Inigo Astiz
ANALISIA

Durangoren negatiboa

2020ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Zehatza bezain poetikoa da irudia, baina izarren argitasunean izaten diren distira beherakada periodikoei esker izaten dute astronomoek gure galaxiatik kanpoko planeten berri. Aldian aldiko itzalaldi txiki horrek laguntzen ditu haien neurria eta orbita kalkulatzen. Negatiboan. Eta, hain zuzen, ohiko Durangoko Azokarik egin ahal izan ez den urteak erakutsi du argien Durangoko Azokaren benetako neurria eta bolumena. Sortu duen hutsunearen bidez. Urte osoko tentsioaren eta etengabeko moldaketen ostean, nagusiki digitala izan den edizioa antolatu du aurten Gerediaga elkarteak, eta denda digitalean ia 28.000 disko eta liburu erosiz erantzun diote kulturazaleek salbuespenezko egoerari. Hunkituta azaldu dira berotasun horrekin antolatzaileak, eta ez da gutxiagorako. Ezohiko egoera honetan ohiko salmenten erdiak egitera iritsi dira argitaletxe batzuk, eta ohiko salmenten laurdenen bueltara zenbait diskoetxe. Balentria baten pare ospatzeko modukoa da antolatzaileen esfortzua eta jasotako erantzuna, baina, hain justu, salmenta datuen alderaketa horrek ematen du Durangon salmentaz aparteko guztiak esan nahi duenaren neurria.

Salmenta guztiak webgunean zentralizatzeak datu guztiak zehatz xehatzeko aukera eman die aurten antolatzaileei, baina ez dago aurreko urteetako kopuruei buruzko datu kontrastaturik. Kalkuluak egin daitezke, halere. Gerediaga elkarteak Siadeco ikerketa etxearekin batera iaz ezagutarazitako azterketaren arabera, batez beste, 48 euroko gastua egin baitzuen 2018an Durangoko Azokak jasotako 115.000 bisitarietako bakoitzak. Biderkatu bi datuak, eta 5,5 milioi euro inguru da kopurua. Urrun, oso urrun, aurten denda digitalean egin diren batez besteko 53 euroren 7.800 salmentek ematen duten 413.400 euroko kopurutik. 5 milioi euroko distantzia kalkulatura, zehazki.

Noski, ezberdin erosten da webgune batean eta azoka batean. Eta, seguruenik, inoiz baino gehiago lerratu du horrek balantza izen ezagunen alde. Kontserbadoreago jokatzen da sarean. Baina garrantzitsua da aurreikusitakoaz aparteko erosketa hori, batez ere, erreferentzialtasuna lortzea hain zail duen euskal kulturaren moduko kultura batentzat. Ezagun ez diren sortzaileentzat zailagoa da zabalpena, eta sorpresarako tarte txikiagoa du hartzaileak ere. Aurrez ere bozgorailua falta dutenei kalte egiten die gehien digitaltasunak. Baina salmenta datu dirdiratsuen itzal bat baino ez da hori, agian, aurtengoaren moduko salbuespenezko azoka batean.

Leire Lopez Susa argitaletxeko editoreak egunotan egunkari honetan bertan azaldu duenez, arriskutsua da merkatu irizpideei soilik erreparatzea, halere, kulturak erraz egiten baitie gainezka merkatu irizpideei, eta, gehienetan kuantifikatzeko zailagoak diren bestelako elementuak ere hartu behar baitira kontuan. Eta aurtengo Durangori falta izan zaion Durango osoa sartzen da hor. Bertako kulturgileen arteko solasaldi interesgarriak zein interesatuak. Euskal kulturari lekurik eskaini ohi ez dioten hedabideetan muturra azaltzera iristen diren erreportajeak. Oharkabean deskubritutako egileak. Ikasle Egunetako korrikaldi axolagabe orokortuen artean txanponak banan-banan kontatuz egindako erosketa puntual bakoitzak eragiten duen zirrara. Pasilloetako iritzi trukeak. Emakumezko idazleek elkar ezagutzeko antolatutako bazkariak. Aspaldiko lagunak, adiskideak eta beste hainbat etsai ikusi ahal izatea. Zuzeneko emanaldiak... Euskal kulturaren pareko ikusgarritasun eta dentsitate arazoak dituen kultura baten kasuan hain garrantzitsua den igurtzi hori guztia, alegia.

Hain justu ere, horregatik da esanguratsua salmenta datuen alderaketa. Salmenta datuez haragokoak irudikatzen dituelako. Oraingoan, harrapatu ezin den horren guztiaren garrantzia nabarmentzen baitute kopuruek. Durangoko Azoka saltoki izateaz aparte den hori guztia azaleratzen du aurreko azoka presentzialetatik aurtengo azoka digitalera doan bost milioi euroko distantzia horrek. Teleskopioko itzalgune horretan ikusten da argien merkatu irizpideak gainditzen dituen Durangoko Azokaren orbita osoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.