«Uste dut finala ez dela parekidea izan, txapelketa bera ez delako izan»

Gipuzkoako txapeldun izango da aurrerantzean ere Gaztelumendi, larunbatean txapela bigarrenez irabazi ostean. Gustura dago eginiko lanarekin; «fase bat» itxi dela dio, eta bertsolaritzaren berrikuntzen artean kokatu nahi lukeela bere burua. Bideoa albistearen amaieran.

GORKA RUBIO / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Manex Mantxola Urrate -

2019ko abenduak 17

Añorgako (Donostia) Jolas-etxean elkartu da BERRIArekin, igande goizean; bezperako ospakizunaren zantzurik bazen oraindik. Txapela heldu da txapelduna baino lehenago, lehena parrandatik beranduago erretiratu bazen ere: errotarria bueltaka ibili omen da gau osoan. Haren atzetik heldu da Beñat Gaztelumendi (Añorga, Donostia, 1987), txapelaren aldean fresko. Ebaki bat nahikoa izan du Illunbeko lainoetatik lur hartzeko.

Hasteko, gizalegezko galdera: zer moduz zaude?

Nahiko nahastuta, egia esan. Bi emozio nagusitzen zaizkit. Batetik, betetasun sentsazioa daukat; finala luze joan zen, bertso asko bidean; batez ere erdialdetik aurrerako bertso dezenterekin gustura geratu nintzen, nahikoa aseta. Bestetik, nekea, hustu sentsazioa eta fase bat itxi den sentipena.

Zer moduz joan zen eguna, eta nola ospatu zenuten?

Oso ondo. Ospakizuna ederra izan zen, baina nik hanka bat barruan eta bestea nire emozioetan pasatu nuen. Egia esan, finala kudeatzeko zaila izan zen. Ez nuen espero hain mugituta sumatzerik neure burua, eta sentitu nuen, bai, kontentzio ariketa bat egiten aritu nintzela arratsalde guztian. Prentsaurrekoan, esan nuen orain nagoen lekutik kantatu nahi nuela, eta ez nuen uste orain nagoen lekua hain gauza lokaztua eta mugikorra zenik. Esango nuke nire bizitzako momentu mugarrienak Illunben bizi izan ditudala, eta momentu batean dena etorri zitzaidan gainera.

Badaukat pena bat: nire poza ez nuela ondo adierazten jakin. Ez dut uste nire kontua denik; uste dut euskaldunak oro har ez garela emozioak adierazten egokiak, baina iruditzen zait Illunbeko publikoak ez zuela ikusi ni zein pozik nengoen. Eta oso pozik nengoen.

Euste ariketa hori zenbateraino baldintzatu du txapeldun izateak? Hasierako agurrean ere nabaritu zitzaizun denen ahotsa biltzeko nahi bat; pisu hori bazeneukan.

Ez dakit, buelta batzuk eman dizkiot horri. Nire kezketako bat zen txapeldunaren aura horrek zenbaterainoko espazioa hartuko zuen txapelketan, ea zegokidan baino leku handiagoa okupatuko nuen. Azken urteetan Gipuzkoako txapelduna ez da txapelketan izan, eta ni bai. Horrekin bai, horrekin izan dut dezenteko mamua; Azkoitian ez dut uste behar baino espazio handiagoa hartu nuenik, ezta Oiartzunen ere, baina finalean une batzuetan bai, dezenteko itzala sentitu nuen niregan. Ez dakit txapelagatik edo Bertsozale Elkartean daukadan lekuagatik den, baina sentitzen nuen ardura bat gauza kolektibo batzuk esateko. Hasierako agurrari, adibidez, buelta asko eman nizkion. Duela hamabi urte erronkara joan nintzen pertsonaletik, eta sentitzen nuen egokia zela une hartan, baina orain ezingo nuke. Ardura hori sentitzen dut, baina gustatzen zait; gustatzen zait orain zein lekutan nagoen.

Txapeldun izateak bezala, Bertsozale Elkarteko zuzendaritza taldean egoteak ere izango zuen bere eragina. Aurrekoekin alderatuz gero, beste ikuspuntu bat eman al dizu txapelketa honek?

Bi gauza nahasten dira. Uste dut bertsotan aritzen garen guztiok sentitzen dugula, alde batetik, gure parte artistiko hori: zer ekarpen egin nahi dugun, nondik heldu nahi diegun gaiei, zein den gure apustua... hori banekarren. Era berean, txapelketa helburu jakin batzuk dituen eta bertsolaritzari ekarpen bat egin behar dion ebento modura ere ikusten dut: txapelketaren ekarpenak izan behar dira belaunaldi berriak txertatzea, lurraldean era orekatu batean zabaltzea, genero ikuspegi batetik oreka bat ekartzea... Ikuspegi hori ere izan dut txapelketan. Finalean, berriz, saiatu naiz hori kentzen. Bertsolaritik heldu nahi nion, eta sentsazioa daukat arratsaldea aurrera joan arte ez nuela lortu bertsolaritik begiratzea finalari. Nahiko lauso sentitu nintzen lehen ariketetan.

Aipatu da lehenengo final parekidea izan dela, diskurtsoz ere plurala. Nola ikusi duzu kantukideen partetik?

Uste dut finala bera ez dela parekidea izan, txapelketa bera ere ez delako izan. Kopuruei begiratuz gero, oso nabarmena da. Uste dut 80 gizonezkok eta 17 emakumek ekin ziotela udaberrian. Eta kopuruetatik harago ere, oraindik zer gai jartzen ditugun, nola heltzen diegun, bertsolarien arteko harremanak nolakoak diren... uste dut hor badaudela kualitatiboki pausoak emateko. Finalean bertan ere nabaritu zen: nola hartzen duen publikoak bertsolari bakoitza, nola epaitzen duen... Badago zer hobetua oraindik. Pausoak ematen ari gara, baina gauden puntuan gaude. Duela lau urte ez zen posible atzo gertatu zena; uste dut lau urte barru atzo gertatu ez ziren gauza batzuk gertatu beharko liratekeela.

Zerorrek zer eskaini nahi izan diozu txapelketari?

Finala bera nahiko kanpotik entzun nuen. Baina izan nuen sentsazioa bertsolari guztiok izan genuela aportatzeko unea. Denok izan genuen ariketaren bat nabarmendu ginena. Aginek [Laburu] prentsaurrekoan esan zuen: «Nik nahi dut jendeak jakitea Aginek nola egiten duen bertsotan». Eta uste dut atzokoaren ondoren jendeak badakiela Aginek nola egiten duen; Alaiak [Martin] nola egiten duen ere lehendik bazekien jendeak, baina uste dut larunbatean asko gelditu zirela txundituta Alaiaren mailarekin. Nerea Elustondok ere uste dut une oso brillanteak eduki zituela; Beñat Lizasok final osoa egin zuela; Jon Maiak ere publikoa bereganatu zuela; Oihana Iguaranek transmititzen zuen gozamen hori ikaragarria izan zela; eta Ane Labakak izan zituela une asko brillanteak, diskurtso aldetik berak bakarrik aportatu ditzakeenak. Alde horretatik, uste dut finala bakoitzak eskaintzeko zuenarekin osatu genuela, denon artean.

Zein izan da erosoen kantatu duzun ariketa edo eskaini nahi zenuen hori plazaratu duzun unea?

Aurreko txapelketa nagusian dezente sufritu nuen nire kokapenarekin edo, hobeto esanda, kokapen faltarekin. Ikusten nuen bertsolaritzan berrikuntzak hiru lekutatik datozela: belaunaldi berrietatik, eta ni jada ez naiz belaunaldi berria; lurraldeko guneetatik, agian bertsolaritza hain trinko ez dagoen guneetatik, eta Añorga ez da horrelako gune bat; eta emakumeen aldetik ere berrikuntza handiak datoz, etorri direnak jada, eta, noski, ni ez naiz emakumea. Horregatik sentsazioa neukan ez nekiela kokatzen; traba egiten nuen sentipena ere baneukan. Defentsiban egotearen sentsazioa saihestu nahi nuen. Bilatzen nuen nirekin kantatzen zuen jendeak eduki zezala espazio bat bere ekarpen hori egiteko.

Alde horretatik bereziki gustura nago Oihanarekin hamarreko txikian egindako lanarekin. Ez bakarrik bertsoekin: bertsoaldi haren aurretik, nahikoa hotz nengoen, eta, Ane eta Beñat kantari ari zirela, Oihanaren ondora joan nintzen; Oihanak berak ikusi ninduen hotz eta berak altxatu ninduen. Kantuan hasi ginenean berak keinu bat egin zidan, «gai honi positibotik helduko diogu» esanaz bezala, kantari ari ginela bertso eta bertso artean elkarri begiratzen genion, eta berak esaten zidan: «Ondo ari gara». Sentsazio horrekin gelditzen naiz.

