Ameriketako Estatu Batuak, hegoaldeko auzoen begietatik

Miarritzeko Latinoamerikako Kulturen 29. Festibala irailaren 28an hasiko da, astelehenarekin, eta urriaren 4ra bitarte iraunen du. 50 film izanen dira ikusgai bertan

Jonathan Perel argentinarrak zuzenduriko Responsabilidad empresarial filma irailaren 29an izanen da ikusgai, 11:15ean. JONATHAN PEREL.
Joana Ibargarai Leritza.
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Aurten ere, Miarritzeko Latinoamerikako Kulturen Festibala egingo dute Miarritzeko Kasinoan (Lapurdi). Koronabirusak baldintzatu badu ere, ekitaldia izanen dela baieztatu dute antolatzaileek, atzo goizean egin duten aurkezpenean. Ospakizuna mantentzeko hainbat arrazoi aipatu dituzte, eta, horien artean, Hego Amerikan jasaten ari diren krisia azpimarratu dute, behin eta berriz. «Elkartasuna erakutsi nahi diegu», erran du Serge Forh jaialdiko zuzendariak.

Hala, aldaketa zenbait egin behar izan dizkiote hastapenean pentsatutako programazioari, baina usaiako hiru lehiaketak eginen dituzte: film laburrena, film luzeena eta dokumentalena. Eta, beti bezala, fokua puntu jakin batean jarri du festibalak: iaz Patagonian ezarri zuen; aurten, berriz, Ameriketako Estatu Batuetan. Amets amerikarra bazterrera utziz, Hego Ameriketatik iparrera migratzeak sor dezakeena erakutsiko dute pantailan. «Gibelean uzten duguna eta galtzen duguna, hori da beti berriz aurpegiratzen zaiguna. Iraganaren eta orainaren arteko nahasketa da, hegoaren eta iparraren arteko nahasketa», Nicolas Azalbert programazio arduradunaren hitzetan. Testuinguru horretan loratu diren sorkuntzak hautatu ditu Azalbertek; kapitalismoak ekarritako zapalkuntzetan murgildurik, hainbat «kontraesan» ikusi ahalko dira aurtengo foku bereziaren pean.

Hamar film izanen dira gai horren islatzeko. Lindsey Corderok eta Armando Crodak eginiko I'm leaving now izanen da horietatik bat. 16 urtez AEBetan bizitzen egon ondoan, etxera itzuli beharra duen mexikar baten ibilbidea kontatzen du film horrek. Harreman hautsiak, minak eta sufrimenduak aipatzeaz gain, etxean ere arrotz sentitzea zer den erakutsi nahi izan dute bi egileek.

Bestalde, Memorias del desarrollo filma ere azpimarra daiteke —Miguel Oyulak egina du—. New-Yorken bizi den Kubako idazle bat du protagonista. Kubako historia irakasten du horrek, eta, bere pentsaketa eta praktika artistikoen bidez, Kuba eta AEBen artean gertatutakoa erakusten du filmak.

Lehiaketak eta bestelakoak

Koronabirusaren ondorioz, usaian baino film gutiago erakutsiko dituzte Miarritzen. Eta horibi arrazoirengatik: alde batetik, segurtasun neurriak errespetatzeko; bestetik, beste orduz baino film gutiago igorriak izan baitzaizkie antolatzaileei. Usaiako kopuruari konparatuz, %30 apaldu da. Hortaz, lehiaketetan ere izanen dira aldaketak.

Fikziozko film luzeen sailean, adibidez, bederatzi film baizik ez dira sartuko lehian. «Hamargarrena bukatu gabea da, eta erabaki dugu den bezala erakustea, lehiaketatik kanpo, ongi laburbiltzen baitu bizitzen ari garen egoera», Azalberten erranetan. Hala, oroitarazi du krisia «gogor» pairatzen dutela Hego Amerikan, eta film grabaketa gehienak eten direla. Hautatu dituzten filmek usaiaz bestelako ikuspegi bat eskaintzen dutela uste du. «Ikusteko eta ulertzeko errazak dira, badute umore anitz».

Dokumentalen lehiaketan, hamar izanen dira lehian, gehienak artxiboetan oinarrituak. Egungo egoera «ulertzearen» beharretik eginak izan direla uste du Azalbertek. Iragana eta oraina josiz, historiaren kontatzeko behar bat badela gehitu du. Eta bi aipatu ditu: Kolonbiako «bake prozesuaz» egina izan den La niebla de la paz filma eta Jonathan Perelen Responsabilidad empresarial. Argentinako diktadura denboran gertatutakoez ari da bigarren dokumental hori, eta, zehazkiago, militarrek eta beste hainbat enpresa buruk izandako harremanez. Isilduak izan diren interes ekonomikoak argitan ezarri ditu Perelek, eta gaur egun oraindik bizi-bizian den sistemaren ustelkeria salatzen. Militar eta polizia batzuk kondenatuak izan baziren, egileak erakutsi du nola enpresaburu zirenak garden atera diren horretatik. «Irauten duten interes neoliberalak eta beti irauten duen borroka eta memoria oposatzen ditu».

Jaialdiko hirugarren lehiaketarentzat, film laburrenarentzat, bi ardatz bereizi ditu Azalbertek: orain arteko «segida» erakusten duena eta «haustura» markatzen duen beste bat.

Lehiaketetatik kanpo ere izango dira beste emanaldi batzuk. Bost film estreinatuko dituzte, erraterako, eta Kimuak proiektuko beste lau film labur ere erakutsiko dituzte: Artiko, Labo, Leyenda Dorada eta Medvedek.

Literaturari ere egin diote lekua, Ariana Harwicz, Eduardo Fernando Varela eta Jorge Gonzalez idazleak gonbidatuta. Eta Luis Sepulveda idazle hil berriari omenaldi berezia eginen diote urriaren 1ean, haren hurbileko Carmen Yanez —Sepulvedaren alarguna—, Anne-Marie Metailie eta Daniel Mordzinski lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.