Finantzen Euskal Kontseilua. Zerga bilketa

Zerga bilketako gehigarria gastu publikoa handitzeko erabili nahi dute erakundeek

Espero baino 120 milioi euro gehiago batuko dituzte ogasunek aurten, inoiz baino gehiago. Gastu araua «oztopo» dela eta, kexu azaldu dira ordezkariak

Zerga bilketako gehigarria gastu publikoa handitzeko erabili nahi dute erakundeek.
aitor biain
Gasteiz
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Euskal ekonomia indartsu dagoen seinale dira azken urteetako zerga bilketak. Markak hautsi baititu azken hiru urteetan. Krisi aurreko kopurua berreskuratu ez ezik, hura gainditu ere egin zuen bilketak 2017an eta 2018an. Eta aurten ere ez da gutxiagorako: inoizko bilketa handiena izango dela aurreratu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek: 15.386 milioi euro. Hots, iaz jasotakoa baino 120 milioi euro gehiago. Datua adierazgarria da, urte osoan bilketa esperotakoaren atzetik joan delako, eta hazkundearen motelaldiaren zantzuak agerikoak direlako. Ekonomiaren egoera ona baliatu nahi dute erakundeek gastu publikoa handitzeko, eta bide hori hartzeamugatzen dien gastu araua malgutzea eskatu dute ahaldun nagusiek.

Finantzen Euskal Kontseiluak bilera egin zuen atzo, Gasteizen. Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako eta Eudeleko ordezkariak bildu ziren urteko zerga bilketaren itxiera eta datorren urtekoaren aurreikuspenak hitzartzeko. Aurreneko aldia zuen, hain zuzen, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Euskadiko Udalen Elkarteko lehendakari gisa. Harekin batera izan ziren Angela Egia Gordexolako (Bizkaia) alkatea eta Nagore Alkorta Azpeitikoa (Gipuzkoa). Nolanahi ere, ez zuten topaketa zaila izan, ogasunetakoteknikariek aldeko datuak aurkeztu zizkietelako, 2019rako ez ezik, baita 2020rako ere. Bilera laburra izan zuten.

Aurten zerga bilketa nabarmen handituko da iazkoaren aldean, eta lehen aldiz gaindituko du 15.000 milioi euroren langa. Aurreko urteko datuekin alderatuta, %2,7 egin du gora bilketak; hots, 2018an baino 382 milioi euro gehiago sartuko dira foru ogasunen kutxetara. Hazkundea esperotakoa zen, baina ez hainbesterako. Izan ere, dena ondo bidean, iazko urriko bileran kalkulatutakoa baino gehiago handituko da: %0,8 gehiago, alegia. Dirutan, 120 milioi euro gehiago da hori.

Datuak adierazgarriak dira. Izan ere, urteko lehen zazpi hilabeteetan %1,3ko hazkundea zuen bilketak soilik, iragarritakoaren %1,9aren azpitik: esperotakoa baino gutxiago batu da. Urte osoan indarra galduz joan da bilketa, halaber, eta zerga kanpaina nagusiak amaituta, ez zen espero hazkundea hainbesterainokoa izatea. Are gutxiago, iragarritako %3,8ko igoera horretara iristea eta gainditzea.

Lan merkatuaren egoerarekin lotu du igoera hori Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak, eta aurreikuspen «zuhurrak» egin izanarekin. Haren hitzetan, langabezia jaitsi izanak eragin nabarmena izan du bilketa gehigarrian, eta baita soldaten igoerak ere. Sailburuaren datuen arabera, itunpeko batez besteko soldatak %2tik gora ari baitira handitzen.

Hain zuzen, errenta kanpaina onak izan du eraginik handiena bilketan. Aurreikusitakoa gainditu baitu hiru lurraldeetan: %4,7 egin du gora guztira. Hau da, 200 milioi gehiago jaso da orotara. Gora egin du BEZak ere; zertxobait apalago, ordea: %1,7 gehiago jaso baita 26 milioi inguru. Behera egin du, ordea, sozietate zergak: %10 gutxiago biltzea espero da denera 151 milioi gutxiago. Foru aldundiek, ordea, ez diote garrantzirik eman datuari: «Aldea txikia da».

