Lo zakuekin, mediku euskaldun baten zain

Itxialdia egin dute hainbat euskaltzalek Iruñeko Arrotxapea auzoko osasun etxean, euskarazko zerbitzua exijitzeko. Auzia Nafarroako Gobernura eramateko konpromisoa hartu du Osasunbideko buruak.

Osasun Etxeak eta Biok Euskaraz herri ekinbideko kideak, atzo, Arrotxapeko osasun etxean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2016ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Ez zarete hor geldituko, ezta?». Harridura aurpegiak nagusi ziren atzo arratsaldean, Arrotxapeko osasun etxeko harrerako langileen artean. Ez zen gutxiagorako: zortzi lagun sartu ziren kontsultategian, burua, besoak nahiz hankak bendaz lotuta, eta lo zakuak eskuetan. Osasun etxeak eta biok euskaraz irakur zitekeen paretan itsatsi zituzten afixetan. Eraikinaren kanpoaldean eskegitako pankartan ere, aldarri bera, are argiago: Mediku eta pediatra euskaldunak orain. Itxialdia egin nahi zutela esan zieten harrerako langileei, «Arrotxapeko osasun etxean ezinezkoa baita zerbitzua euskaraz jasotzea».

Izan ere, Iruñea eremu mistoan egon arren, hainbat osasun etxetan urratu egiten dira euskal hiztunen eskubideak, ez baitago zerbitzua euskaraz bermatuko duen profesionalik. Ez familiako medikurik, ez pediatrarik. «Hori guztia salatzera etorri gara, eta gobernuari euskaldunon eskubideak berma ditzala exijitzera», azaldu zuen Osasun Etxeak eta Biok Euskaraz herri ekinbideko ordezkari Nestor Estebanek, itxialdiaren hasieran.

Atzokoa ez zen arrotxapearrek antolatzen zuten lehen protesta ekintza. «Apirilean hasi ginen geure kexak Osasunbideko arduradunei igortzen, mediku euskaldunak ekar zitzaten». Osasun etxeko zuzendariak erantzun zien, gutun bidez: zentroko lanpostuetan euskara ez zela betekizun, eta Nafarroako Gobernura jotzeko. «Ekainean, gobernuarekin harremanetan jartzen saiatu ginen; eta, horren ostean, baita gobernua babesten duten lau indar politikoekin ere, baina, oraingoz, EH Bildu izan da harrera egin digun bakarra».

Kaleratzeko agindurik gabe

Lo zakuak zabaldu eta lurrean eseri ziren manifestariak. Hor igaro nahi zuten gau osoa. Protesta hasi eta ordubetera, ordea, Foruzaingoa heldu zen. Aurpegia estalita zeramaten, borra eta kaskoa eskuan. «Lasai, zuek egon lasai», errepikatzen zien Estebanek eserita segitzen zuten auzokideei. Lasaitasunak, ordea, gutxi iraun zuen. «Ez nazazu grabatu! Ez grabatzeko esan dizut!», oihu egin zion polizietako batek protesta grabatzen ari zen gazte bati.

Manifestariek deliturik egin ote zuten galdetu zieten foruzainek zentroko langileei. «Indarkeria, mehatxuak... halakorik gertatu al da?». Ezetz erantzun zieten. Deliturik antzeman ezinik, zentroko arduradun baten baimena behar du Poliziak auzokideak kanporatzeko; atzo, baina, osasun etxeko zuzendaria ez zegoen han.

Itxialdia hasi zenetik bi ordura bertaratu zen Osasunbideko zuzendari Luis Gabilondo. Foruzaingoko komisarioarekin eta osasun etxeko arduradun batekin hitz egin zuen lehenbizi, eta lurrean eserita segitzen zuten manifestariekin batzartu zen gero.

Estebanek bileraren ostean azaldu zuenez, auzia Nafarroako Gobernura eramateko konpromisoa hartu zuen zuzendariak: «Medikuen hizkuntza eskakizunak ezartzea ez dagokio Osasunbideko zuzendariari, Nafarroako Gobernuari baizik, baina gure aldarrikapenak gobernuari helarazi eta bilera bat antolatuko dutela esan digu Goñik, egoera konpontzen saiatzeko». Konpromisoarekin konforme, itxialdia bertan behera utzi zuten bizilagunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.