Ezohiko ospakizuna Araban

Beste jai askoren moduan, Arabako San Prudentzio jaiak ere bertan behera utzi dituzte. Dantzariak, musikariak eta festazaleak etxean geratu dira, datorren urtean jaiak ospatu ahalko diren itxaropenaz.

Josu Sanchez. Mulixka dantza taldeak bi urtetik behin erretretan dantzatzen du. BERRIA.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun

Egun berezia da gaur Araban: San Prudentzio eguna. Arabako patroiaren eguna ospatzen dute herrialde historikoan. Gaurko egunez, ordea, ez da elizkizunik goiztiarrenentzat, ez familientzako dantzaldirik Armentiako zelaietan. Ohorezko Araba zortzikorik ere ez du jasoko santu «txizatiak». Gaur, berdin du ohiturari jarraikiz euririk egingo duen edo ez. Aurten, santuak birusarekin topo egin du.

Tradizioaren arabera, San Prudentzio eguneko bezperan, iluntzean, festarako deia egiten du erretretak. Jose Miguel Nanclaresek erretretan parte hartzen du 2000. urteaz geroztik, atabalari gisa. «Sekulakoa da». Irakaslea da lanbidez Nanclares, eta, beraz, Prudentzio patroiaren omenezko ospakizunak eskolako ekitaldiekin batera hasten ditu. Arratsaldean, udaletxera joaten da jantziak prestatzeko, eta, zortziak aldean, jaiari hasiera ematen diote Gasteizko Plaza Berrian, eta Probintzia plazan gero. Erretretan ez ezik, danborradan ere jotzen du, fanfarrearekin: «Erretreta bukatzen denean, azkar afaltzen dut danborradarako prestatzeko, ia astirik gabe».

Danborradarekin goizeko ordu txikitan bukatzen dutela azaldu du Nanclaresek, baina hurrengo egunean goizean goiz jaikitzen da, Araba izeneko zortzikora joateko. «Goizaldeko hirurak arte ibiltzen gara danborradarekin, baina ezin gara asko luzatu, hurrengo egunean ere jotzen baitugu». Jaiaren bezperan eta egunean bertan hara eta hona ibili ohi dela adierazi du atabalariak: «Ia 24 orduz aritzen naiz festan murgildurik».

Aurtengo ekitaldiak bertan behera geratu direnez, etxetik «ezer gutxi» egin daitekeela esan du, eta gehitu du akaso musika jarriko duela gaur balkoitik. Hala ere, baikor eta gogotsu azaldu da datorren urteko ospakizunari begira: «Aurten ezin badugu egin, datorren urtean aterako gara jotzera».

Dantzariak ezin taularatu

Josu Sanchez ere erretretan aritzen da, baina oholtza gainean, dantzan, Mulixka dantza taldearekin batera. «Urtero ez dugu ardura hori. Bi urtetik behin, gutxi gorabehera», azaldu du. Mulixka taldea «nahiko berria» dela azaldu du, eta zehaztu du lehenago ere beste talde batzuekin aritu dela erretretan; haren kasuan, orain dela zortzi urte dantzatu zuen aurrenekoz Plaza Berriko taulan.

Arabako Foru Aldundiak urtero dantza talde bat izendatzen du erretretako dantza ikustaldiaren ardura izateko: «Urtarrilerako zehazten dute normalean, eta orduan hasten gara prestatzen». Aurten ere, haien esku egongo zatekeen jaiaren hasierako ekitaldia, pandemiarengatik izan ez balitz. «Arabako produktu» bat eskainiko zutela adierazi du Mulixka dantza taldeko kideak: «Arabako dantza tradizionalak ukitu berritzaileekin nahasten dituen ikuskizun bat genuen prestatua, Eduardo Moreno Guardiako musikariak egindako moldaketekin». Taldearentzat urteko emanaldietan «garrantzitsuenetako» bat dela dio Sanchezek, ikusgarritasunari dagokionez, publiko zabalari heltzen baitzaio ikuskizuna: plazako jendetzari eta, hedabideen bitartez, haien berri izan dezakeenari.

Pena nagusitu da dantza taldeko kideen artean, ezin izango baitute hilabeteetako lana aurkeztu. Hala ere, ziurtatu ezin duten arren, Arabako Aldundiak ikuskizuna mantentzeko prestasuna azaldu duela esan du Mulixkako kideak, eta itxaropentsu dago, hurrengo urteko erretretan parte hartzeko aukera «handia» dutelako.

Aurtengo hainbat ekitaldi, ordea, beste modu batez egingo dituzte. Atzo, zortziak aldera, burrunba hotsak nagusitu ziren. Gasteiztarrek danborradaren ohiturari eutsi nahi izan diote beste urte batez ere, aurtengoan balkoietatik eta leihoetatik izan bada ere. Leire Betolazaren gidaritzapean egin zuten. Larrialdi egoera baino lehen, Danbor Nagusi izendatu zuten Betolaza. Danborradaren 40 urteko ibilbidean, emakume bat estreinakoz.

