Geroz eta errealitate konplexuagoa

AEBetako bozek, klima larrialdiak eta EBren eta Erresuma Batuaren arteko negoziazioek protagonismo handia izango dute 2020an. Iazko joeran sakonduta, herritarren protestek ere zeresan handia emango dute

Europako Batasuna. Talde komunitarioa beste legealdi batean murgilduko da, agintari eta erakunde berrituekin. JULIEN WARNAND / EFE.
ander perez zala
2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Errealitatea geroz eta konplexuagoa bilakatzen ari da nazioartean, eta horretara egokitu beharko dute datorren urtean nazioarteko agintariek. Egunerokoa geroz eta azkarrago aldatzen ari da, gertakariak askotarikoagoak dira, eta horietako asko aurreikusi gabekoak dira eta izango dira; horren froga izan dira aurten herritarren mobilizazioak, batez ere urtearen bigarren erdikoak. 2020an ere joera hori izango da, eta, modu paraleloan, prozesu politikoek zeresan handia emango dute.

AEB Ameriketako Estatu Batuak dira horren adibide bat, urte amaieran presidentetzarako bozak egingo baitituzte; hain justu, Donald Trumpen aurkako epaiketa politikoaren urte berean. Europan, brexit-ak, klima larrialdiak eta potentzia politiko eta ekonomikoen erabakiek zehaztuko dute talde komunitarioaren etorkizuna, erakunde berrituak martxan jarri diren garai berean.

Ekialde Hurbila sututa sartuko da 2020an: herritarren protestekin batera, Siriako eta Libiako gerrek protagonismo handia izango dute, Errusiaren epaile rola tarteko. Latinoamerikan ere manifestazioak eta protestak egongo dira urte politikoaren erdigunean.

AEB
Trumpen jarraipena, jokoan


Ohi duen bezala, AEBetako politikak zeresan handia emango du, presidentearen etorkizun politikoa egongo baita jokoan.

2020a mugarri izango da AEBetan: Trumpek lehen agintaldia amaituko du, eta azaroaren 3ko presidentetza bozetara aurkeztuko da, karguan jarraitzea helburu. 2016an, Hillary Clinton demokratak agintari errepublikanoak baino ia hiru milioi boto gehiago jaso zituen, baina AEBetako hautaketa sistemak ahalbidetu zuen egungo presidentearen garaipena; Trumpek ordezkari gehiago lortu zituen, eta, hortaz, agintea. Hor egongo da gakoa berriz ere.

Alderdi Demokratak boterera itzultzea du helburu, eta, horri begira, jada zeresan handia eman duten primarioak egingo ditu; lehen bozketa urtarrilaren 14an izango da, Iowan, eta erabakigarriena, berriz, martxoaren 3an: Astearte Handia —hamabost estatutan emango dute botoa egun berean—. Jokoan dago, besteak beste, Trumpi aurre egiteko gai izango den presidentegaia aukeratzea, eta, beraz, alderdiak datozen urteetan zer norabide izango duen erabakitzea. Hautagaia zentroko sektorekoa edo ezkerrekoa izatea: horren inguruan egongo da eztabaida.

Modu paraleloan, ikusteko dago AEBetako Senatuan Trumpi epaiketa politikoa egingo dioten, ala demokratak inputazio soilarekin konformatuko diren, eztabaida handiak baitaude epaiketaren xehetasunen inguruan. Eta, noski, epaiketa hori eginez gero, zer-nolako ondorioak izango dituen AEBetako bi alderdi nagusien kanpainan eta estrategietan.

EKIALDE HURBILA
Errusiaren urtea


Aldaketa politiko eta militar askoren urtea izan daiteke 2020koa Ekialde Hurbilean, batez ere Siriako eta Libiako gerretan, eta potentzien arteko indar orekan. Herritarren protestek eta desegonkortasun politikoak ere protagonismo handia izango dute, Irakeko azken hilabeteotako mobilizazioek erakutsi dutenez.

Baina, horien guztien gainetik, honako hau izango da gakoa:AEBen atzerapausoaz baliatuta, Vladimir Putin saiatuko da Errusiak Ekialde Hurbilean duen rola are gehiago indartzen. Sirian estrategia militar arrakastatsua izan du, Baxar al-Assad presidenteari aireko babesa emanda eta Turkiarekin batera Rojavako patruila lanak hasita; merkataritzari dagokionez, sendotu egin ditu Turkiarekin, Saudi Arabiarekin, Israelekin eta Egiptorekin dituen harremanak, eta bide horretan jarraituko du 2020an.

Ankarak Libiako gerran dituen interesek ere zeresan handia emango dute, batez ere azken asteotan hartutako erabakiengatik: Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak babesa eman dio NBE Nazio Batuen Erakundeak babesten duen Tripoliko Gobernuari, eta iragarri du militarrak bidaltzeko asmoa duela Khalifa Haftar Libia ekialdeko buruzagi militarra gelditzeko. Egun, Haftarrek herrialdearen parte handienaren kontrola du. Ikusteko dago, hortaz, Turkiaren parte hartzeak Errusiak Sirian izan duenaren ondorio berberak izango dituen; alegia, gerraren norabidea erabat aldatuko duen.

