Errusiako Munduko Kopa

Auzoko selekzioa

Frantziako selekzioko zazpi jokalari Parisko kanpoaldeko eraztunean jaiotakoak dira. 12 milioi pertsona bizi dira Araba baino txikiagoa den lurralde batean pilaturik. Zazpiak etorkin afrikarren semeak dira.
Kylian Mbappe eta Paul Pogba, atzoko entrenamenduan.
Kylian Mbappe eta Paul Pogba, atzoko entrenamenduan. KIKO HUESCA / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko uztailak 6
The New York Times egunkaritik lapurturiko esaldi batek honela dio: «Futbol munduan ezaguna da gaur egun Sao Paulo dela Parisko kanpoaldeko auzo eta hirietan baino futbol ikuskatzaile gehiago dituen eremu bakarra». Eta behar dira, bai, Frantziako hiriburuaren eraztunean hamabi milioi pertsona bizi baitira —lau aldiz Uruguairen, gaurko aurkarien, biztanle kopurua— 2.700 kilometro koadroko lurralde batean, Araba baino txikiagoa. Biztanleriaren dentsitatea izugarri handia da, eta futbol talentuena ere bai. Datua argigarria da: Frantziako selekzioko 23 kideetatik zazpi eremu geografiko txiki horretan jaio ziren.

Hiri handietako kanpoaldeko lo-hiri eta auzoek banlieue izena hartzen dute Frantzian. Horietako asko irudikeria sozialean immigrazio eta gatazka sozialekin lotzen dira, eta istiluak direnean edo delinkuentzia dagoenean bakarrik agertzen dira albistegietan. Pariskoetan jaio diren eta selekzioan dauden zazpiak etorkin afrikarren semeak dira: Kylian Mbappe (Kamerun-Aljeria), N'Golo Kante (Mali), Paul Pogba (Ginea), Benjamin Mendy (Senegal), Alphonse Areola (Aljeria), Presnel Kimpembe (Kongo) eta Steven Nzonzi (Kongo). Horiek, baina, ez dira Munduko Kopan dauden bakarrak, Frantziako selekzioarekin jokatzeko maila ez dutenek euren arbasoen selekzioarekin jokatu baitute. Mehdi Benatia erdiko atzelari marokoarren kasua da. Blaise Matuidi frantziarra ere banlieue batekoa da, Tolosakoa.

Hainbeste jende hain eremu txikian sartzeko ezin da parke askorik eraiki, eta kaleetan zaildutako jokalariak dira. Denak kontrolatzea, baina, ia ezinezkoa da, eta Frantziako taldeak hasiak dira auzoetako klub txikiekin akordioak lotzen. Egun PSG da Parisen barrena tentakuluak zabaltzen ari dena. Pogbak, esaterako, Le Havre eman zituen lehen pausoak, Normandian; eta Mpabbek, Marseillan. Parisko erraldoiak tamainako horretako talentuak bere haztegitik urrun garatu daitezen eragotzi nahi du.

Jokalari horiek ikur dira euren herrietan. Langile txiroen seme-alabek Mbappe izatearekin amets egiten dute. Egun 17 milioi euro irabazten ditu PSGn, eta hainbat kirol proiektu bultzatu ditu Bondy bere hirian. Izan ere, hura banlieue eredu garbia da, Paristik 11 kilometrora dagoen 52.000 biztanleko udalerria. Hiria esatea gehiegi litzateke, 5,4 kilometro koadro baititu —Eibar baino bost aldiz txikiagoa—. Ez da asko itzuli zela, eta mural erraldoi bat jarri zuten haren irudiarekin. Solairu askoko etxebizitza bloke batean jarri diote, non bestela? Eta bertan, irudia ikusi ez ezik, «Bondy, aukeren hiria» esaldi baikorra irakur daiteke.

Cavaniren zalantza

Etorkin askoko eremuak izan arren, selekzioen partidek badute jendea biltzeko ahalmena, eta Bondyn, gaur, bere kutuna ikusiko dute Uruguaiko defentsa gogorrarekin borrokan. Final-laurdenetako lehen partida izango da, eta zalantza nagusia Uruguain dago: jokatuko al du Cavanik? Aurrelaria atzo oso arin entrenatu zen, eta zaila dirudi hasieratik aritzea.

URUGUAI-FRANTZIA

Uruguai. Muslera; Caceres, Godin, Gimenez, Laxalt; Nandez, Lucas Torreira, Vecino, Bentancur; Luis Suarez eta Stuani.

Frantzia. Lloris; Pavard, Umtiti, Varane, Lucas Hernendez; Kante,

Pogba, Tolisso; Mbappe, Griezmann eta Giroud.

Epailea. Nestor Pitana (Arg.).

Ordua. 16:00etan.

Lekua. Nizhny Novgorod estadioa (45.000 ikusle).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna