Hamar urte Mikel Laboa gabe. Diskografia

Bat, hiru, sei, hamabi, hamalau...

1960ko hamarkadan lehen disko laburrak grabatzen hasi eta 2005ean 'Xoriek 17'-rekin agur esan zuenera arte, Mikel Laboak herri kantan, testuen egokitzapenean eta esperimentazioan oinarrituriko corpusa osatu zuen. Elkarrek bere lan guztiak berrargitaratu ditu kutxa batean bilduta
BERRIA

Mikel Lizarralde -

2018ko azaroak 25

'BAT-HIRU' (1974)

Musikariak: Mikel Laboa, Jose Mari Zabala, Alfredo Rodriguez, Juan Jose Tarragona, Txomin Artola, Begoña Agirre eta Antton Valverde.

Azala: Jose Luis Zumeta

Diskoetxea: Herri Gogoa.

Urte hartan argitaratu ziren: Bertso zaharrak (Antton Valverde, Julen Lekuona, Xabier Lete), Oro laño mee batek (Benito Lertxundi), Lurdes Iriondo (Lurdes Iriondo), Xabier Lete (Xabier Lete).

Gitarraren laguntza hutsarekin grabatutako lau disko txikirekin aurkeztu zuen bere burua Mikel Laboak 1960ko hamarkadan, bere ibilbidean jorratuko zituen bide batzuk erakutsiz. Haietan agertzen ziren hainbat herri kanta (Oi Pello, Pello, Bereterretxeren kanthoria, Haika mutil), baina baita euskal idazleen (Gabriel Aresti, Joxean Artze, Daniel Landart) nahiz kanpokoen (Bertolt Brecht) moldaketak ere: Apur dezagun katea, Zure begiek, Zilbor hesteak, Gaberako aterbea... 1970eko hamarkadan sartuta, eta Ez Dok Amairuren ibilbidea amaituta, disko hirukoitz batean bildu nahi izan zituen Laboak ordura arte grabatutako kantuak nahiz berriak —horietako asko Ikimilikiliklik ikus-entzunerako prestatuak—, baina zentsurak ez zion baimendu Brechten testuetan oinarritutako bigarren diskoa, eta Bat-Hiru izenburua bera horren testigantza gisa gelditu zen. Nolanahi ere, eta aurrenekoz musikari talde batek lagundua, bere ibilbidea ardaztu zuten hiru zutabeak gorpuztu zituen diskoak: herri kantuen berreskuratzea (Txinaurria, Xori erresiñula), poeta garaikideen musikatzea, batik bat Artzerena (Baztan, Gure bazterrak) eta hitz nahiz musika bidezko esperimentazioa (Lekeitioak). Disko bikoitz honetan dago, gainera, Laboaren kanturik sinbolikoena: Txoria txori.

'LAU-BOST (1980)

Musikariak: Mikel Laboa, Jose

Mari Zabala, Antton Valverde,

Antton Fernandez, Txomin Artola,

J.A. Ontoria, J.A. Borbolla, Isabel

Loroño eta Gonzalo Muga.

Azala: Jose Luis Zumeta.

Diskoetxea: Xoxoa.

Urte hartan argitaratu ziren: Otsoa dantzan (Izukaitz), Plazarik plaza (Oskorri), Katebegiak (Enbor), Ezekiel (Itoiz), Asfaltuko lorea (Akelarre).

Franco hil ondorengo urteetan asko ugaritu ziren kantaldiak, eta Laboak ere kontzertu mordoa eman zituen, 1978an atseden hartzea erabaki zuen arte —1984ra arte ez zen itzuliko oholtzetara—. Isilune hori, halere, ez zen erabatekoa izan, Lau-Bost disko bikoitza prestatzeko baliatu baitzuen. Bat-Hiru-n finkatutako bideetan sakondu zuen Laboak diskoan, herri kantuak berreskuratuz —Kantuz, Oi Pello Pello—, poeten lanetara joz —Xabier Leteren Izarren hautsa eta Haizea dator ifarraldetik; Artzeren Martxa baten lehen notak—, eta esperimentazioa landuz — Orreaga (Lekeitio 6)—. Azken esparru horretan sartzen da, era berean, Komunikazio-inkomunikazio (Lekeitio 5), 1977an Bilboko Casillan emandako kontzertu batean estreinatutako konposizio berritzaile eta apurtzailea. Gainera, Bi izan behar zuen disko hartatik Brechten hainbat testu berreskuratu zituen diskorako: Liluraren kontra, Langile baten galderak liburu baten aurrean eta Dialektikaren laudorioa. Konponketa musikaletan ere aurrera egin, eta lehen aldiz pianoa erabili zuen.

