Jaurlaritzako langileek krisian galdutakoa berreskuratu nahi dute

Erredakzioa
Gasteiz
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Motz geratu dela esan diote Eusko Jaurlaritzari bere langileen ordezkariek. Soldatak gehiago igotzeko eta krisi ekonomikoan galdutako eskubide guztiak berreskuratzeko eskatu diote ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek.

Bilera izan zuen atzo Gasteizen Mahai Orokorra deitutakoak, Jaurlaritzaren eta haren menpeko erakundeetan lan egiten duten 70.000 langileen baldintzak negoziatzeko bilguneak. Mahai horretan aurkeztu zuen Jaurlaritzak ofizialki bere proposamena, Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordearen eskutik: soldatak %1,75 igo nahi ditu aurten eta %2,25 2019an; Itzarri pentsio osagarriari egindako ekarpena azarotik berreskuratu —soldataren %1 aurten, eta %1,5 datorren urtean—, eta gaixo baimena hartzen duen langileak bere soldataren %100 jasotzea lehen egunetik.

«Erabat eskasa». Hitz horiekin definitu du ELAk Jaurlaritzaren eskaintza. «Estatuak onartzen dituen mugetatik behera geratzen da. Gainera, KPIarekiko ez du inolako erreferentziarik ezartzen; indize honen inguruko aurreikuspenak betez gero, berriz ere galera ekar dezake erosahalmenean». ELAk gehitu duenez, antzeko igoerak eginez gero, 30 urte baino gehiago beharko dira azken urteotan EAEko administrazio publikoetako langileek galdu duten erosahalmena berreskuratzeko (%15). Halaber eskatu du ELAk erretira dezala administrazioko langile guztiei kode etikoa ezartzeko proposamena. «Adierazpen askatasunaren aurkako eraso larria da» .

«Langileekin duen zorra»

Bileratik atsekabetuta atera zen Gorka Berasategi LABeko ordezkaria ere, besteak beste, ez duelako aurrerapausorik ikusten behin-behinekotasun tasa handia (%35etik gorakoa) txikitzeko eta «Jaurlaritzak bere langileekin duen zorra» kitatzeko.

CCOOk eta UGTk ere bat egin dute esaten ez dela «nahikoa» Jaurlaritzaren proposamena, eta galdutako erosahalmena berreskuratu egin behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.