Izendapena emakumeen presentzia gero eta handiagoa izatearen ondorioa dela uste du Betolazak berak: «Normala da. Gero eta emakume gehiago gara, eta horrekin batera iritsi da Danbor Nagusiaren rola emakumeok ere jokatu ahal izateko aukera». Atzo, baina, ezin izan zuen San Pudentzio eguneko bezperako danborrada zuzendu.

Hala ere, Danbor Nagusi izendatu berriak ezin izan zion ezetzik eman Batera zaintza sarearen proposamenari. Ideia «zoragarria» iruditu zitzaion balkoietako danborrada, eta «gustu handiz» zuzendu zuen egitasmoa. «Aldez aurretik zerbait egitea pentsatu nuen», esan du Betolazak. Aitzitik, bultzadatxoa zaintza saretik iritsi zitzaiola azaldu du. Era berean, Bateratik sortutako danborradaren balioa azpimarratu nahi izan du: «Halako muturreko egoera batean egon behar izan dugu bizilagunekin harremanetan jartzeko. Egitasmo hau komunitatetik sortu da, eta komunitatearentzat, mundu guztiak parte har zezan».

[youtube]https://youtu.be/s-kD-lhBdco[/youtube]

Balkoiak, lepo

Deialdiaren arrakasta ezin da ukatu. Danborrada prestatzeko bideo sorta bat zabaldu zuten aurreko asteetan, eta ehunka lagunek ikusi zituzten zuzeneko saioak. Gainera, milaka ikustaldi izan dituzte danborra eta jantziak prestatzeko bideoek ere. Ezohiko egitasmo horrek izandako harrerarekin «pozik» azaldu da Betolaza, kaleak betetzeko aukera eman zuelako, balkoietatik izan bazen ere. Gaizki pasatzen ari direnentzako mezu bat ere bidali du danborradako zuzendariak: «Hemen gaude bat izan zen atzokoa». Era berean, espero du datorren urtean dagokion moduan bete ahalko duela bere betekizuna, Probintzia plazatik.

Elkarte gastronomikoetan ere eragin du pandemiak. Perretxikoak eta barraskiloak izaten dira menurik ohikoena Arabako patroiaren egunean. Elkarte gastronomikoak jendez lepo egon ohi dira. Gaur, berriz, giltzapean, ilun eta hutsik egongo dira lokalak. Eibartarra den arren, Aitor Buendia gasteiztar bihurtu da Arabako hiriburuan daramatzan hogei urteetan. Hura ere erraz egokitu da patroiaren omenezko jaietara, eta Ametza elkarte gastronomikoko lagunekin batera biltzen da mahaiaren bueltan: «San Prudentzio egunean, 50 bat lagun biltzen gara elkartean, eta bapo jaten dugu».

Inoiz saiatu izan da Eibarkoa otordu tipikoa etxean prestatzen: «Behin bakarrik prestatu ditut barraskiloak etxean. Behin, eta nahikoa. Izan ere, lan handia ematen duela adierazi du, eta ildo horretatik erantsi du «mukiak kendu eta kendu» aritu zela. Familiarekin Armentiako giroa ikustera joaten da normalean, eta danborradan ere aritzen da, Ametzako bazkideekin. Hain zuzen ere, harro aitortu du Ametza elkartea izan zela danborradaren sustatzailea, eta haiekin batera atera ohi dela burrunbara. Gaurko egunagatik «triste» dagoela azaldu du, baina «are tristeago» dagoela COVID-19aren ondorioz joan direnengan prentsatzen duenean. Testuingurua zein den ulertuta, aurtengo ospakizuna bertan behera uztearekin bat datorrela aitortu du, eta datorren urteko ospakizunerako «irrikan» dagoela.

Aldundia, festarekin bat

Arabako Foru Aldundiak ere ezohiko egitaraua prestatu du. San Prudentzio jaien eta Estibalizko Andre Mariaren jaien harira, Arabako jaiak, etxez etxe egitasmoa martxan jarri du. Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko diputatuak jaiak larrialdi egoeran ospatzeko alternatibak aurkeztu ditu: «Jaiak ospatu behar direla uste dugu, baina egoerarekiko errespetuz. Garatu dugun komunitate izaera omentzeko modua da hau».

Del Valek esan du hainbat kolektibotatik sortutako ekitaldiak «ongi etorriak» direla, eta #ArabakoJaiakEtxezEtxe kanpainaren barruan egiteko deia egin du. Halaber,egun hauetarako bideo ugari kaleratu ditu Arabako Foru Aldundiak: Arabako diputatu nagusiaren hitzaldi instituzionala, haurrentzako ikuskizunak, perretxikoak eta barraskiloak prestatzeko bideoak, eta baita pregoi birtuala ere. Ikus-entzunezko horiek guztiak ikusi ahalko dira Arabako Foru Aldundiaren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.