Errusiako Munduko Kopa

Uruguairen atzealde sendoa neurtuko du gaur Cristiano Ronaldok

ainara arratibel gascon
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Faborito argirik gabe neurtuko dituzte gaur indarrak Uruguaik eta Portugalek, Munduko Kopako final-zortzirenetan. Bi selekzioek ez dute joko ikusgarririk egin, baina partidarik galdu gabe gainditu dute lehen fasea: Uruguaik jokatutako hirurak irabazita, eta Portugalek garaipen batekin eta bi berdinketekin. Dena den, batak eta besteak lehen faseko azken partidan emandako irudia oso desberdina izan zen. Uruguaik orain arteko lehiarik onena jokatu zuen, eta 3-0 irabazi zion Errusiari; Portugalek, berriz, bana egin zuen Iranen kontra, eta, ondorioz, multzoko bigarren sailkatu zen Espainiaren atzetik.

Txapelketako atzealderik sendoena dauka Uruguaik. Oraindik ere ez diote golik sartu. Aurrean, ordea, munduko golegile onenetakoa izango du: Cristiano Ronaldo. Lau gol daramatza txapelketan. Portugaldarrak gustuko ditu erronkak, eta gaur beste bat izango du: Munduko Kopako kanporaketa batean gola sartzea. Izan ere, jokatu dituen lau txapelketetan, lehen fasean egitea baino ez du lortu. Ikusmina egongo da haren eta Godinen arteko lehian. Izan ere, Espainiako Liga izaten dituztenak beroak izan ohi dira.

Beste ateari begira, gol sena handia duten beste bi aurrelari izango dira gaurko norgehiagokan: Luis Suarez eta Edmilson Cavani. Bien artean hiru gol sartu dituzte Munduko Kopan. Ez da espero hasierako hamaikakoetan aldaketa handirik egitea bi hautatzaileek.

URUGUAI- PORTUGAL

Uruguai. Muslera; Varela, Godin, Gimenez, Caceres; Nandes, Venico, Betancur, Cebolla Rodriguez; Luis Suarez eta Cavani.

Portugal. Rui Patricio; Guerreiro, Pepe, Fones, Cedric; Silva, Carvalho, Bruno Fernandes; Quaresma, Moutinho, Andre Silva; eta Cristiano Ronaldo.

Epailea. Cesar Ramos (Mexiko).

Lekua. Fisht Olinpiar estadioa. (48.000 ikusle).

Ordua. 20:00etan (Telecinco eta eta TF1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.