arantxa elizegi egilegor
Gerra Ukrainan. ANALISIA

Tokia nahi du mahaian

2022ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Espero baino lehenago heldu dira Kievera Errusiako tropak. Sare sozialetan ikusi du hala nahi izan duen guztiak Errusiako presidente Vladimir Putinen mendekuaren neurria: bonbardaketak azpiegitura militar eta zibiletan, tiroak, hildakoak, iheslariak, Txetxeniako milizianoen irudiak hiriburuan, izua... Ehundik gora hildako, ehunka zauritu eta milaka iheslari eragin ditu Moskuren bat-bateko erasoaldiak —errepidez soilik irten daiteke herrialdetik, eta, ondorioz, kolapsatuta daude mugakide diren estatuetarako sarrerak—. Hirian geratzea erabaki duten herritarrek ezkutura jo dute, eta kaleak hutsik utzi dituzte. Eta, beste aukera gerra Europa osora zabaltzea izaki, Volodimir Zelenski presidentea bakarrik utzi dute aliatuek.

Azkenean aktore izandakoak ez du izan Putinen gidoira egokitu beste aukerarik, eta negoziatzeko eskaintza egin zion atzo Errusiako estatuburuari, jakinda ere «neutraltasun estatusa» aitortzea dela inolako akordiorik lortzeko nahitaezko lehen baldintza. Errusiako presidenteak ez die ezezkorik esan negoziazioei, eta zenbait iturrik zabaldu dute dagoeneko prest lukeela ordezkaritza bat Minskera bidaltzeko—horien arabera, estatuburuak ez luke parte hartuko negoziazioetan—. Putinek, baina, ez du norabide argirik hartu, eta atzo oraindik borrokak sustatzen jarraitzen zuen, soldadu ukrainarrei eskatuz gobernuaren aurka matxinatzeko.

Mugimendua norberak egiten duenean, ondorioak aldez aurretik hausnartzeko abantailarekin jokatzen du, eta hala egin du Moskuk ere. Errusiako estatuburuak aurreikusiak zituen Mendebaldetik etor zitezkeen zigorrak, bai baitzekien kolperik etortzekotan ere ekonomikoa izango zela, eta hala izan da. Europako Batasuneko diplomaziaburuak atzo iragarri zuen atzerrian dituzten ondasunak blokeatuko dizkietela buruzagi errusiarrari eta haren Atzerri ministro Sergei Lavrovi. Neurria sinbolikoa da, ordea, zerbitzu sekretuetako buruzagi izandakoak ez baitu aktiborik Mendebaldean, eta bi buruzagiak aske izango baitira bidaiatzeko, negoziazio posibleen aitzakiarekin.

Bruselaren arabera, Errusiako ekonomiaren %70i eragingo lioketen neurriek ere ez dute zirrararik eragin Putinengan. Hark berehala erantzun du esanez mendebaldearekin negozioak egin ezin baditu ekialdearekin egingo dituela —Moskuri negoziatzera esertzeko eskatu besterik ez du egin orain arte Txinak, eta Indiak berak interesa agertu du Errusiarekiko harremanak sendotzeko—.

Errusiako herritarrei bisak ukatzeko hainbat estatuk iragarritako neurriak ere ez du ia eraginik izango goi kargudun edo oligarka aberatsengan, horietatik gehienek lehendik badituztelako atzerrira bidaiatzeko beharrezko baimenak, eta ez dutelako bisaren beharrik Greziara oporretan joateko. Neurriaren alde agertu direnek argudiatu dute Moskuri presio egiteko beste bide bat dela; izan ere, erdiko klaseko herritarrei Europarako sarrera ukatuta, haiek Putinen aurka joko dute. Baina jakina da Errusian protesta egiteak edo disidentziaren alde agertzeak zer ondorio dituen.

Aldiz, ez dago horren argi zer gertatuko den okupazio militarrarekin, Ukraina ez baita Donbass eta Kiev bakarrik—603.600 kilometro koadro pasarekin, biztanle gehien dituzten Europako estatuetan zortzigarrena da—. Ez da agertoki ziurrena, baina ezta baztertzekoa ere, herrialdea bitan zatitzea, ekialdea eta hiriburua Moskuren kontrolpean geratuz, eta mendebaldea europazaleen kontrolpean. Halako egoera bat, ordea, ez litzateke inoren mesederako, gatazka mugagabe luzatzea ekarriko lukeelako, ziurgabetasuna Europa osora zabalduz, eta, aldi berean, Europako Batasuna eta NATO modu sendoago batean esku hartzera derrigortuko lituzkeelako.

Moskuk esana da ez dela bere asmoa herrialdea okupatzea, besteak beste erosoagoa litzatekeelako bere izenean aginduko duen gobernu bat edukitzea, eta inbasioa luzatzeak, berriz, indar eta diru inbertsio handia eskatuko liokeelako. Hala ere, Errusia ez da AEBetako Gobernua, eta Ukraina ez da Afganistan. Moskuk badu esperientziarik lurraldeak menderatzen, eta okupazioa luzatzen. Beste kontu bat litzateke halako testuinguru bati nola erantzungo ote lioketen orain arte neutraltasunari eutsi dioten beste herrialde batzuek, Txinak kasurako. Pekin ez da Europako auzietan sartzeko zale, baina atzo Putinekin izandako telefono elkarrizketak argi uzten du ez dela erabat eroso sentitzen egungo egoeran, eta Errusiak, potentzia handi bat izanda ere, ezin du iraun etsaiz inguratuta eta aliaturik gabe.

Horiek hala, Kievekin elkarrizketak hasteko prest agertu da Errusia —Lavroven hitzetan, betiere—, baina Zelenskirena ez dute gobernu demokratikotzat. Errusiako Atzerri ministroak berak esan du gobernu aldaketa bat dela bide bakarra. Nabarmendu du ukrainarrek «modu askean» erabaki behar dutela beren etorkizuna, eta iradoki egungo gobernua Mendebaldeko estatuen menekoa dela. Nola lortuko duen bonbetatik ihesi joandako milaka herritarrek bere aldeko gobernu baten alde bozkatzea, soilik Putinek erantzun dezakeen galdera da hori.

Minskeko akordioak bete ez izana izan zen baliatu zuten argudioa Donetski eta Luhanski independentzia aitortu eta erasoaldia hasteko. Arrazoia bazuen, Kievek behin eta berriz bonbardatu baititu bi eskualdeok, eta Mendebaldeak ezer gutxi egin baitu hitzarmenok betearazteko. Hala, Putinek, Europako negoziazioetan beti bigarren tokian egoteaz aspertuta, ahotsa altxatu du, eta ozen esan du berak behar duela mahaiaren beste aldean kontinenteko auzietan, eta ez AEBek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.