Arrauna

«Kariñoa» eta arantza

Hondarribiak bosgarren aldiz irabazi du Euskadiko Traineru Txapelketa, Lekeition. San Juanek hirugarren txapelketa irabazi du emakumezkoetan
Hondarribiako arraunlariak atzo Lekeition irabazitako Euskadiko Txapelketa ospatzen.
Hondarribiako arraunlariak atzo Lekeition irabazitako Euskadiko Txapelketa ospatzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Aitor Manterola -

2018ko abuztuak 1
Istorio hau Xabier Azkargortak kontatua da, Boliviako futbol selekzioko entrenatzaile izan zen garaikoa: «Zorteari buruz galdetuta, boliviarrek esaten dute zorteari eman egin behar zaiola aurretik, loreak oparitu, zaindu, ureztatu, eta abar. Hori eginez gero, aukera izaten omen da zorteak bueltan zerbait emateko». Hondarribiak eta San Juanek ez zuten zorte onarengatik irabazi atzo Euskadiko Traineru Txapelketa Lekeition, baina Azkargortaren adibideak balio du, zortea jartzen duen lekuan maitasuna jartzen bada. Izan ere, Txapelketari eman dioten maitasuna itzuli egin zien atzo hark.

Maitasun horren adierazgarri da, adibidez. Mikel Orbañanosek, Hondarribiako entrenatzaileak, atzo arratsaldean txapelketaren prestakuntzaren inguruan esandakoa: «Kariñoz prestatu dugu». Beste talde batzuek ere jarria zioten azpimarra gorria atzokoari, Euskal Herriko egutegian egun handietako bat delako. Baina maitasunaren gozoa batek bakarrik jasotzen du, eta Hondarribia gozatu zuen atzokoan.

Emakumezkoetan, arrosa kolorez jantzi zen maitasuna, eta halakoetan hain ohikoa den arantza ere bazen tartean. «Iaz ez genuen Txapelketa irabazi, eta arantza atera nahi dugu», zioen berripaper honetan atzo Onintza Olaizolak, pasaitarren arraunlariak. Bazela zerbait berezia sanjuandarren artean atzorako, grina indarraldi handi bat edo, eta hori egunean bertan ateratzeko, aurretik egin beharra dago lana ondo. Boliviarrena, azkenean: «Berak emateko, zuk eman behar diozu aurretik». Zortea izan edo maitasuna izan.

Atzoko bi garaipenek balio dute beste behin ere kirol zirraragarri honi loturiko misterioak plazaratzeko. Natura bete-betean izanik estropadak, itsasoak eta eguradiak aparteko eragina izaten dute, eta Lekeitioko eremu ikusgarriak badu misteriotik. Jostari ibiltzen dira kanpoaldeko bi kaleak, lehena eta laugarrena, eta naturak agintzen du askotan bietako zein den ona, eta zein inork ikusi nahi ez duena. Atzo, San Juanek lehen kaletik eraman zuen ikurrina, eta laugarrenetik Hondarribiak. Hobe ez saiatzea naturaren misterioak argitzen. Politagoa da horrela.

Ondarroa ere lehen kaletik joan zen gizonezkoen aurreneko txandan, eta erakustaldia eman zuen lehen luzearen erditik aurrera. Orduan jarri zen aurrean, eta ez zuen muturra utzi helmuga pasatu arte: arraunean dotore eta leun eginez, erritmo apalean, baina Antiguako Ama traineruari abiadura geldiezina emanez. Barrura ere olatuak ondo baliatu zituen. Nabarmendu egin behar da Ondarroaren lana, haizearen laguntza handiagoa bakarrik falta izan baitzitzaion txapelketa irabazteko. Hirugarren egin zuen, Hondarribia eta Urdaibairen atzetik; zortzi eta lau segundora, hurrenez hurren. «Hirugarren luzean haizearen goraldiak geldialdia izan duelako; bestela, Ondarroak eramango zuen garaipena», zioen Orbañanosek, zorte onaren etorrera zintzo onartuz.

Datu hori oso argigarria da: azken txandako hamaikagarren minutuan hartu zion aurrea lehendabizikoz Hondarribiak Ondarroari, bi txandetako denborak parekatuta. Hortaz, Hondarribiak lau etsai izan zituen: txandako beste hirurak, eta Ondarroa, lehen txandako garailea. Tira, Zierbena eta Orio arerio, arerio ere ez zituen izan atzo, uste baino emaitza apalagoa izan zutelako. Oriotarrek zorte ona aparte izan zuten: lehen ziabogan, arraun txikia galdu zuen aurrekalariak, eta, hortik aurrera, buelta bakoitza denbora galtzearen kondena baino ez zen izan. Zierbenak ez zuen izan egunik onena, besterik gabe. Oriotarrek seigarren egin zuten, eta Zierbenak bosgarren.

