CAFek 240 milioirekin handitu du eskaera zorroa

xabier martin
2019ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Beasaingo CAF konpainiak kontratuen poltsa handitzen jarraitzen du urte hasiera honetan, 2018ko amaiera sendoari segida emanez. Iaz, 2.800 milioiren eskaerak jaso zituen; errekor hori gainditzea ez du erraza izango, ordea. Edonola ere, CNMV merkatu arautzaileari jakinarazi dionez, hiru kontratu lortu berri ditu Euskal Herrian (Bilboko Metroa), Espainian (Renfe) eta Saudi Arabian (SRO eta SAR enpresak). Hiru kontratu horien balioa 240 milioi eurotik gorakoa da. Europako Batzordeak Siemensen eta Alstonen fusioaz hartutako albistea biribildu du, beraz, beste berri horrek.

Renfek Madrilgo aldiriko hainbat trenen mantentze lanak adjudikatu dizkio CAFi, baita tarte ertaineko 594, 596 y 598 serietako trenena ere. Lau urte iraungo dute mantentze kontratuek, eta urtebete gehiago luzatzeko aukera izango dute aldeek.

Mantentze lanen negozioa

Bilboko Metroak, berriz, CAF aukeratu du 500 serieko 24 ibilgailuen 218 bogie-ren azterketa orokorra egiteko. Bost urte iraungo du mantentze kontratuak, eta segida emango dio 550 eta 600 serietako trenetan egiten ari den beste bati.

Bestalde, Saudi Arabian, SRO (Saudi Railways Organization) eta SAR (Saudi Railway Company) estatuko tren enpresek akordioa egin dute Gipuzkoako industria enpresarik handienarekin, beren trenen mantentze lanak egiteko. Kontratu biek hiru urte iraungo dute, eta aurretik CAF Saudi Arabian egiten ari zen jarduera bera luzatuko dute. Tren horiek 55 graduko tenperaturetan ere ibiltzen dira, eta mantentze lan handia behar dute zerbitzua behar bezala emateko.

CAFek esan du mantentze lanen negozioan egin duen apustu handia islatzen dutela hiru kontratu horiek. Gaur egun hamahiru herrialdetan egindako 50 mantentze kontratu ditu Beasaingo konpainiak, eta haiek ugaritzeko saioan dabil. Guztira, 6.200 trenen mantentze lana egiten du, 2.300 langileren beharrari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.