Sarek salatu du «blokeo» bat dagoela gradu progresioetan

Hurbilketekin eta Euskal Herriratzeekin «itxaropentsu» dago euskal presoen eskubideen aldeko mugimendua. Seme-alabak dituzten 94 euskal presoen egoeraz ohartarazi dute

Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko bozeramaileak, atzo, Donostian egindako agerraldian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Euskal presoen eskubideen alde aritzen den Sare mugimenduaren ustez, «blokeo» bat dago euskal presoen gradu progresioetan. Azaldu dutenez, hain zuzen, «itxaropentsu» daude gertatzen ari diren hurbiltzeekin eta Euskal Herriratzeekin, baina gradu aldaketekin ez daude konforme, «geldoa» izaten ari baita bidea, eta, beraz, presoen etxeratzean oztopoa: «Ez dugu asko aurreratzen presoak hurbildu eta gradu progresioa aplikatzen ez bazaie, progresio hori ezinbestekoa baita guztiei etxerako bidea egiteko aukera emateko, espetxeen arloko legeria erabilita».

Bego Atxak eta Joseba Azkarragak datuak eman zituzten atzo Donostian egindako agerraldian: haien hitzetan, 61 euskal preso daude gaur egun lehen graduan (euskal presoen %32), 118 bigarrenean (%62,5) eta hamar baino ez hirugarrenean (%5,5). Lehen graduan egoteak eskubideak «murriztea» dakarrela salatu dute Sareko bozeramaileek: izan ere, kartzelako patiora ateratzeko ordu gutxiago eta ekintzetan parte hartzeko mugak dituzte, miaketak egiten dizkiete, eta ziega barnean egin behar dituzte otorduak, ez dutelako jantokira joateko aukerarik.

Bigarren graduan daudenek murrizketa gutxiago badituzte ere, Atxak eta Azkarragak nabarmendu dute hirugarren gradura igarotzen uzten ez badiete preso horiek ez dutela aukerarik izanen baldintzapean aske gelditzeko. Hain justu, zigorraren hiru laurdenak betetzen dituztenean izaten dute presoek baldintzapean aske ateratzeko eskubidea, hirugarren graduan baldin badaude. Gaur egun 60 euskal presok dute betea zigorraren zati hori, eta bertze zortzi egonen dira egoera horretan aurten: euskal presoen %36 izanen dira, orotara. «Salbuespen erregimenean egongo ez balira, horiek guztiek izango lukete aske izateko aukera», nabarmendu du Sarek. Atxaren eta Azkarragaren hitzetan, egoera «are larriagoan» daude adineko presoak eta zigor luzeak dituztenak, baita 7/2003 legearen arabera zigorturikoak ere, azken horiei gradu aldaketak eta baldintzapeko askatasuna lortzeko epeak anitz luzatu baitizkiete.

Gainontzeko preso guziei ematen dieten trataera bera eskatu du Sarek euskal presoentzat: alegia, hirugarren gradua eta baldintzapekoa lortzeko aukera, edo, bertzela, 86.4 artikulua aplikatuta, bizimodu «normalizatuagoa» izatea, zigorra etxean beteta, kontrol telematiko bidez. Espetxeetako tratamendu batzordeei, halaber, galdegin diete «irizpide argi bat» izan dezatela gradu progresioa eman ala ez erabakitzerakoan: «Ezin da gradu progresioa baloratu ETA jardunean balego bezala, askatasun gabetzearen zentzua perbertitzea baitakar, gabetze hori zigor huts gisa aplikatuko litzatekeelako, eta ez presoak gizarteratzeko bide gisa».

94 guraso preso

Seme-alabak dituzten euskal presoengan ere jarri zuen arreta Sarek atzoko agerraldian: izan ere, 94 euskal presok dituzte seme-alabak, eta horietatik hamazazpik dituzte jada beteak zigorraren hiru laurdenak. Bi gurasoak espetxean dauzkaten umeak ere badira: bederatzi bikoteren kasuan gertatzen da hori. Euskal Herriko kartzeletan, ordea, seme-alabak dituzten zazpi preso baino ez daude. Preso horiei ere baimenak ematea, gradu progresioa aplikatzea eta haien seme-alabekin egoteko aukera onar diezaietela eskatu du Sarek: «Labur esanda, gizatasuna aldarrikatzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.