Siria izango da beste arretaguneetako bat. Zortzi urte baino gehiago bete ditu gerrak, eta badirudi azken fasean murgilduta dagoela. Hortaz, hainbat auziri konponbidea emateko hilabeteak datoz: muturreko talde suniten menpe dagoen ipar-mendebaldeko Idlib probintziarekin zer gertatuko den; Siriako Estatuaren eta Siriako Indar Demokratikoaren (SDF) arteko harremana nolakoa izango den; AEBen presentzia militarra are gehiago txikituko den; eta Erdoganek zer anbizio izango dituen Siriarako. Horiekin batera, Siriaren etorkizun politikoa jokoan egongo da Suitzako hiriburuan egiten segituko duten bake elkarrizketetan.

Bi gerra horiez gain, Irakeko eta Libanoko protestek izan ditzaketen ondorio politikoek eragina izango dute potentziek Ekialde Hurbilean izan nahi duten pisu politiko eta militarrean. Horri gehitu behar zaio Israelgo martxoko parlamenturako bozek blokeo politikoa desegingo ote duten, eta Iranek zer egingo duen bere programa nuklearrarekin.

EUROPA
Aldaketak, ate joka


Europan ziklo politiko berri bat abiatuko da, Europako Batzorde berriarekin, europarlamentu berriarekin eta biek agendan hainbat auzi polemiko dituztela. Klima larrialdiak berebiziko garrantzia izango du: Ursula Von der Leyen batzordeko presidenteak martxorako nahi ditu indarrean jarri Itun Berdearen lehen neurriak, eta dagoeneko estatu kide batzuen errezeloak jasan behar izan ditu horren inguruan.

Gainera, iragan hilabetean Madrilen eginiko COP25 goi bileraren porrotak presio handiagoa ezarri die agintariei 2020ko hitzordurako; COP26 batzarra Glasgown (Eskozia) egingo dute, azaroaren 9tik 19ra: irtenbide bat adostea izango dute xede, berriz ere.

Klima larrialdiarekin batera, Londresen eta Bruselaren arteko negoziazioek izango dute eragina urte politikoan. Erresuma Batua hilaren 31n aterako da talde komunitariotik, eta otsailetik aurrera trantsizio epean egongo da, EBrekin izan nahi duen harremana negoziatu eta adosteko.

Egutegiaren arabera, urte amaierara arteko epea dute hori egiteko, 11 hilabete eskas, baina Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa ziur agertu da denbora tarte horren inguruan; Von der Leyen, ez hainbeste. Beranduenez uztailaren 1erako trantsizio epearen luzapena eska dezakete, baina Londresek ez du hori egiteko asmorik. Hortaz, brexit gogorrenaren mehatxuak bere horretan jarraitzen du.

Europako potentzia nagusiak, Alemaniak, hilabete gatazkatsuak izango ditu aurretik egonkortasun politikoaren ikuspuntutik. Europako Kontseiluaren presidentetza egokitu zaio uztailetik abendura, baina etxean izango dituen arazoek kolpe gogorra emango diote haren lidergoari.

Izan ere, Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak (SPD) koalizioarekin kritiko diren buruzagiak aukeratu zituen iaz, eta ezkerrerantz egin du ideologikoki; horregatik, ikusteko dago Norbert Walter-Borjansek eta Saskia Eskenek Angela Merkel kantzilerrari egingo dioten presioak zer eragin izango duen, baina aukera handiak daude Merkelen CDUk eta SPDk osatzen duten koalizioa hausteko. Hori gertatuz gero, Aliantza 90/Berdeak-ek gobernabidean zeresan handia izango du.

Alemania barneko testuingurua edozein dela ere, Emmanuel Macron Frantziako presidentea saiatuko da herrialdea EBko lider bilakatzen, etxean herritarren protestak eta udal hauteskunde garrantzitsuak izango dituen une berean.

Italian, Matteo Salvini ultraeskuindarra ere protagonista izango da 2020an, Alderdi Demokratikoak eta 5 Izar Mugimenduak osatzen duten gobernu koalizioaren bizirik irautea ez baitago bermatua; kasurako, iragan hilean Hezkuntza ministroak dimisioa eman izana. Erabaki horrek kolokan jarri du koalizioaren egonkortasuna, eta Salvinik, inkesta guztiak alde dituela jakitun, bozetan lehiatu nahi du berriro ere, lehen ministro kargura heltzeko.

LATINOAMERIKA
Ziurgabetasuna nagusi

Txileko protestek —apirilaren 26an galdeketa dute konstituzioaz—, Ekuadorren Lenin Moreno presidentearen neurri ekonomikoen aurkako manifestazioek eta Ivan Duque Kolonbiako presidentearen kontrako protestek gogor astindu dute Latinoamerika, eta, horien ondorioz, eremua ziurgabetasun itogarri batean murgilduta sartu da hamarkada berrian. Urte amaiera gatazkatsua izan dute, eta 2020an ere gertakari politiko eta sozialek bide bera hartuko dute.

Bolivian Evo Moralesek presidente kargutik emandako dimisioak eta Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearen agintaldiak zalantzaz beteriko egoerak zabaldu dituzte datozen hilabeteetarako, eta horri gehitu behar zaio Argentinan eta Uruguain aukeraturiko agintari berriek denbora gutxi igaro dutela agintean.

Errealitate horietan, Moralesek berak eta Luiz Inazio da Silva Lula buruzagi ezkertiarrek izango dute protagonismo politikorik handiena, eta, gainontzeko agintariek bezala, erronka nagusi bat: gero eta polarizatuagoak dauden gizarteentzako irtenbideak aurkitzea, batez ere ekonomiaren moteltzeari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.