Egunik onena izan ez ez zuten bi traineru horien aurretik ibili ziren txapelduna eta Urdaibai. Bizkaitarrak lehen kaletik, eta gipuzkoarrak beste muturretik. Hasi eta berehala jarri zen aurretik Ama Guadalupekoa trainerua, Orbañanosek aurrez zehaztutako estrategiari segida ona emanez: «Horrela geneukan prestatua, laugarren kalea tokatu zaigula jakin dugunetik. Bagenekien haizeak eragozpen handiagoa jarriko zigula kanporantz joateko laugarren kaletik. Beraz, erabaki dugu dena emanda hastea, aurkariek ez zezaten gure balizko desabantaila hori balia». Ondorioa, hauxe izan zen: lehen ziabogan, Hondarribia estropada buru zen, eta bi segundora zeuden Urdaibai eta Orio; laura, berriz, Zierbena.

Barrurako lehen luzean, haren kaleari eutsiz egin zuen buelta estropadako buruak, baita asmatu ere, norabidearekin eta itsasoak atzo ekarritako hondoko olatuxkari etekina ateratzearekin. Gozo etorri ziren arraunlariak luze horretan, eta, zortzi taldeen artean, denborarik onena egin zuen Hondarribiak bigarren luzean. Ia lau segundo atera zizkion Urdaibairi tarte horretan. Sei aurretik zen geroko garailea.

Hirugarren luzean, Urdaibaik denborarik onena egin zuen, eta Hondarribiaren gainera joan zen. Hala, hiru segundorena zen bakarrik bien arteko aldea azken ziabogan. Lekeitioko eremuan bizi eta ikusi izandako egoera asko buruan izango zituzten ikusleek, lehen kalea etortzeko hobea zela eta Urdaibaik aurrea hartuko ziola, edo alderantziz, laugarrena ona izan zela bigarren luzea egiteko. Eskerrak kirolariek gauzak garbi izaten dituzten; edo ez edukita ere, garbi edukitzeko seinaleren bati heldu behar.

Orbañanosen azalpena da atzo haren taldeak azken luzean harturiko norabidearen berri emateko: «Ikusirik bigarren luzean zein ongi etorri garen, handik etortzea erabaki dugu. Estropadaren aurretik horrela adostuta geneukan Ioseba patroiak [Amunarriz] eta biok. Bigarren luzeak erakutsitakoaren arabera hartuko genuela laugarren luzeko norabidea, eta horregatik egin dugu azken luzea ere gure kaletik». Horregatik eta bestela ere, Hondarribia ez delako oso zalea kalez aldatzearena: «Oso-oso garbia ez bada egoera, normalean geure kalean ibili zaleak gara», azaldu du entrenatzaileak.

Azken urteetan zalea bada arraunlari aldaketak egiten estropadaz estropada, eta atzo ere egin zuen, aurreko igandekoarekin alderatuta: «Bost arraunlari aldatu ditugu. Bestelakoan, larunbatean, Getxon, Eusko Label ligako bandera irabazi zuen talde bera izan zen atzokoa». Taldearen balioari eman nahi izan dio indarra: «Hemezortzi arraunlari gara, eta denak ari dira arraunean, oso ondo, gainera».

Taldearen garaipena izan zen, hortaz, atzokoa ere. Eta talde osoak gozatu zuen herritarrek iluntzean egindako ongietorrian. Bigarrena bi egunetan, larunbatekoa igandean ospatu zutelako. Lau bandera dauzka aurten, dagoeneko, Hondarribiak: ligako biak, eta Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak. Orain artekoaren balantzea egin du Orbañanosek: «Uztailean, nagusi izan da Urdaibai ligan, eta zoriondu egiten dut. Abuztuan saiatuko gara gure maila ematen, eta lehian ibiltzen, orain arte bezala. Zaila dago Liga irabaztea guretzat, baina erabat galdua ez daukagu».

San Juanen «arreta berezia»

Zenbat bider ez ote duten izan buruan duela urtebete gertatutakoa San Juango arraunlariek. Bigarren izate hura... «Arreta bereziarekin atera gara», azaldu du Josune Ugartek, Pasai Donibaneko arraunlariak: «Iazkoa buruan genuen, bai», gehitu du. Estropada ona egin zutela dio: «Hasieratik hartu dugu aurrea, eta bueltakoan kezka banuen, Oriok aukera zuelako bigarren kaletik aurrenekora etortzeko, baina kontrolpean izan dugu estropada».

Irabazi eta irabazi ari da Ugarteren taldea: «Ea horrela jarraitzen dugun uda osoan, baina egoera hauen arriskua izaten da gehiegizko konfiantza azaltzea gure baitan. Gure lanean orain arte bezala jarraitu behar dugu». Atzo, esaterako, ez zuten aparteko ospakizunik egin: «Igandean ospatu genituen asteburuan lortutako banderak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Aitor Manterola

Informazio osagarria