TPLFren aurkako beste oldarraldi bat hasi du Etiopiako armadak

Milizia tigreek salatu dute Addis Abeba «artilleria astuna eta suziriak» erabiltzen ari dela. Tigrayko herritarrak azken hamar urteetako goseterik okerrena jasaten ari dira

Gatazkatik ihes egindako herritarrak artatzeko kanpalekua, Dese hirian, Amhara estatuan. EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Etiopiako armadak TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontearen aurkako beste oldarraldi bati ekin dio, tigreek jakinarazi dutenez. TPLFko bozeramaile Getachew Redak azaldu du astelehenean ekin ziotela erasoari, Amhara estatuan: «Etiopiako militarrak, Amharako indar berezien laguntzarekin, eraso koordinatu bat egin dute fronte guztietan».

Getachewek jakinarazi duenez, Etiopiako lehen ministro Abiy Ahmedek bete egin du joan den astean eginiko «mehatxua», eta «Tigray berriz inbaditzeko erasoaldia» hasi du. TPLFko jeneral Tsadkan Gebretensaek The New York Times egunkariari adierazi dionez, ostiralean egin zuten tigreen aurkako lehen bonbardaketa. Astelehenean, berriz, Amhara iparraldeko Wegeltena, Wurgessa eta Haro hirietan zuzeneko erasoak hasi zituzten, Getachewen arabera. Era berean, AFP albiste agentziak jakinarazi du Afar estatuko Awra hirian liskarrak izan zirela asteartean, eta haietan hainbat zibil hil zituztela.

Armada «artilleria astuna, droneak, tankeak eta suziriak» erabiltzen ari da, Getachewek salatu duenez. Izan ere, TPLFren arabera, «errekruta berriak» eta «arma modernoagoak» dituzte orain militarrek; besteak beste, Arabiar Emirerri Batuei erositakoak, tigreen ustez.

Efek aipatutako iturri diplomatikoek ere baieztatu dute erasoa, eta gehitu armada eta amhara miliziak estatu haren eta Tigrayren arteko mugan indartsu egiten ari direla: «Badirudi gobernu federala Tigrayko Defentsa Indarrak [FDT, TPLFren adar armatua] desegiteko presaz dabilela, negoziatzeko garaia iritsi aurretik». Halaber, gatazkaren «garai erabakigarria» iritsi dela nabarmendu du Tsadkanek.

Etiopiako Gobernuak aurreko astean adierazi zuen oldarraldia «berehala» iritsi zitekeela. Halere, ez armadak, ez gobernuak ez du baieztatu hari hasiera eman izana. Armadako koronel Getent Adanek uko egin dio «liskar horien» inguruan hitz egiteari. Abiyen bozeramaile Billene Seyoumek, berriz, «herritarrak terrorismo ekintza ororen aurrean» babesteko betebeharra dutela besterik ez du esan: «Etiopiako GobernuakTPLFren suntsiketari, indarkeriari eta hilketei aurre egiten jarraituko du Amharan eta behar den leku guztietan».

Addis Abebaren eta TPLFren arteko gerra iazko azaroaren 4an piztu zen. Abiyek Mekeleko —Tigrayko hiriburua— base militarra erasotzea leporatu zion milizia tigreari, eta estatuaren kontrola hartzeko oldarraldia hasi zuen, Eritreako armadaren laguntzarekin. Hilabetea amaitu aurretik, armadaren garaipena aldarrikatu zuen Abiyek, baina, ordutik aurrera, TPLF lurraldea berreskuratzen hasi zen, ekainean armada «aldebakarreko su-eten bat» ezartzera behartu arte.

Militarrek atzera egin zuten, baina ez haiekin elkarlanean ari ziren amhara miliziek. Haiek Tigray mendebaldeko eremuetan jarraitu zuten, eurenak direla argudiatuta. Horri erantzunez, TPLFk Amhara ipar-ekialdean beste fronte bat ireki zuen. Hala, eremu hartara eta Afar estatura zabaldu zen gatazka. Bi etnietako miliziek liskar ugari izan dituzte azken hamarkadetan; besteak beste, bi estatuen arteko mugak ezartzerako garaian.

Giza larrialdia

Gerrak giza kalte larriak eragin ditu, Tigrayn batez ere. Gatazka hasi zenetik, milioika lagunek utzi dute euren etxea, eta 400.000 inguru dira gosetea sufritzen ari direnak. Hala nola, Tigrayko 5,2 milioi lagunek —populazioaren %90ek—, eta Afarko eta Amharako 1,7 milioik laguntza humanitarioaren beharra dute bizirik irauteko, MEP Munduko Elikadura Programaren arabera. Hala, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek adierazi du munduak azken hamarkadan jasandako goseterik larriena dela, eta nabarmendu egoera «kontroletik kanpo» geratzen ari dela. Beraz, erakundea beldur da azken oldarraldiak egoeran izan dezakeen eraginagatik.

OCHA Nazio Batuen Auzi Humanitarioen Koordinaziorako Bulegoak salatu duenez, beharrezko laguntza humanitarioaren %10 besterik ez da ailegatu Tigrayra. Besteak beste, NBEren gai humanitarioetarako buru Martin Griffithsek Addis Abeba egin du egoera horren errudun, eta laguntza hiru hilabetez «de facto blokeatuta» izatea leporatu zion hilabete hasieran. Etiopiako Gobernuaren erantzuna nazioarteko hainbat erakundetako zazpi goi kargudun herrialdetik kanporatzea izan zen, herrialdeko barne gaietan «esku hartzeaz» eta miliziano tigreei laguntzeaz akusatu ostean. Aurrez ere, Mugarik Gabeko Medikuen Herbehereetako sekzioari eta Norvegiako Errefuxiatuen Kontseiluari debekatu egin zien eremu hartan lan egitea, «talde errebeldeak armatzea» leporatu ostean.

Abiy, zeinak Bakearen Nobel saria eskuratu zuen 2009an, gerra krimenak egin izanaz akusatu dute, eta nazioartearen babesa galduz joan da azken hilabeteetan. Horren adibide da, aurreko astean, bozak bigarrenez irabazi ostean, haren kargu hartze ekitaldira sei estatuburu besterik joan ez izana. Etxe Zuriak ere neurriak hartzearekin mehatxu egin dio. Joe Biden presidenteak gatazka «luzatzearen» erantzuleei zigorrak jartzera bideratutako dekretu bat sinatu zuen irailean, baina oraindik ez du ezarri halakorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.