'6' (1985)

Musikariak: Mikel Laboa, Iñaki Salvador, Jexux Artze, Andoni Aleman, Eduardo Salvador, Alfredo Rodriguez, Urszula Wejman eta Carlos Itoiz.

Azala: Jose Luis Zumeta.

Diskoetxea: Elkar.

Urte hartan argitaratu ziren: Agur t'erdi (Errobi), Espaloian (Itoiz), Bihotzerreak (Ruper Ordorika), Hau dena aldatu nahi nuke (Hertzainak), Oroituz (Imanol).

Iraganarekin hautsi gabe, aurrerapauso nabarmena eman zuen Laboak 6 diskoarekin. Iñaki Salvador pianista kolaboratzaile estuena bihurtu zitzaion; ondorioz, kantariaren musika jazz moldeetara gerturatu zen, eremu horretan trebatutakoa baitzen Salvador, eta tango baten egitura ere baliatu zuen Lizardi piezan. Lehenengoz, Bernardo Atxagaren (Lizardi) eta Joseba Sarrionandiaren (Sorterriko koblak) testuetara jo zuen —espetxean zegoela bidali zion Sarrionandiak koaderno bat hainbat testuarekin Laboari—, eta Leteren bi hitz ere musikatu zituen, Ihesa zilegi balitz eta Negu hurbilak. Horietaz gain, Bentara noa herri kanta, Itsasoa eta lehorra lekeitioa eta hainbat pasarte instrumental bildu zituen: Haika mutil-en gainean egindako pianorako moldaketa, Denbora galduaren bila eta Estudioa.

'12' (1989)

Musikariak: Mikel Laboa, Iñaki Salvador, Josetxo Silguero, Eduardo Salvador, Mikel Valcarlos eta Adrzej Olejniczak.

Azala: Jose Luis Zumeta.

Diskoetxea: Elkar.

Urte hartan argitaratu ziren: Barkatu ama (M-ak), Joxemai Beltza (Jotakie), Datorrena datorrela (Oskorri), Tapiatarren trikitixa (askoren artean), Beti gogor, beti mozkor (O.K. Korral), Kantuz (Beñat Axiari, Ulrich Gumpert eta David Holmes), Muga beroetan (Imanol), Ikusi eta ikasi (Delirium Tremens).

Ordura arte ondutako lekeitio guztiak bildu zituen Laboak Lekeitioak disko bikoitzean (1988), eta berehala kaleratu zuen 12, 6-ren bidean sakondu, eta jazzaren eragina inoiz baino ageriago erakusten zuen lana. Berriro ere Salvadorrek lagundua, Atxagaren bi poema musikatu zituen, oso modu ezberdinean musikatu ere. Antzinako bihotz, tronpetak eta pianoak gidatutako pieza, diskoko une hunkigarrienetakoa bilakatu zuen; Galderak-i, berriz, lekeitioen esperimentazioa dario, nahiz eta lekeitio bat ez izan —espazio hori Cherokee (Lekeitio 8)-ri dagokio—. Sarrionandiaren testu batera ere jo zuen diskoko beste une inportante batean (Lili bat), eta 1969an lehen aldiz grabatutako Brechten kantu bat ere berreskuratu zuen jazz molde nabarmenarekin: Gaberako aterbea. Jazzak diskoan duen garrantziaren erakusle, Thelonius Monken Round Midnight-en moldaketa ere egin zuten.

'14' (1994)

Musikariak: Mikel Laboa, Iñaki Salvador, Josetxo Silguero, Eduardo Salvador, Aitor Landeta, Jexux Artze, Joseba Urzelai, Carlos Itoiz, Pedro Caldeira, Joseba Tapia, Hristo Voutchkov, Haizezkur saxofoi laukotea.

Azala: Jose Luis Zumeta.

Diskoetxea: Elkar.

Urte hartan argitaratu ziren: Mendebaldeko euskal baladak (Hiru Truku), Hipokrisiari Stop! Bilbo 93-X-30 (Negu Gorriak), Lehertzeko garaia (Bap!), Presoak S.O.S. (Etsaiak), Atlantic River (Juan Carlos Perez), Mundu hegian (Sorotan Bele).

