Arrauna

Donostiarrak erakutsi du Orioren pare ibil daitekeela

Euskotren Ligako lehen bandera irabazi du Donostiarrak, Zierbenan. Orio aurretik aritu da, baina azken luzean nagusitu da 'Torrekua'

Donostiarra, helmugara iritsi berritan atzo Zierbenan, garaipena ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Hondarribiko gizonezkoen ontziak joan den asteburuan Coruñan egin zuena Donostiarren emakumezkoen taldeak egin du azken asteburu honetan, baina alderantziz. Maialen Arrazolaren taldeak aho zapore gozoarekin amaitu baitu laugarren jardunaldia. Bezperan, etxeko estropadan azkenak egin eta gero, atzo, Zierbenan, Euskotren Ligako lehendabiziko bandera irabazi zuen, atzetik aurrerako lan handiari esker. Donostiako ontziak garbi erakutsi zuen atzo Orioren aurkari zuzena izan daitekeela uda honetan. Txiki trainerua irabazleengandik segundo batera iritsi zen helmugara. Azken posturako lehian. Arraun Lagunak-ek Hondarribia utzi zuen atzean. Oriotarrei garaipenak ihes egin bazien ere, Nadeth Agirre patroiak liderraren elastikoarekin jarraitzen du. Orain lau puntu ateratzen dizkio Donostiarrari. Bien bitartean, Arraun Lagunak eta Hondarribia zazpina punturekin daude.

Barruko balizak dantzan ez zeuden arren, kanpoaldean bazen mugimendua. Itsasoa nahasia zegoen, eta zaila zegoen arrauna uretan ongi pasatzea. Donostiarra joan zen lehendabiziko kaletik, Arraun Lagunak bigarrenetik, Hondarribia hirugarrenetik, eta Orio laugarrenetik. Estropada hasi eta berehala jarri zen Xanti Zabaletaren taldea lehen postuan. Haizeak ipar-ekialdetik jotzen zuen, eta Txiki ontziak ondo baino hobeto atera zion etekina. Hala, hiru aurkariei tartea zabaltzea lortu zuen. Laugarren minuturako, oriotarrek bi segundo kentzen zizkioten Donostiarrari. Bitartean, lau segundoko galera zuen Hondarribiak, eta sei segundokoa Arraun Lagunak-ek.

Ziabogara iritsi zen lehen trainerua Nadeth Agirrek gidatutakoa izan zen. Bi ontziren aldea ateratzen zion Maialen Arrazolaren ontziari. Hondarribia ere ez zen urruti. Iker Cortesen arraunlariek erakutsi dute iaztik urrats bat aurrera egin dutela, eta laugarren postuari ihes egin diezaioketela. Arraun Lagunak, berriz, Ama Guadalupekoa ontzitik hiru segundora zen.

Donostiarraren erreakzioa

Maniobraren ostean, Oriok jarraitzen zuen estropada buru, eta aldeak egonkortzeko joera ematen zuen. Zabaletaren taldeak ontzi bateko aldea zuen Donostiarrarekiko. Orain arte jokatu diren estropaden gidoia berretsiko zela uste zen. Usteak erdi ustel.

Donostiarra Oriorekin zuen distantzia laburtzen hasi zen. Lehen kalean laugarrenean baino olatu garbiagoa zegoen, eta Natalia Tubiok bazekien abantaila hori ongi baliatu behar zuela. Baita egin ere. Poparean oso ongi moldatu ziren, eta Txiki ontziaren pare jartzea lortu zuten, baita aurrea hartu ere. Olatuen gainean asko gozatu zuten, eta garaipenak ez zien ihes egin.

Datorren asteburuan, Getxon (Bizkaia) eta Orion (Gipuzkoa) izango dira estropadak. Berriz ere itsaso zabalean lehiatuko dira, eta patroiek euren dohainak erakusteko aukera izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.