Arrauna

Oinez ikasi gabe, lasterka

Kaikuk ez zuen espero azkena izatea Eusko Label ligan, baina leku horretara eraman dute orain arteko lau estropadetako emaitza txarrek. Iazkoa baino talde hobea da, eraberritua, baina ezin izan du blokea landu, udaberriko etena tarteko. Hala ere, konfiantza ez dute galdu talde barruan, eta zulotik aterako direla diote.

Kaiku aurreko igandean, Zierbenan, Eusko Label ligako laugarren jardunaldian. EUSKO LABEL LIGA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Baten batek izan behar du azkena Eusko Label ligan, eta, oraingoz, Kaiku dago inork nahi ez duen leku gaizto horretan. Taldean harridura eragin du horrek, beste zerbait espero zuten eta. Aurreikuspen hori ez zen harrokeria, teorian iazkoa baino talde hobea baitute, baina bakoitza zer den uretan erakutsi behar izaten da, eta, oraingoz, Eusko Label ligan bitan izan da azkena, eta behin hamargarren eta bederatzigarren.

Eskarmentu handiko arraunlariak daude Bizkaitarra traineru mitikoan, eta David Iglesias (Donostia, 1975) da horietako bat. Garbi onartu du ez daudela espero zuten lekuan: «Azkena izatea ez zen gure buruan azaldu ere egiten». Esan du gauza askoren ondorioz daudela sailkapenaren beheko muturrean, baina horietako bati egin dio aparteko aipamena: «Talde eraberritua gara, eta blokea egitea falta izan zaigu udaberriko etenagatik. Arraun egiteko erritmoa pixkanaka igo behar da entrenamenduetan, baina, lan hori ezin izan dugunez egin COVID-19aren eraginez, kolpetik lehiaketako erritmoetara moldatu behar izan dugu. Oinez ikasi baino lehen lasterka hasi gara». Gabezia hori popareko lanean antzematen dutela gehitu du: «Lau kontu txiki dira, baina ez dakigu une zehatz bakoitzean zer egin behar dugun. Gainera, Coruñan eta Donostian itsaso txarra tokatu zitzaigun, eta, blokea egin gabe dagoen talde batentzat, horrek ez du batere laguntzen».

Ez du nahi azalpen horiek aitzakiatzat hartzea, eta beste taldeak ere gabezia berdinekin ibiliko direla azaldu du: «Etenak denoi eragin digu txarrerako, baina blokea iaztik edo aurreko denboraldietatik egina zutenei gutxiago eragiten ari zaie». Beste kontu batek ere ez dio asko lagundu Kaikuri liga hasieran, Iglesiasen ustez: «Iaz baino maila hobea dute atzealdeko taldeek, eta hori ere gure kalterako da orain».

Gabeziak gabezia, eta besteen hobekuntzak hobekuntza, Iglesiasek fede handia du taldean: «Ziur naiz aterako garela zulotik. Asko falta da oraindik, eta badaukagu denbora. Asteburu honetan, pauso bat egingo dugu aurrera, eta hurrengoan ere bai». Asteburuz asteburu eta estropadaz estropada doaz: «Horrela joan behar dugu, egunetik egunera hobetzen, blokea gero eta gehiago egiten dugun bitartean».

«Giro ona dugu taldean»

Kaikuren egoera zailean egonda, ondo neurtu eta zaindu beharrekoa izaten da norbere burua, azkar hasten baita lanean, eta txarrerako ia beti. Iglesiasek badaki zer den hori: «Estropada hasi eta segituan gauzak oker badoaz, burua informazio txarra ematen hasten da, eta arriskutsua da». Beste alderdian, baina, ikusi du itxaropenerako aukera taldean: «Gure arteko giroa ona da, lasai gaude, eta asko balio du horrek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.