Atzera begira, aurrera egiteko. 14 diskoan bere hastapenetan grabatutako hiru kantu berreskuratu zituen, Goizuetan herri kantua —1966an Goiztiri diskoetxeak kaleratutako disko laburrean agertu zena aurrenekoz—, Artzek idatzitako Gure bazterrakBat-Hiru-n agertzen zena—, eta Baga-biga-higa lekeitioa, bi bertsiotan emana, jatorrizkoari lotuagoa lehena, eta jazz kutsu nabarmenekoa eta ahotsik gabekoa bigarrena. Horiei gehitu behar zaie Assentiré de grat, Salvador Espriuren poema baten gainean katalanez eta Kataluniaren omenez 1966an idatzitako kantuaren bertsio gaurkotua. Baina 14-k badu beste protagonista ageriko bat: Joseba Sarrionandia. Harenak dira diskoko lau kanturen hitzak: Hegazti errariak, Ñao, es tu, faculdade de sentir, Oroitzen zaitudanean, ama —Joseba Tapiaren trikitiak zipriztindua—eta Gure oroitzapenak. Eta ohiturari uko egin gabe, lekeitio berri bat ere sartu zuen diskoan, Mugak (Lekeitio 9), Camaron de la Islaren eta John Cageren omenez.

'ZUZENEAN' (1997)

Musikariak: Mikel Laboa, Iñaki Salvador, Josetxo Silguero, Eduardo Salvador, Aitor Landeta, Jexux Artze, Joseba Urzelai, Carlos Itoiz, Joseba Tapia, .

Azala: Jose Luis Zumeta.

Diskoetxea: Elkar.

Urte hartan argitaratu ziren: Ireki ateak (Fermin Muguruza eta Dut), Anari (Anari), Bada hiri gorri bat (Lorelei), Berri Txarrak (Berri Txarrak).

Laboaren lehenengo zuzeneko diskoa izan zen, eta kantariaren alderdi guztiak erakusteko balio izan zuen. Han ziren herri kantuak (Goizuetan, Txinaurria), poeten egokitzapenak (Ihesa zilegi balitz, Galderak, Lili bat, Antzinako bihotz...) eta baita lekeitioak ere: Baga-biga-higa, Mugak eta Komunikazio-inkomunikazio apurtzaile bat. Kantuak Gasteizko Principal antzokian grabatu zituzten Korrika 95en barruan, eta baita Donostiako Viktoria Eugenian 1996ko martxoan emandako kontzertu batean ere. Aurretik inoiz grabatutako pieza bat ere ageri da diskoan, Tony Williamsen Pee-Wee jazz doinua.

'GERNIKA-ZUZENEAN 2' (1999)

Musikariak: Mikel Laboa, EGO, Donostiako Orfeoia, Iñaki Salvador, Josetxo Silguero, Jexux Artze, Pello de la Cruz, Luis Camino, Joseba Tapia, Pascal Gaigne eta Iker Goenaga.

Azala: Jose Luis Zumeta.

Diskoetxea: Elkar.

Urte hartan argitaratu ziren: Ikasten (Berri Txarrak), Inshala (Alaitz eta Maider), 3 (Pi.L.T), Amets bat (Petti).

1999ko abuztuan Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eta Musika Hamabostaldiaren barruan emandako kontzertu bat jaso zuten disko honetan. Saio berezia izan zen, ohiko kolaboratzaileez gain, Euskal Herriko Gazte Orkestra, Donostiako Orfeoia eta hainbat errezitatzaile ere aritu baitziren kontzertuan. Laboaren alderdirik esperimentalena gailentzen da —Txinaurria-ren bertsio instrumentala da horren adibide esanguratsua—, eta beste musikari batzuek aurretik grabatutako herri piezak berreskuratu zituzten: Elgeta (Iker Goenagak grabatua 1998an) eta Ezpata dantza, Jexux Artze, Pello de la Cruz, Mikel Artola eta Iker Muguruza txalapartariek Sakanatik harbaila ttipira diskoan (1999) argitaratu zutena. Kiromantzidxa lekeitio berriarekin batera, Txoria txori-ren bertsio sinfonikoa nabari da.

''60AK+2' (2003)

Azala: Jose Luis Zumeta.

Diskoetxea: Elkar.

Urte hartan argitaratu ziren: Aitzina (Jean Bordaxar), Kea (Rafa Rueda), Karidadeko Benta (Karidadeko Benta), Libre (Berri Txarrak), Desertore (Oskorri).

1960ko hamarkadan argitaratutako kantu guztiak, eta garai hartan egin baina geroago grabatutako beste hiru biltzen ditu diskoak. Batzuk jatorrizko grabazioak dira (Amonatxo, Aurtxo txikia, Egun da santi Mamiña, Ituringo arotza), eta beste batzuk, berriz, hurrengo hamarkadetan egindako grabazioetatik daude aterata (Haika mutil, Liluraren kontra, Goizuetan). Horiei gehitu behar zaizkie 70eko hamarkadan egindako beste bi kanta: Izarren hautsa eta Martxa baten lehen notak. Txoria txori-ren bertsioa 1976an egindako 24 orduak euskaraz jaialdian jasotakoa da.

