ELAk kargu hartu dio EH Bilduri, eta DSBE berriari bide ematea egotzi

Muñozen sindikatuak uste du ezkerreko koalizioak «aitzakia» eman diela EAJri eta PSEri euren proposamena erretiratzeko

Gehiengo sindikalaren elkarretaratzea, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Fernandez.
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
ELA sindikatuak uste du EH Bilduk «aitzakia ezin hobea» eman diela EAJri eta PSEri DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren gaineko proposamena bertan behera ez geratzeko. Jaurlaritzako bi alderdiek herenegun aurkeztu behar zuten DSBEaren erreforma Eusko Legebiltzarrean. Proposamena tramitera onartu ala ez bozkatu behar zen, baina ez zen horrelakorik gertatu. EAJk eta PSEk ez zeukaten gehiengorik proposamena aurrera ateratzeko, oposizioko alderdi guztiek ezezkoa bozkatzeko asmoa baitzuten. Azkenean, jeltzaleek eta sozialistek atzera egin zuten, argudiatuz «oposizioak eskatuta» egin zutela, negoziatzen jarraitzeko eta akordio bat lortzeko itxaropenez.

Elkarrekin Podemosek eta PPk ukatu egin zuten tramitea atzeratzeko eskatu izana, eta ELAk ezkerreko koalizio independentistarengan jarri du erantzukizuna, hark negoziatzeko borondatea erakutsi duelako. «EH Bilduk talde horiei aitzakia ezin hobea eman die gai ordenatik puntu hori kentzeko, lege proposamena atzera botatzeko modua baitzegoen. Haatik, proposamena erretiratuta, Jaurlaritzaren proiektu antisozialak bizirik dirau, eta astia ematen dio PPrekin aliantza berreskuratzeko».

Era berean, Adolfo Muñozek gidatutako sindikatuak «maniobratzat» jo du EAJren eta PSEren mugimendua, «DSBEa murrizteko proposamena legebiltzarrean atzera botatzea saihestu baitute». Hain zuzen ere, ELAk uste du erreforma atzera botatzea «oso albiste ona» izango zela prestazio sozialen sistema hobetzea eskatzen dutenentzat.

LAB, «kezkatuta»

Sindikatuak adierazi du proposamena «oso larria» dela, eta hiru arrazoi eman ditu: lehenik, eskubideak murrizten dituela, baita gizarte gastua ere; bigarrenik, laguntzak jasotzen dituen jendea fiskalizatzen duela; eta, azkenik, estigmatizatu egiten dituela, besteak beste hatz marka elektronikoaren bitartez.

«Ezker politikoak lege proposamen honen aurka jo beharko luke erabat, EAJk eta PSEk aurkeztutako erreforma ez baita onargarria», gaineratu du ELAk.

LABek, halaber, «kezka» agertu du, eta adierazi du lege proposamena bertan behera utzi behar dela atzera bota beharrean, «murriztailea delako, inongo bokaziorik gabekoa herritar guztiei bizitza duin bat bermatzeko».

DSBEaren gaineko egungo erreformaren partez, Eskubide Sozialen Kartak sustatutako HEL Herri Ekimen Legegilea oinarri hartzeko eskatu du LABek. Gogora ekarri du egoera kezkagarria dela, 2008tik 2016ra %25 igo delako arreta jaso behar eta jaso ez duten herritarren kopurua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.