Heldu den urtean ere haizea aldeko izatea espero da, eta aurreikuspenak hobetu egingo dira. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunek aurreratu dute 2020an are gehiago handituko dela zerga bilketa. Guztira, aurten jasotakoa baino %2,5 gehiago izango da. Kopuru osotan, 15.767,8 milioi euro da hori, inoizko bilketa handiena; aurten baino 382 milioi gehiago, zehazki. Bi zerga nagusien bilketak gora egitea espero da, lanaren errentari egiten zaizkien atxikipenak eta BEZak: hurrenez hurren, 239 milioi eta 105 milioi gehiago jasotzea aurreikusten baita. Enpresen irabaziei ezarritako sozietate zergak, ordea, aurten bezala behera egingo du, eta kalkulatu dute hogei milioi inguru gutxiago sartuko dela hiru ogasunen kutxetara.

Gastua handitu nahi

Bilketaren zatirik handiena Eusko Jaurlaritzaren eskuetan geratuko da (%70), eta horren arabera hasiko da datorren urterako aurrekontuak taxutzen. «Datuak ezagututa, marrazten hasiko gara orain. Ezin dugu besterik esan oraingoz, baina dirua badaukagu aurrekontu onak egiteko. Landu egin behar ditugu orain, eta akordioak egin beste talde batzuekin», adierazi du Azpiazuk. Proposamena hilaren 22an onartuko du gobernuak, eta hilaren 25ean eramango du Eusko Legebiltzarrera.

Ez alferrik, aurrekontuak luzatuak ditu Iñigo Urkulluren gobernuak, eta bozak ate joka diren honetan, ez dirudi legebiltzarrean akordiorik lortuko duenik. Iaz ezinezkoa izan bazen, legealdiaren azken urtean ere ez dirudi sorpresa handirik egongo denik. Espainiako Gorteetako hauteskundeen ondorioz ere negoziazioak atzeratu behar izan dituela aitortu baitu berriki sailburuak.

Batutakoarekin, Jaurlaritzak ez luke arazorik izango Madrilekin adostutako gastu araua bete eta defizit gabeko aurrekontuak aurkezteko. Hau da, gastua ez litzateke handituko %2,9 baino gehiago urte batetik bestera. Hori horrela, kutxa betetzeko edota zorra kitatzeko bideratuko luke gobernuak diru sarreretan jasotako diru hori. Sailburuak adierazi du gastu arau hori, baina, «oztopo» dela, eta aldatu egin beharko litzatekeela, «kontu saneatuak» baitituzte euskal erakundeek, eta, beraz, badute tartea inbertsioetan gehiago jartzeko. «Uste dut alda daitekeela. Ekonomia bultzatzeko beste tresna batzuk beharko baitira, orain artekoak funtzionatu ez badu. Eta uste dut gastu publikoa handitzearena oso garrantzitsua dela gure kasuan».

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak ere hori bera berretsi du. Adierazi du administrazioak baduela gastua handitzeko adina diru: «Batutako diruarekin soilik, gastua %3,5 handitu dezakegu. Guk jasotakoa bertan inbertitu ahal izatea eskatzen dut». Bat egin dute eskaera horrekin Markel Olano Gipuzkoakoak ere: «Gure ereduan sakontzeko ahalegina egin behar dugu, zerumugan laino beltzak ikusten badira ere. Etxeko lanak eginak ditugu». Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, berriz, azpimarratu du«zuhurtziaz eta tentuz» jokatu behar dela, datuak onak badira ere. Izan ere, nahiz eta hazkundeak jarraitu egingo duela espero, oraindik ez dago jakiterik nazioartean gertatzen denak izan dezakeen eragina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.