'XORIEK 17' (2005)

Musikariak: Mikel Laboa, Iñaki Salvador, Josetxo Silguero, Iosu Izagirre, Hasier Oleaga, Dani Perez, Eduardo Baranzano, Carlos Itoiz, Lisabö, Mixel Etxekopar, Alasdair Fraser, Et Incarnatus...

Azala: Jose Luis Zumeta.

Diskoetxea: Elkar.

Urte hartan argitaratu ziren: Gelditu denbora (Ken Zazpi), Gose (Gose), Disko infernu (Gatibu), Duna (Sorkun), 40 urtez ikasten egonak (Benito Lertxundi).

Estudioko grabazioei dagokienez, 2005ean 11 urteko etenaldia hautsi zuen Laboak bere azkeneko lana izan zenarekin. Hiru ataletan banatua, beretzat garrantzitsuak izandako idazle, kantari, kantu eta kontzeptuak omentzeko baliatu zuen. In memorian zatian, inspirazio iturri izan zituen hainbat egileri aitorpena egin zien: Jacques Brel (Ne me quitte pas), Atahualpa Yupanqui (Piedra y camino), Jexux Artze (Loha-loa), Billie Holiday (Billie Holiday in memoriam)... Xoriek atalean, txoriak izan zituen inspirazio iturri (Xoxo beltza, Txoria txori —hariek gidatutako bertsio instrumentalean—, Xoriak). Azkenik, Sarrionandiaren Sustraiak han dituenak poema egokitzeaz gain, aurretik grabatutako beste bi kantu berreskuratu zituen bertsio berrietan: Galderak eta Langile baten galderak liburu baten aurrean. Azken horretan, Xabier Montoiak eta Ruper Ordorikak lagundu zuten Laboa kantuan. Eta hiru atal horien artean ezkutatzen da agian ohiko jarraitzaileari harrigarriena gerta dakiokeen kantua: Orduan. Atxagaren testua ahots hari ia hauskorrarekin hasten da errezitatzen Laboa, pianoaren eta gitarraren laguntza hutsarekin. Kantu erdian, baina, Lisabö taldea sartu, eta sare elektriko trinko baten azpian ezkutatzen da melodia. Belaunaldien arteko talka-elkarketa.

'LEKEITIOAK' (2007)

Azala: Jose Luis Zumeta.

Diskoetxea: Elkar.

Urte hartan argitaratu ziren: Anek idatzi dit zutaz (Mikel Urdangarin), Konplizeak (Jabier Muguruza), Esperantzara kondenatua (Gari).

Aurretik ere (1998an), Elkarrek bilduak zituen Laboaren lekeitioak bilduma batean, baina 2007an kantariaren «alderdirik esperimentalena» bere osotasunean jaso zuen. Ordurako estudioko diskoetan bildutako hainbat grabazioz gain, badira disko bikoitzean artean ezezagunak ziren bertsioak ere. Hala, Baga-biga-higa-ren hiru aldaera ageri dira: 1974ko grabazioa, 1992an Iñaki Salvadorrek eginiko bertsio instrumentala, eta 1999an grabatutako bertsio sinfonikoa. Era berean, Gernika-ren hiru moldaketa dakartza bildumak: lehen bertsioaren bi grabazio; sarrerarik gabea bata, 1976an Suediako Telebistak grabatutakoa, eta 1988ko grabazioa bestea. 1999ko bertsio sinfonikoa da hirugarrena.

'MIKEL LABOA (1934-2008)'

(2009)

Zuzendaria: Mari Sol Bastida.

Azala: Arturo Delgado.

Diskoetxea: Elkar

Laboa hil eta urte erdira kaleratu zuten hari buruz Mari Sol Bastidak zuzendutako dokumentala. Haren «bizitza eta obra» biltzen ditu filmak, ezagutu zuten hainbat lagunen testigantzak ez ezik (Koldobika Jauregi, Iñaki Salvador, Ruper Ordorika, Lluis Llach, Anari, Raimon...), kontzertuen filmaketak ere jasoz. Bitxikerien CD bat ere jasotzen du bildumak. Hor ageri dira Langile baten galderak... eta Antzinako bihotz pista batean bat eginda; Galderak II, Josetxo Silgueroren saxoa protagonista duen bertsio instrumentalean; Baga-biga-higa moldaketa sinfonikoan, eta Atxagak Laboaren omenez zuzenean errezitatutako poema: Beti lagun.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna