Saskibaloia. Euroligaren atarikoa

Guztia, etxeko goxotasunean

Gaur hasiko den Euroligak maiatzeko Gasteizko Lauko Finalean joko gu goia. Bertan izateko bidea egiteko, joan den sasoiko lehen fase kaotikoa saihestu beharra du Baskoniak
Buesa Arena atontzeari ekin dio Baskoniak, Lauko Finalerako egokitzeko. Aldagelak, argiztapena eta sabaiko markagailua nagusia eguneratuko ditu, besteak beste.
Buesa Arena atontzeari ekin dio Baskoniak, Lauko Finalerako egokitzeko. Aldagelak, argiztapena eta sabaiko markagailua nagusia eguneratuko ditu, besteak beste. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Danel Agirre -

2018ko urriak 11
Joan den Euroligan batez besteko baloraziorik onenak izandako 24 jokalarietatik bakarra joan da NBAra. Guztietan onena izan da: draft aukeraketan hirugarren tokian bere izena entzun zuen Luka Doncic. Kalteen balantzea azken urteetako baino askoz murritzagoa da, eta handiki gehienek beren lantaldeak ia osorik mantendu ahal izan dituzte. Erreforma sakonetan sartu direnek, berriz, norabide aldaketa behar zutelako egin dituzte aldaketak, eta ez izarren galerek behartuta.

Josean Kerejeta Baskoniako presidentearen aspaldiko agintea bete, eta gizonezkoen Europako saskibaloiaren festa nagusia, Lauko Finala, Gasteizen jokatuko da datorren udaberrian. Beren nazioarteko garaikur bakarra, orduko Europako Errekopa, etxean antolatutako final batean eskuratu zuten gasteiztarrek: 1996an, Salonikako PAOKen aurka. Trikimailu hura berriro erabili eta Euroliga etxean altxatzen saiatzeko, Pedro Martinezekin aurrerabide nabarmena azaldu zuen lantaldea mantentzearen alde apustu egin du zuzendaritzak. Egitasmoak, jarraitutasunak eta konstantziak eduki ohi dute ordainsaririk eliteko kirolean. Eragozpen nagusia da, akaso, hiru faborito nagusiek ere, Real Madril txapeldunak, Fenerbahcek eta CSKA Moskuk multzo jantzi eta zailduei eutsi dietela ia osorik.

Eskarmentuaren beharra

Azken Euroligan, final-laurdenetan, Fenerbahceri aurre egiteko ofizio falta sumatu zitzaion Baskoniari. Galdutako lehietan, markagailua estu mantendu bai, baina beti igorri zuen aurkariaren trinkotasunera iristeko koska bat falta zuen sentsazioa; batez ere, zaintzan. Pedro Martinezen buruhauste nagusietako bat behar luke taldeari babes sendoago bat eraikitzeak. Bestea sasoi erregularrari behar den moduan ekitea da. Pablo Prigioniren aginduetara galdutako asteak larrutik ordaindu zituen Baskoniak. Final-laurdenak etxean jokatzekoa ez ezik, hautagairik trebatuenak saihesteko bidea ematen du lau onenetan sartzeak. Oso helburu korapilatsua da, baina Euroliga irabazteko benetako guraria duenak jazarri beharrekoa.

Aitzakiarik gabeko erretorika baikorra obligazioa da Gasteizen, eta Pedro Martinezek ez du zuhurtasunaren izenean ezkutatu nahi izan. «Etxean Europako txapeldun izatea ametsa da guztiontzat, eta amets horrekin ari gara lanean denboraldi-aurretik. Helburua, ordea, ez da final horretan izatea bere hartan, posible ez den arte borrokan jarraitzea baizik», iragarri zuen duela aste batzuk.

Atzealdean doitu beharrekoez gain, multzoaren eskarmentu falta izan dezake bigarren traba nagusia Baskoniak. Azken ACB ligako finala ibilbideko lehenbizikoa zuten jokalari gehienek. Azken bi hamarkadetan, plaza handietan gogortuz joan gabeko talde bakarrak irabazi du Euroliga: David Blattek aulkitik maisuki gobernatutako 2014ko Tyrese Rice eta Ricky Hickmanen Maccabik.

Lauko Finalean sartzea utopiatzat duten hiru partaide baino ez daude gaur lanei ekingo dietenen zerrendan: Buducnost, Kanaria Handia eta Darussafaka dira. Azken horrekin Eurokopa irabazi zuen Blattek, meritu handiko ibilbidea eginda. Olympiakosen atzerapausoa zuzentzeko ardura du orain Clevelanden LeBron Jamesen entrenatzaile izandakoak.

Jardunaldi arruntetan, ostegun eta ostiraletan izango ditu aurten ere partidak Euroligak. Bikoitzetan, astearte eta asteazkenean ere ariko dira taldeak. Zortzi taldek ekingo diete gaur lanei: CSKAk eta Bartzelonak zabalduko dute sasoia, eta horrexek behar luke eguneko emanaldirik interesgarriena. Bihar hasiko du Baskoniak bidea, Kaunasen (Lituania): tentuz eraberritu den Saras Jasikeviciusen Zalgiris izango du parean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna