Jose Grazenea

Margoak, erreala arazteko

Ur taldearen sortzaileetako bat izan zen Jose Grazenea. Gaztetatik nabarmendu zen pinturaren arloan, eta hamarkada askotako obra utzita zendu da. 94 urte zituen.

GARI GARAIALDE / FOKU.
itziar ugarte irizar
2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Hasiberrientzako lehiaketetan gazte hasi zen nabarmentzen Jose Grazenea Agirregomezkorta (Irun, Gipuzkoa, 1927). Sorterrian abiatu zituen pintura ikasketak, eta Madrilen, Parisen, Londresen, Alemaniako Wiesbadenen eta Europako beste hainbat hiritan barna osatu zuen artista formakuntzaren zeharkaldia. 27 urterekin jarri zuen banakako aurreneko erakusketa, eta, ordutik, han-hemen joan zen bere obra ikusgai jarriz, erakusketa kolektiboetan zein bakarkakoetan. «Nire artea ez da errealitatearen berehalako interpretazio bat, ezpada errealaren depurazio bat, natura fisikoa itzultzeko beharra sentitu dudalako», esan ohi zuen artistak bere lanaz. «Zerua, mendia, ura eta areatza, natura estetikoa da hori». Hondarribian (Gipuzkoa) hil zen, atzo, 94 urterekin.

Hain justu, gaztetako lehiaketa horietan ezagututako hiru lagunekin osatu zuen Ur taldea Grazeneak, 1965ean: Javier Arozenarekin, Carlos Bizkarrondorekin eta Alejandro Tapiarekin. Hamar urtez aritu ziren taldearen izenpean lanean, eta 30 erakusketa antolatu zituzten elkarrekin. Orduan lortu zuten son handiagoa haien lanek, harik eta 1975ean laukotea banandu eta bakoitzak bere kasa segitu zuen arte.

Pintura espresionistaren alde egin zuten; gehiegizkoa iruditzen zitzaien errealismoari erantzuteko modu gisa. Paisaia landu zuten batik bat, eta Grazeneak erakutsi zuen abstrakziorako joera handiena. «Pintura musikalagoa da harena», esan zuen Bizkarrondok. Egun, haren obrak Euskal Herriko eta atzerriko hainbat museo eta bildumatan daude gordeta. Azken erakusketetako bat 2018an Irungo Menchu Gal aretoan irekitakoa izan zen, haren seme eta artista Iñaki Grazenearen komisariotzapean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.