Aitak jarritako txapela amari eskaintzearekin, hasierako agur kolektiboari pertsonala kontrajarri zenion bukaeran.

Horrela esanda badirudi politikoki zuzena izatea dela, baina egoera horretan gorputzak hori eskatzen zidan. Badakit normalean txapeldunaren agurra gauza kolektiboa izan ohi dela eta txapela ez dela norberari jartzekoa, baizik eta mugimendu bati dagokion zerbait dela. Zalantza dezente eduki nituen amari eskaini edo ez. Nahiz eta aitarengandik jaso nuen bertsozaletasuna, bertso eskolara eramaten gintuena, zaintzen gintuena, gure txapelketako nerbioak kudeatzen laguntzen ziguna ama izan da. Kolektiboki erabat merezitakoa zen aitaren aitortza, baina pertsonaletik amildegi bat sentitzen nuen aitak jasotzen zuenaren eta amak jasoko ez zuenaren artean, eta neure buruari lizentzia eman nion berari eskaintzeko. Nire amari eskaini nion, baina bertsolari askoren amak ibili izan dira gurea bezala.

Lau urte eman dituzu txapeldun modura, eta beste lau orain aurretik. Zer da txapeldun izatea?

Txapeldunak berak nahi dituen ardurak dauzka. Ni saiatu naiz neure burua ondo ordezkatzen, jendeak nirekin kantatzeko gogoa izan dezala, gehiegi nabarmendu gabe ibiltzen. Horretan saiatu naiz; gero lortu dudan edo ez, badauzkat zalantzak.

Gipuzkoako bertsogintzari begira, lehen aipatu ditudan eremuetatik etorriko zaizkio ekarpenak, eta uste dut justu hiru alor horietan daudela hobetu beharreko gauzak. Anek [Labaka], prentsaurrekoan, esan zuen txapelketa balidazio sistema bezala nahiko herren gelditzen dela, eta bat nator. Hasteko, bertso ona zer den edo bertsolaritza zer den, kanon bakarra ez dagoelako. Agian garai batean bai, baina gaur egun ez. Akordio hori dibertsifikatzen ari da, eta oso positiboa da. Horrekin batera, nabaria da lehia testuinguru batean genero perspektiban zer hobetua badagoela.

Berdin belaunaldi berriekin?

Bai, berdin. Badauka amets amerikarraren ukitu hori: bat-batean 20 urterekin iristen zara finalera, eta ate guztiak zabaltzen zaizkizu. Baina ez dut uste txapelketak gaur egun horretarako balio duenik, batez ere gure aurreko belaunaldiek hor jarraitzen dutelako eta gure belaunaldikook ere bai. Esango nuke bertsotan adin batetik aurrera ematen dela norberaren onena, publikoaren adinak ere norbere adinarekin bat egiten duenean, hor konektatzen duela bertsolariak bere buruarekin, eta autoritatea ere hor onartzen zaigula. Ez da maila kontua bakarrik; autoritatea noiz onartzen zaigun, adinak asko markatzen du. Ez dakit gaur egun txapelketak hori dena ordezkatu dezakeen, erakusleiho bat izan daitekeen.

Zer beste erronka ikusten dituzu aurrera begira?

Bertsogintzaren garapenari dagokionez, Gipuzkoan ikusten da oso inguru geografiko konkretuetako bertsolariak izan garela fase batetik aurrera pasatu garenak. Garapen horri begira, ez dakit zenbateraino den txapelketa plataforma egokia oreka hori mantentzeko, eta zenbateraino beste eremu batzuk landu behar diren.

Amaitzeko, nire partetik antolakuntzan aritu direnei eskerrak eta zorionak. Uste dut oso ondo joan dela txapelketa eta bere helburuak bete dituela, baina ez zait iruditzen txapelketak bakarrik bertsolaritzaren garapena bermatu dezakeenik. Imajinazioari tiratzea dagokigu; bertsolaritza oso leku onean egonagatik ere, jauzi kualitatibo bat emateko unean gaude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna