Junta militarrari aurre egiteko saiakera hasi dute Myanmarren

Estatu kolpearen aurkako parlamentari talde batek gobernu berria osatzeari ekin dio. Lau ministro berri izendatu dituzte. Denera, 30 lagun hil dituzte protestetan, eta 1.200 atxilotu

Hainbat manifestari, segurtasun indarrek jaurtitako negar gasetik ihesi, Yangon hirian. NYEIN CHAN NAING / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Otsailaren 1ean zen egitekoa legealdi berriari hasiera emateko ekitaldia Myanmarren, baina militarrek egun hura baliatu zuten estatu kolpea aurrera eramateko. Lehen pausoetako bat izan zen, hain zuzen, gobernuko kide gehienak atxilotzea. Besteak beste, Win Myint presidentea eta Aung San Suu Kyi liderra espetxeratu zituzten. NLD Demokraziarako Liga Nazionaleko parlamentari talde batek, ordea, CRPH Batasunaren Asanbleako Ordezkarien Batzordea eratu du, eta gobernu berri bat osatzeko saiakera hasi du, kolpea gauzatu eta hilabetera. Oraingoz, lau ministro hautatu dituzte, tartean Atzerri Ministerioaren buru izango dena. Bien bitartean, kolpearen aurkako protestei bortxaz erantzuten jarraitzen dute militarrek: bart, beste bederatzi manifestari hil dituzte.

CRPHko kideek azaldu dutenez, egun militarren zaintzapean dauden Win Myintek eta Aung San Suu Kyik euren karguei eutsiko liekete. Aung San Suu Kyi da, de facto, gobernuko liderra da, eta Estatu kontseilari kargua du, herrialdeko Konstituzioak ez baitu onartzen familia atzerritarra duen inor presidente izatea.

Aldaketak egongo lirateke, ordea, beste hainbat goi kargutan.Presidentetzako ministro gisa, Lwin Ko Latt hautatu du batzordeak; Finantza eta Industria ministro, Tin Tun Naing; Lan, Hezkuntza eta Osasun Ministeriorako, Zaw Wai Soe; eta Atzerri Ministerioa gidatzeko, berriz, Zin Mar Aung. Azken horrek jokatu dezakeen rolak berebiziko garrantzia izan dezake nazioartearen laguntza eskuratzeko garaian.

Kolpearen aurkako parlamentariek emandako pausoa, baina, ez da junta militarrak irekia duen fronte politiko bakarra. Estatuak NBE Nazio Batuen Erakundean duen ordezkari Kyaw Moe Tun hasiera-hasieratik agertu zen kolpearen aurka, eta, ostiralean, NBEren Batzar Orokorrean eginiko hitzaldian, gobernu militarraren aurkako neurriak eskatu zituen.

Ordutik, hura ordezkatzen saiatzen ari dira, eta asteburuan sinatu zuten haren kargugabetzea. Hala jakinarazi zioten NBEri, azalduta enbaxadorearen albokoak hartuko duela behin-behinean kargua. Kyaw Moe Tunek, baina, ez du erabakia ontzat jo, eta Myanmarren ordezkari legitimoa dela berretsi du, erakundeari bidalitako gutun baten bidez.

NBEren Idazkaritza Nagusia gaia aztertzen hasi da, baina oraindik ez du erabakirik hartu. «Ezohiko egoera baten aurrean gaude, denbora askoan ikusi ez duguna. Lege protokolo guztiak eta bestelako inplikazio motak aztertzen ari gara», azaldu du Stephane Dujarric bozeramaileak. Idazkaritzan bakarrik ez, Segurtasun Kontseiluan ere tratatuko dute Myanmarko egoera, aste honetan. DPA albiste agentziaren arabera, litekeena da bilera ostiralean egitea.

Halere, junta militarrak jaso ditu nazioarteko lehen presioak. Asteartean, ASEAN Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoko kideen arteko bileran, Filipinetako, Indonesiako, Malaysiako eta Singapurko Atzerri ministroek herrialdeko krisi politikoari konponbide bat bilatzeko elkarrizketak abiatzeko eta politikari presoak askatzeko eskatu zioten junta militarrak hautatutako Atzerri ministro Wunna Maung Lwini. Horrez gain, manifestarien aurka arma hilgarriak erabiltzearen aurka agertu dira, eta «biolentzia eta heriotza gehiago egotea ekiditeko berehalako pausoak» exijitu dituzte.

Izan ere, altxamendu militarra gertatu zenetik, milaka lagun atera dira kolpea salatzera, herrialde osoan zehar antolatutako mobilizazioetan. Horiei gogor erantzun die armadak, eta atxilotuak 1.200 inguru dira. Zaurituak dozenaka zenbatzen dira, eta hildakoak ere 30etik gora. Horietako gehienak munizio errealarekin eginiko jaurtiketen eraginez hil dira. Efe albiste agentziak jakinarazi duenez, hildakoen artean gutxienez bi adingabeko daude, eta horietako bati burura egin zioten tiro. Protestak desegiteko asmoz, indar armatuek negar gasa, gomazko balak eta granada itsutzaileak ere erabili dituzte.

Myanmarko armadak ustezko hauteskunde iruzurra argudiatu zuen, kolpea emateko, Aungan Suu Kyik gidatutako NLDk bozak aise irabazi ostean, bigarrenez jarraian. Hala, junta militarrak Myanmarko Konstituzioaren 417. artikulua baliatu du altxamendua defendatzeko. Haren arabera, militarrek botere politikoan esku hartzeko aukera dute «Myanmarko Batasuna desegitea gerarazteko».

Konstituzioa armadak berak idatzia da, 2008. urtean. Izan ere, ez da herrialdeko militarrek boterea bereganatzen duten lehen aldia. 1962tik 2011ra bitartean ere junta militar batek gidatu zuen Myanmar.

Bozak prestatzen

NLDko liderra berriz gobernura iristea eragotzi nahi du junta militarrak, kosta ahala kosta. Helburu hori betetzeko asmoz, astelehenean «istiluetara bultzatzeaz» eta «beldurra eragiteaz» akusatu zuten. Haren kontrako hirugarren salaketa da. Aurrez, inportazio eta esportazio legeak hausteaz eta hauteskunde kanpainan koronabirusaren aurkako neurriak ez betetzeaz ere akusatu zuten.

Hainbat hedabideren arabera, junta militarrak elkarrizketak abiatu ditu zenbait alderdi politikorekin, hauteskunde berriakprestatzen hasteko asmoz. Besteak beste, Elkartasunerako eta Garapenerako Batasunaren Alderdiko kideekin batu dira. Armadaren beso politikotzat hartua da alderdihori. Kanpoan utzi dute, berriz, NLD, nahiz eta azken bozetan garaipen argia eskuratu zuen, botoen %80 bereganatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.