Etikako Batzordearen gehiengoak, herritarren iritziak bilduta. Hala, zerbitzu hori erabiltzeko bidea irekiko liekete lesbianei eta bikotekiderik gabeko andreei. Batzordeko kideek azaldu dute proposamenaren atzean emakumeen autonomiaren aitortza dagoela, baita haurrek familia egitura berriekin dituzten harremanak ere. Aldaketa horrek semen bankuetan izango lukeen eragina aztertzeko eskatu du batzordeak. Halaber, neurriak eskatu ditu hazi emaileen nortasuna babesteko, haiek hala eskatuz gero. Azkenik, aukera eman nahi diete emakumezkoei obozitoak gordetzeko, sendagileek hala aholkatzen duten kasuetan.

Batzordekide gehienek horren alde egin badute ere, gutxiengo batek eskatu du ugalketa lagunduaren egungo araudiari eusteko, hau da, ernalketa mota hori mugatzea beren kabuz haurdun geratzen ez diren bikote heterosexualetara. Proposamen hori, hein batean, bat dator Elizak egindakoaren argudioekin. Batzordekide kritikoek eta Frantziako gotzainek esan dute gizartean desadostasuna dagoela gaiaren inguruan, eta, beraz, «zuhurragoa» dela aldaketarik ez egitea.

Azkenik, batzordekide gehienek eskatu dute haurdunaldi subrogatua debekatzeko. «Gorputzaren merkantilizazio prozesu bat gerta daiteke, eta ugalketa lagunduan, ez», iruzkindu du Delfraissyk.

BIZITZAREN AMAIERA



Bizitzaren amaierako prozesuez indarrean dagoen araudiari eustea proposatu du Etika Batzordeak, baina «premiazkotzat» jo du araudi horri etekina ateratzea. 2016an Claeys-Leonetti legea onartu zuen parlamentuak, hil arteko sedazio sakona eta jarraitua arautzeko. Batzordearen iritziz, ordea, lege horrek aitortzen dituen eskubideak ez dira ezagunak, ez dira ondo aplikatzen, eta ez dira errespetatzen.

Beraz, legea garatzeko plan bat eskatu du, batez ere sendagileen jarduera hobetzeko, «mina arintzeko kultura» bat lortzeko. Halaber, plana Frantziako eskualdeen arteko aldeak txikitzeko baliagarria izan dadila eskatu dute. Horrez gain, legetik at dauden kasuak xehatzeko beharra gaineratu du Etika Batzordeak. «Legeak ezin badie erantzun kasu batzuei, agian araudia alda daiteke».

IKERKETA ENBRIOIEKIN ETA ZELULA AMEKIN



Enbrioiekin ikerketak egitea baimentzearen alde egin du batzordeak, baina baldintza batzuekin. Ikerketa «sobran» dauden enbrioiekin egingo litzateke, hots, «familia proiektu» batetik kanpokoekin. Halere, ikerketarako espresuki sortutako enbrioien aurka agertu da. Bestalde, eskatu du enbrioien eta zelula ama enbrionarioen ikerketa bereiztea eta ezberdin arautzea, «arazo etiko ezberdinak» eragiten dituztelako: «Lehenaren arazoa da zer den enbrioia, eta zer egin daitekeen eta zer ez; zelula amen gaineko auzia ez da haien jatorria, baizik eta zer egin den horiekin», azaldu du Delfraissyk.

AZTERKETA GENETIKOAK ETA MEDIKUNTZA GENOMIKOA



Frantzian debekatuta dago gizabanako batek bere genomen segida ezagutzea. Ordea, gaur egun Interneten kontrata daiteke zerbitzu hori. Hori jakinda, Etika Batzordeak ikerketa bat eskatu du, jakiteko nola eragingo lukeen diagnosi hori gizartean orokortzeak. Zabaltzeko aukera argitu bitartean, azterketa genetikoak sektore jakin batzuetan egitearen alde egin dute batzordekideek, guraso izan nahi duten pertsonen artean, kasurako.

Bestalde, Etika Batzordeak uste du beharra dagoela azterketa genetikoen araudian sakontzeko: informatutako baimenak eskatzea azterketa horiek egiteko; aholkulari genetikoen estatutuak sortzea, proba genetikoen gorakada ikusita —ez soilik medikuntzan—...

NEUROZIENTZIAK



Batzordeak uste du neurozientzietan eta psikiatrian aldaketa handiak gertatuko direla «luze gabe», eta horien oinarrian adimen artifiziala edota genomika egongo direla. Aurrerapen horiek ezagutza berriak ahalbidetu bitartean, batzordeak arreta jarri du erresonantzia magnetiko funtzionalean. Gailu horrek garunaren aktibitatea azter dezake. Etikako Batzordeak horren erabilera mugatzeko proposatu du, zenbait esparrutan: justizian, salerosketara bideratutako ikerketetan, edota langileak kontratatzean.

OSASUNA ETA INGURUMENA



Etika Batzordeak eskatu du ingurumen gaiei buruzko diziplina arteko hausnarketa legearen zioan sartzeko. Enpresetan eragiteko aukera ere iradoki du: haien jardunean osasunarekin eta ingurumenarekin lotutako gaiak txertatzea; xede soziala aldatzea, enpresaren ekintzek eragiten dituzten arazo sozial eta ekonomikoak kontuan hartuta...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.