Goiak Espainiari eskatu dio bere «errealitate plurinazionalari» erantzuteko

Jon O. Urain -

2018ko urriak 9
Autogobernua «eguneratzeko helburu zilegiaren» aurrean, Espainiako Estatuak ezin dio «guztiari ezetz» erantzun, Eneko Goia Donostiako alkatearen iritziz. Izan ere, uste du jokabide horrek eragin duela Katalunian «egoera jasanezina» izatea, eta, horregatik, estatuari eskatu dio erantzun diezaiola «bere errealitate plurinazionalari, politikatik eta demokraziatik». Goia Madrilen emandako hitzaldi batean mintzatu zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politikoa gaurkotzeko beharraz: «Euskadi bere bidea egiten ari da. Denok jabetzen gara zailtasunez, baina hutsegite larria litzateke estatua gai ez izatea partaidetza sentimendu ezberdinak dituen errealitate plurinazionalari erantzuteko».

Gaia ahotan izan zuen Denis Itxaso Gipuzkoako ahaldun nagusiordeak ere. Harentzat, «negozio negargarria» litzateke Euskal Autonomia Erkidegoak Kataluniak estatus politikoaren alorrean eginiko bideari jarraitzea. EAJrekin diputazioan eginiko koalizioak «ongi» funtzionatu badu ere, Itxasok ohartarazi zuen PSE-EEk ez duela parte hartuko «kale itsuetara edo txirotzera daramaten planteamenduetan». Ildo horretan, Markel Olano ahaldun nagusiari zuzendu zion kritika: «Inbidia erakusten du Katalunian bizi duen egoerarekin».

Barkos-Sanchez bilera 31n

Autogobernuan sakontzea da Nafarroako Gobernua sostengatzen duen laukoaren nahia ere. Izan ere, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria Espainiako Gobernuko presidentearekin batzartzekoa da urriaren 31n, eta Geroa Baiko, EH Bilduko, Ahal Dugu-Orain Baiko eta Ezkerrako bozeramaileek Barkosi eskatu diote balia dezala bilera hori Sanchezi eskatzeko Nafarroaren esku utz ditzala hari dagozkion eskumenak. Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak, adibidez, espero du Madrilek bilera horren aurretik kentzea «inbertsio bideragarriei ezarritako blokeoa».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna