PLAN BAT MARIJAIAREKIN. Sandra Llano. Konpartsakidea

«Jaiak guk geuk sortzen ditugu, nahi dugun eran»

Txomin Barullo konpartsak 40 urte bete ditu aurten, eta Llanok bost urte daramatza bertan. Politikan eta mugimendu feministan murgilduta, bete-betean bizi du urteko asterik luzeena.
ARITZ LOIOLA / @FOKU

Uxue Gutierrez Lorenzo -

2018ko abuztuak 22
Sandra Llano (Karrantza, Bizkaia, 1988) orain hamabi urte heldu zen Bilbora, eta bost urte daramatza Aste Nagusia barrenetik bizitzen. Lagunek eskatuta, txandak egiten hasi zen, eta jakin-minez erabaki zuen konpartsakide izatea. Hurbiltasun ideologikoa dela-eta aukeratu zuen Txomin Barullo.

Larunbateko suziriarekin hasi zen festa, eta Marijaiak banan-banan ireki zituen txosnak.

Guk, aurten, 40. urteurrenaren ospakizunari keinu eginez, Gabon zaharreko kotilioi antzeko bat irudikatu dugu. Atzerako kontaketa egin genuen kanpaiekin, eta jaiari hasiera eman diogu.

Zer da ezinbestekoa zure Aste Nagusian?

Uniformea: oinetakoak eta galtzerdiak. Egunez beharbada bai, baina gauez Aste Nagusian sandalietan ateratzea arrisku bat da. Baita edalontzia eta sokatxoa ere. Nik mosketoi batekin lotzen dut edalontzia. Edalontzia ezinbestekoa da; egunero erosten duzu, eta gero etxean pilatzen zaizkizu. Hori da uniformea: gona, oinetakoak, edalontzia, mosketoia eta konpartsako kamiseta. Aste Nagusirako bakarrik erabiltzen dut hori, urtean hamar egunez, eta kito.

Txupinazoarekin hasten da konpartsakide baten Aste Nagusia?

Nire plana egun batzuk lehenago hasten da, muntaketan. Eta Aste Nagusian bertan, gu txupinazoaren aurreko orduetan hasten gara azken detaileak lotzen eta ixten. Margotzeko geratzen den zerbait, edalontziak falta direla, garagardoa ez dela ailegatu... Eguneko lehenengo orduetan kaosa nabari da. Kaos hori pasatuta, bazkaria egiten dugu txupinazoaren aurretik. Bazkari hori baliatzen dugu konpartsara sartu den jende berriari ongi etorria egiteko, aitzakia gisa. Bazkaria bukatuta, konpartsa guztiek kalejira egiten dugu, Bilbo Zaharreko plazatik hasi eta Arriagara. Aurten 40 urte betetzen ditugun konpartsek batera egin dugu, bata bestearen atzean. Normalean, beste ordena bati jarraitzen zaio, baina aurten lau hamarkada horien ospakizuna irudikatu nahi izan dugu.

Txomin Barullo da Aste Nagusiaren sortzaileetako bat. Ardura da hori?

Egia esan, ni 50.ean pentsatzen ari naiz jada, epe luzera begira. Baina egia da, gure konpartsak irabazi zuen duela 40 urte Aste Nagusiaren proposamena egiteko lehiaketa zabaldu zenean; beraz, badago ardura hori. Aste Nagusiaren eredua eta Aste Nagusia nola ulertzen ditugun... Ardura hori badaukazu, esentzia eta espiritua mantentzeko ardura.

Konpartsakide izateak jaiak bizitzeko zure era aldatu du?

Bai. Jaiak ez ditut era berean bizitzen. Lehen, lagunekin trago batzuk hartu, kontzerturen batera joan eta etxera joaten nintzen. Normalean, jaiak gauez bizi nituen, kontuan izan gabe goizez gauza pila bat daudela. Orain, konturatu naiz egunean ere gauza asko daudela antolatuta. Gehienetan, gainera, eguna interesgarriagoa da gaua baino. Orain, festa beste modu batean ikusten ditut.

Edonor izan daiteke konpartsakide?

Konpartsetan ez dagoen jendeak pribilegiatutzat jotzen gaitu, ez dute ondo ulertzen zer egiten dugun hor. Baina konpartsa batean edozein pertsonak parte har dezake. Zure herriko jaietan era zuzenean parte hartzea da konpartsakide izatea. Jaiak guk geuk sortzen ditugu, nahi dugun eran. Beste herri batzuetan, erakundeek antolatzen dituzte, eta ez da gauza bera. Guk herriarentzako jaiak nahi ditugu, guretzako jaiak. Horretarako, geuk egin eta antolatu behar ditugu. Horrela, zure gain hartzen duzu jendeak ondo pasatzeko ardura. Batzuetan presio apur bat ere bada, baina azkenean oso ondo pasatzen dugu, eta giro oso ona egoten da.

Eskari berezirik egiten diozu Marijaiari aurten?

Gutxienez beste hamar urte. Eta, noski, erasorik ez egotea. Azkenengo urtean, azken hilabeteetan, kasu oso larriak egon dira. Hala ere, ez dut uste gero eta gehiago daudenik, baina gero eta gehiago salatzen dira. Jai parte hartzaileak, euskararen presentzia handiagoa, eraso gutxiago... Gauza asko, egia esan.
Uxue Gutierrez Lorenzo

Informazio osagarria