Futbola. Munduko Kopa

Ez du zuku guztia atera oraindik

Herbehereak ohiko erasoko jokoa egin ezinik aritu dira Munduko Kopan, baina final-laurdenetan horren zertzelada batzuk erakutsi zituzten. Gaur, finalerdietan, Suediaren aurka, horretan jarraitu nahi dute.

ainara arratibel gascon
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Herbehereetako selekzioak 2017an jo zuen goia, etxean Eurokopa irabazita. Ezustea emanda lortu zuen garaipena, Danimarkaren kontra.Titulu horrekin, nazioarteko erakusleihoan jarri zen, eta aintzat hartzeko selekzio bihurtu zen. Munduko Kopa honetan —parte hartzen duen bigarrena da—, jada bere inoizko emaitzarik onena hobetu du, finalerdietara iritsita. Baina ezagunagoa izatearen patua ordaintzen ari da. «Kosta egiten ari zaio Eurokopan bezain ikusgarri eta erasokor jokatzea, kontrarioek hobeto ezagutzen dutelako, eta ondo ixten direlako defentsan», dio Eli Sarasola atezainak (Donostia, 1991). Gaur Suedia izango du aurkari finalerdietan (21:00, Gol TV).

Sarasolak bosgarren sasoia egingo du Herbehereetako ligan jokatzen. Hiru egin zituen Ajaxen, eta datorrena bigarrena izango du PSV Eindhovenen. Horrenbestez, ondo ezagutzen ditu hango jokatzeko era eta jokalariak. Haren ustez, txapelketan «behetik gora» egiten ari da Sarina Wieganek zuzentzen duen selekzioa. «Final-laurdenetan, Italiaren aurka, orain arteko partidarik osoena eta onena jokatuzuten. Ez zen norgehiagoka erraza, Italia txapelketako ezustea baitzen. Baina nagusitasunez hartu zuen mendean, ohikoa duen erasoko jokoaren zertzelada batzuk erakutsita». Hala, argi du:«Torneoko unerik onenean iritsi da finalerdietara, eta aukera handia du finalera iristeko».

Baina zuhurtziaz ere mintzatu da. Izan ere, orain arte erasoko joko hori egin ezinik ikusi du. «Aurrealdean dituzten jokalarien kalitateagatik irabazi dituzte partidak: Miedema, Martens, Van de Sande... Gutxi behar dute gola sartzeko, eta hala erakusten ari dira beste behin. Baina, joko aldetik, taldea justu ibili da».

Horren ondorioz jokalariak kritikatu egin dituztela azaldu du. «Nahiko gogor, gainera. Herbehereetan, irabazteari bezainbesteko garrantzia ematen diote hori lortzeko moduari, eta beti lehenetsi izan da ondo jokatzea».

Jokoari une askotan «argitasuna, jarioa» falta izan zaizkiola uste du Sarasolak. «Batetik, aurkariek jokatzen utzi ez dietelako; hau da, egin duten proposamena gehiago izan delako apurtzeko eraikitzeko baino; eta, bestetik, batzuetan lotuta egon direlako, irabazteko beharragatik». Viviane Miedemakonartu zuen hori duela egun batzuk. «Gure herrialdean, denek irabazle ikusten gaituzte, eta hori ardura handia da. Ohitzen ari gara horretara».

Italiaren aurka «askeago» jokatzen ikusi zituen Sarasolak, eta, haren ustez, hori funtsezkoa izan zen finalerdietarako sailkatzeko. Bide horretatik segitzeko, beharrezkotzat jotzen du Jackie Groenenen gehiago azaltzea. «Asko hitz egiten da aurreko hiru jokalariez, baina berak ematen dio zentzua taldearen erasoko jokoari. Eurokopan ikaragarri ondo aritu zen. Munduko Kopan ez da hain ondo ari, eta taldeak igarri egin du. Italiaren aurkako neurketan gehiago agertu zen, eta selekzioaren jokoak abiadura eta jarraitutasun handiagoa izan zuen». Beste bi jokalari ere aipatu ditu: Danielle Van de Donk etaSherida Spitse: «Taldeari oreka ematen dioten jokalariak dira, eta zelai erdian lan handia egiten dute. Baina haiek ere minutu onak eta ez horren onak izan dituzte».

Suedia, aurkari «deserosoa»

Jokalari horiek agertu ezean, Suediari irabazteko agian «sufritu» egingo dutela nabarmendu du. «Itxura batean, eta jokalariei erreparatuta, Alemaniak baino maila apur bat baxuagoa du. Jokalariek beraiek nahiago zuten Suediaren aurka jokatu. Bainaaurkari deserosoa da, lerroak oso ondo batzen dituelako, eta erasora ateratzean min handia egiten duelako baloi luze eta bertikalen bidez. Atzelariek oso adi ibili beharko dute, etengabe bizkarra hartzen ahaleginduko baitira Suediako aurrelariak».

Aurkariaren ahalmen fisikoa era nabarmendu du. «Bero asko egingo du, eta hori erabakigarria izan daiteke. Suedia fisikoki talde indartsuagoa da, eta uste dut hobeto egokitu daitekeela indarrak justuago egongo diren minutuetara».

Hori kontuan hartuta, uste du Herbehereek partidaren bila atera behar dutela hasieratik. «Lehen gola sartzeak lasaitasuna emango lieke, eta horretan saiatu behar dute. Gainontzean, Suedia ohituta dago partida itxiak jokatzera, eroso sentitzen da hala, eta ez da urduri jarriko». Animoz ondo ikusten ditu Sarina Wieganen jokalariak. «Haietako batzuekin hitz egiteko aukera izan dut, eta baikor eta ilusioz daude».

Sarasolak espero du Herbehereak finalerako sailkatzea, eta horrek balio izatea herrialdean bertan emakumeen futbolak beste bultzada bat izan dezan. «Eurokopa irabazi eta gero ere espero genuen urratsak egitea. Baina ez ziren izan espero bezain sendoak. Ea oraingo honetan aurrerapausoak nabarmenagoak diren, eta zale gehiago erakartzeko balio duen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.