Lukaxenkoren aurkari politiko nagusia atxilotu dute Bielorrusian

Delitu ekonomikoak leporatzen dizkiote Viktor Babariko oposizioko buru eta bankariari. Babarikok salatu du atxiloketa trikimailu bat dela bera hauteskundeetatik kanpo uzteko

Viktor Babariko Bielorrusiako bankaria eta 2020ko presidente hauteskundeetarako oposizioko hautagaia, joan den astean, Minsken. TATYANA ZENKOVICH / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Alexandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentearen aurkari politiko nagusia atxilotu zuten herenegun. Viktor Babariko bankaria zerga iruzurragatik eta diru zuriketagatik atxilotu zuten, abuztuaren 9an presidentegai izateko behar zituen sinadurak aurkeztu eta berehala.

Bielorrusiako Estatuaren Kontrolerako Batzordeak (CEC) adierazi duenez, Babariko bere kontrako auzi penaleko frogak ezkutatzen ahalegindu da, baita lekukoengan eragiten ere. Akusazioak leporatzen dio gaizkile talde bat eratzea kapitalak legez kanpo atzerrira mugitzeko, Belgazprombank bankuko zuzendari zen garaian. Ustezko gaizkile talde horretako hogei bat kide atxilotu zituen lehenagotik Poliziak, eta atxilotuek bankariaren kontra deklaratu dute. Batzordearen ikerketaren arabera, 380 milioi euro atera zituen herrialdetik atzerriko dirutan, Letoniako ABLV bankura.

Bestelako jarduera ustelen eta legez kontrako ingeniaritza fiskalaren artean, CECk Babarikori egozten dio enpresari batzuei justifikatu gabeko kredituak ematea eroskeriaren bidez.

Bi hautagai bakarrik

Babarikoren hauteskunde kanpainaren arduradunak azaldu duenez, bankaria Hauteskunde Batzorde Nazionalera joan zen herenegun, presidentegai izateko beharrezkoak diren sinadurak aurkeztera, eta, segidan, Babariko eta haren semea CECren egoitza batera eraman zituzten atxilo. Kanpainaren buruak gaineratu du Babariko kanpoan zen bitartean haren etxea miatu zuela Poliziak. Justu aurretik, hauteskundeetara aurkezteko baldintzak bi hautagaik soilik betetzen dituztela jakinarazi zuen CECk: Lukaxenkok eta Babarikok berak. Hautagaitza aurkezteko epea atzo amaitu zen.

Babarikok salatu du atxiloketa trikimailu bat dela Lukaxenkoren hauteskunde garaipena ziurtatzeko. «Nire bekatu guztiak ez dira nahikoa krimen bat egozteko eta hauteskundeen lasterketatik erretiratzeko».

Lukaxenkok ohartarazi zuen bankariari buruzko informazio konprometitua zuela esku artean, eta ekainaren 12an haren kontrako bi auzi ireki zituen CECk. Presidenteak ziurtatu zuen Babarikok epaiketa saihesteko nahi duela presidente kargua.

Oposizioko liderrak maiatzean utzi zuen Belgazprombankeko zuzendari kargua, eta Bielorrusiako Banku Nazionalak hartu zuen haren gidaritza. Bankuko akzioen %49 dituzten enpresa errusiarrek, Gazprom Bank eta Gazprom-ek, salatu zuten Bielorrusiak nazioarteko legedia urratu zuela esku hartzearekin. Hain justu, Lukuxenkoren gobernuak enpresa horiei egotzi die Babarikoren hautagaitzaren bidez Bielorrusia kontrolatu nahi izatea.

Presidenteak ziurtatu du «Bielorrusia ezegonkortzeko plan handi bat» eragotzi dutela. «Txontxongilo batzuk atzemateaz gain, Bielorrusiako mugetatik kanpo hariak mugitzen dituztenak ere atzeman ditugu». CECko buru Ivan Tertelek erreferentzia zuzenagoa egin die Errusiako enpresa horiei. Babarikoren atzean petrolio enpresa errusiarraren «agintari handiak» daudela adierazi du, baita «agian goragokoak ere».

Hauteskundeetara aurkezteko asmoa agertu zuen Serguei Tijanovski herrialdeko blogaririk ezagunenak ere, eta hura maiatzaren amaieran atxilotu zuten.

Kremlinek adierazi du enpresa errusiarraren kontrako akusazioak «funsgabeak» direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.